Euskal ekoizpen nabarmenak, Ventana Sur jaialdian

Euskal ekoizpen nabarmenak, Ventana Sur jaialdian

2022 Azaroa 28

Euskal zinemaren indarra agerian jarri dute, beste behin ere, aurten estreinatu eta etengabe sariak eskuratzen ari diren hainbat ekoizpenek. Lan horiek kritikarien eta ikusleen iritzi bikainak jasotzen ari dira bai jaialdietan, bai zinema-aretoetan eta bai plataformetan. 

Euskal zinemaren indarra agerian jarri dute, beste behin ere, aurten estreinatu eta etengabe sariak eskuratzen ari diren hainbat ekoizpenek. Lan horiek kritikarien eta ikusleen iritzi bikainak jasotzen ari dira bai jaialdietan, bai zinema-aretoetan eta bai plataformetan. Horren erakusgarri dira ‘Cinco lobitos’, ‘Irati’, ‘Unicorn Wars’, Netflix-eko ‘Intimidad’ telesaila edo estreinatu berri den ‘Tetuán’, besteak beste. Estatuko eta nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan egindako ibilbide bikainari esker, hain zuzen, Annecy edo Berlinale bezalako erakusleiho nabarmenetan estreinatu ahal izan dituzte.

Gainera, gaurtik aurrera, euskal zinema eta Basque. Audiovisual. plataforma, euskal ikus-entzunezkoen sektorea nazioartean hedatzeko marka –euskal ekoizpenak edo ekoiztetxeak mundu osoko merkatu eta jaialdietan sustatzeko aterkia–, Buenos Aireseko Ventana Sur jaialdian egongo dira, animazioko zein fikziozko lau proiektu garrantzitsurekin.

 

Uniko ekoiztetxea izango da, zalantzarik gabe, Estatuko ordezkari nagusietako bat. Alde batetik, Bilboko enpresa bere aurtengo apustu handienetako batekin bertaratuko da, ‘Unicorn Wars’ filmarekin, hain zuzen ere. Alberto Vázquezen azken lanak mundu estreinaldia izan zuen 2022ko Annecy jaialdiko Sail Ofizialean, eta beste zinemaldi garrantzitsu askotan ere parte hartu du, hala nola Sitgesko Zinemaldian edo Los Angelesko Animation Is Film Festival jaialdian. Era berean, Ivan Miñambresek, filmaren ekoizleak, ‘Unicorn Wars: hartzatxoekin eta adarbakarrekin animaziozko zinema belikoa ekoiztearen epika’ izenburudun hitzaldia eskainiko du abenduaren 1ean, 17:30etik 18:30era, Auditorium 2 aretoan. Bertan, Miñambresek film luzearen ekoizpen prozesua azalduko du, anbizio handiko nazioarteko koprodukzio honetan gainditutako erronkak eta prozesuak aztertuz.

 

Garapen fasean dauden proiektuak

Bestalde, Annecyko Nazioarteko Animazio Zinemaldiaren eta MIFA azokaren eskutik, Buenos Airesen izango da, halaber, ‘El sueño de la Sultana’ proiektua. Animation! Work in Progress 2022an parte hartzeko hautatutako Latinoamerikako bost tituluetako bat da. Lana Argentinako merkatura iritsiko da European Work in Progress Cologneren TorinoFilmLab Audiences Design Award saria jaso ondoren, eta Film Bazaar (the IFFI – International Film Festival India Market) jaialdian parte hartzeko hautatua izan ondoren. Han, Isabel Herguera zuzendari donostiarraren proiektua Film Bazaar Recommends (FBR) gomendioen zerrendan hautatua izan zen.

 

Azkenik, Ivan Miñambres ekoizlea eta Unikoko lantaldea Maria Luquero zuzendariaren ‘Titan Tofu’ proiektuarekin izango dira bertan. Anímate! by Spanish Screenings lehiaketatik kanpoko atalean parte hartuko du lanak.

 

Gainera, Proyecta sailak, Latinoamerikaren eta Europaren arteko koprodukzioak sustatzea helburu duen Ventana Sur, Marché du Film eta Donostia Zinemaldia hitzorduek elkarlanean antolatutako ekimenak, Helena Tabernaren eta Lamia Producciones ekoiztetxearen ‘Us’ proiektua aukeratu du aurtengo ediziorako.

 

Beste proiekzio batzuk

Spanish Screenings On Tour ekimenaren helburua da Espainiako ikus-entzunezkoen industria nazioartean indartzea eta aukera berriak zabaltzea. Topaketak hainbat euskal lan hautatu ditu atal desberdinetan parte hartzeko. Alde batetik, Market Screening-etan proiektatzeko aukeratu dituzten 18 lanen artean ‘La consagración de la primavera’ filma dago. Kowalski Films enpresak ekoitzitako Fernando Francoren azken lanak azken Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean izan zuen bere mundu mailako estreinaldia.

Era berean, urte desberdinetako pelikulak sustatzen jarraitzeko asmoz, 12 filmez osatutako ‘remake’-a egingo da. Horien artean hiru euskal lan ditugu: Ana Murugarren zuzendari nafarraren ‘García y García’ (Blogmedia, 2021); Hartiz Zubillagaren eta Basque Films ekoiztetxearen ‘El ataúd de Cristal’ (2017); eta, azkenik, Sayaka Producciones enpresaren partaidetza duen Borja Cobeagaren ‘Pagafantas’ (2009) filma.