ProfesionalakOinarriak

1- ONURADUN IZATEKO BALDINTZAK

1.1. Fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak dituzten emakumezko zuzendari emergenteek eta emakumezko produktore emergenteek (produkzio-etxe batean lanean egon daitezke ala ez) osatzen dituzten emakume taldeei zuzentzen zaie Noka Ekoizpena. Beraz, honako hauek aurkeztu ahal izango dira:

a- Euskadin, Nafarroan eta Iparraldean jaio edo bizi diren emakumezko zinema-zuzendari hasiberriak (lehen edo bigarren film luzea). Gidoi guztiz garatu batekin bakarrik sartu ahal izango dira programan.

b- Produkzio-etxeak, emakumezko produktore hasiberri baten ordezkari gisa (lehen edo bigarren film luzea produkzio eragileko lanetan), enpresan lan-kontratu bat duena eta egoitza fiskala Espainian duena.

c- Emakumezko produktore independente berriak (lehen edo bigarren film luzea produkzio eragileko lanetan), egoitza Espainian dutenak.

1.2. Produkzio-etxerik ez duen zuzendari baten sorkuntza-proiektu bat aurrez hautatzen bada, emaitzak argitaratu aurretik matching prozesu bat egingo da eskabidea proiekturik gabe eta aurrez hautatutako proiektuaren antzeko interesekin aurkeztu duten produkzio-etxeekin. Programara sartu ahal izateko ezinbesteko baldintza da taldea konfiguratzea.

1.3. Deialdi honetara aurkezten diren parte-hartzaileek honako baldintza eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

- Zerga-betebeharrak egunean izatea, hala badagokio.

- Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, hala badagokio.

- Parte-hartzaileak eta/edo ordezkariak ez izatea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, ezta horretarako desgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

1.4. Programa honetan ezin izango dute parte hartu enpresa beretik datozen emakumezko bi produktorek. Era berean, produkzio-etxe bat duten proiektuek ere ezin izango dute parte hartu, enpresa horrek osatu beharreko taldearen barruan etorkizuneko produktore bat aurkezten ez badu.

1.5. Hautatutako proiektu bakar batek ere ezin izango du aldi berean parte hartu beste edozein laborategitan. Era berean, hautatutako emakumezko sortzaileak eta produktoreak ezin izango dira aldi berean hautatuta egon proiektua garatzeko beste edozein laborategi, inkubategi edo programatan.

2- DEIALDIA ETA PROIEKTUAK HAUTATZEA  

2.1. Proiektuak jasotzeko deialdia zabalik egongo da 2025eko urtarrilaren 7tik otsailaren 12ra (eguerdiko 12:00ak arte). 2025eko otsailaren 28an, programan parte hartzeko hautatutako bi proiektuak jakinaraziko zaizkie, zuzenean hautatutakoei, eta Zineuskadiren webgunean argitaratuko da albistea.

2.2. Hautaketa-batzordeak kide hauek izango ditu: Itsaso Arana, zuzendaria, Valerie Delpierre, eta Chelo Loureiro produktoreak, Mercedes Selgas, kostu-kontrolatzailea, Sara Hernández, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiko koordinatzailea, eta Mar Izquierdo, Zineuskadiko koordinatzaile nagusia.

2.3. Hautaketa-prozesuan, batzordeak hautagairen bat elkarrizketatu ahal izango du, aurkeztutako informazioa areagotzeko.

3- IZEN EMATEA ETA AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

3.1. Noka Ekoizpenean behar bezala izena emateko, PDF formatuko dosier bat aurkeztu beharko da info@zineuskadi.eu helbide elektronikoan. Informazio hau jasoko du:

a. Zuzendarien kasuan:

  • 1 orrialdea: proiektuaren fitxa teknikoa. Izenburua, zuzendaritza, fikzioa / ez-fikzioa, produktorea, halakorik balego, eta formatua (16 mm, adibidez), CVa eta filmografia. Euskadin, Nafarroan edo Iparraldean jaio edo bizi izatearen ziurtagiria edo errolda.
  • 2. orrialdea: Gidoi osoa.
  • 3 eta 4. orrialdeak: Asmo gutuna. Film hori sortzeko arrazoiak edo motibazioak.

b. Ekoiztetxeen kasuan (fisikoak edo juridikoak):

  • 1 orrialdea: bere ibilbidearen CVa, eta produktorea enpresa baten eskutik badator, enpresa horren CVa ere bai.
  • 2. orrialdea: lortu nahi duen edo garatzeko interesgarria izan daitekeen proiektu mota.
  • 3 eta 4. orrialdeak: asmo-gutuna, ekoitzi nahiko luketen proiektu idealari buruzkoa.
  • 3 eta 4. Orrialdeak bis: eskabidea aurkezten duena produkzio-etxe bat bada, programan parte hartuko duen profesionalarekin egindako lan-kontratua, eta lortutako zuzkidura ekonomikoa mentoretza-prozesuak irauten duen artean pertsona horren soldatarako erabiltzeko idatzizko konpromisoa.

c. Zuzendarien eta ekoizleen kasuan:

  • 5 eta 6. orrialdeak: hautaketa-batzordearekin partekatu nahi dituen eta bere proiektua hobeto azaldu dezaketen beste material batzuk: estekak, argazkiak, audioa, Vimeorako estekak eta abar.
  • 7 orrialdea: NANaren edo identifikazio-agiri ofizialaren kopia. Produktoreen kasuan, IFKaren kopia.
  •  8. orrialdea: zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

3.2. Dokumentazioa euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztu ahal izango da. Edonola ere, kopia bat gaztelaniaz aurkeztu beharko da, euskaraz ez dakiten mentoreek balorazioa egin dezaten.

3.3. Hautaketa prozesuan jarraitzeko ezinbestekoa da parte-hartzaileek deialdian eskatutako dokumentazio guztia aurkeztea. Dokumentazioa behar bezala aurkeztu ez bada, 10 egun naturaleko epea izango dute, Zineuskadik dokumentazioa zuzentzeko mezu elektronikoa bidaltzen duenetik aurrera.

4.- HAUTATZEKO IRIZPIDEAK

4.1. Puntuazioa honako irizpide hauen arabera emango da:

A- Sorkuntza-proiektuaren balorazioa:

  • Proiektuaren interesa (10 puntu gehienez). Historia, genero-tratamendua eta aniztasuna baloratuko dira.
  • Proiektuaren kalitate artistikoa (gehienez 20 puntu). Proposamen formala, hizkuntza zinematografikoa eta aurkeztutako gidoiaren azken bertsioa baloratuko dira.
  • Proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 5 puntu).
  • Eskatzaileen ibilbidea eta profila (gehienez 5 puntu).
  • Asmo-gutuna: 3 puntu.
  • Noka Mentoringetik sartzeak 5 puntu emango ditu zuzenean.
  • Euskarazko proiektuek 2 oinarri-puntu izango dituzte.

B- Ekoizpen-zatiaren puntuazioa:

  • Produkzioan egindako ibilbide profesionala eta, enpresa batetik badator, enpresaren ibilbidea. Mentoretza banakatzen den faseetan lortutako maila izango da CVtik bereizten duena. 15 puntu gehienez.
  • Mentoretza horretan parte hartzeko asmoa, interes-gutun bat eta produzitu nahi dituen proiektu motak. Esperientzia horretatik zer lortzea espero duen. 15 puntu gehienez.
  • Produkzio-etxeak Euskadin egoitza badu, 5 puntu.
  • Pertsonak ikus-entzunezko produkzioan egin duen prestakuntza-ibilbidea, 10 puntu gehienez.

 

4.2.- Zineuskadik beretzat gordetzen du deialdia partzialki edo osorik hutsik uzteko eskubidea.

5.- EZ BETETZEAK

5.1.- Deialdi honen oinarrietako edozeinetan ezarritako epeak betetzen ez badira, justifikatutako arrazoirik gabe, emandako laguntzak eten ahal izango dira, eta adjudikaziodunak jasotako laguntzak itzuli beharko ditu, hala badagokio.

Zineuskadik beretzat gordetzen du proiektu bakoitzeko ordezkarien parte-hartzea berrikusteko eskubidea, eta, hala badagokio, edozein unetan amaiera emateko eskubidea. Laguntza ekonomikoa jaso eta programa amaitu baino lehen programatik kanpo geratzen diren parte-hartzaileek laguntza horren zenbateko osoa itzuli beharko dute.

5.2.- Deialdi honen xede den programan parte hartzeko hautatutako proiektuetatik sortzen diren ikus-entzunezko lanen banaketa eta aurkezpen publikoan, programan parte hartu izana aipatu beharko da, Zineuskadiren markak, logotipoak eta izen komertzialak (adibidez, kredituetan) eta Basque. Audiovisual. markarenak sartuta.

5.3.- Parte-hartzaileek moduluak garatuko diren espazioen erabilera-arauak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute, baita mentoreekin konprometitutako ordutegiak betetzekoa ere.

5.4.- Ez betetzeko kausa izango da proiektuaren kontzeptualizazioan edo garapenean adimen artifiziala erabiltzea.

5.5.- Ez betetzeko kausak izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen (abenduaren 21eko 20/2023 Legea) 36. artikuluan jasotakoak.

6.-JABETZA INTELEKTUALA

6.1. Parte-hartzaile guztiek bermatu behar dute jatorrizkoak izango direla eta ez dituztela jabetza intelektualaren eskubideak urratuko, ez deialdi honen esparruan aurkeztutako ikus-entzunezko proiektu, dokumentu eta materialek, ezta, hautatuak izanez gero, deialdi honetan parte hartzen duten bitartean sortutako beste edozeinek ere.

6.2. Oinarri hauek onartzean, hautatutako parte-hartzaileek baimena ematen diote Zineuskadiri laborategiko proiektuaren garapenean sortutako eta/edo hari emandako dokumentu eta material testualak, grafikoak eta/edo ikus-entzunezkoak gaur egun ezagutzen den edozein euskarritan erabiltzeko, deialdia, haren edukia eta emaitzak edozein kanaletan eta doan ezagutarazteko eta eskuragarri bihurtzeko helburu bakarrarekin. Beraz, Zineuskadik ahalmena izango du edozein kanalen bitartez jendaurrean erakusteko eta komunikatzeko, bai proiektua garatzen den bitartean, bai proiektua amaitu ondoren, mugarik gabe.

Aurretik aipatutakoak ez die kalterik egingo egilearen eskubide moralei eta jabetza intelektualaren ondare-edukiari dagozkion eskubide guztien titulartasunari, baldin eta aipatutako dokumentu eta material testual, grafiko eta/edo ikus-entzunezkoei badagozkie. Izan ere, sortu dituzten parte-hartzaileenak izango dira aurrerantzean ere.

6.3.Parte-hartzaile bakoitzak Zineuskadiren aurrean erantzungo du, deialdi honen esparruan aurkeztutako proiektu, dokumentu eta material testual, grafiko eta/edo ikus-entzunezkoen eta, hautatuak izanez gero, deialdian parte hartu bitartean sortutako dokumentu eta material testual, grafiko eta/edo ikus-entzunezkoen inguruan, hirugarrenek jabetza intelektualari buruz aurkez dezaketen edozein erreklamazioz. Halaber, kontzeptu horien inguruan izan litezkeen erreklamazioetatik Zineuskadirentzat erator daitezkeen kalte-galera guztien ordaina eman beharko diote erakunde horri.

6.4. Osagarri gisa, eta Zineuskadiren markak, logotipoak eta/edo izen komertziala erabili ahal izateko, erakunde horrek dagokien lizentzia emango die hautatutako parte-hartzaileei, elementu horiek ustiatzeko. Lizentzia hori ez da esklusiboa, eta doakoa eta besterenezina izango da, eta bere proiektuen ondoriozko ikus-entzunezko lanen banaketa eta komunikazio publikorako aurkezpenean sartzera mugatuko da.

7.- DATUEN BABESA

7.1.Aplikatzekoak izango dira 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

7.2.Datu pertsonalak ematea beharrezkoa da; beraz, datu horiek ematen ez badira, ezin izango da laguntza publikoa eskatu eta proiektuan parte hartu.

7.3.Oinarri hauek onartzean, parte-hartzaileek baimena ematen diote Zineuskadiri emandako datu pertsonalak erakunde horrek eskabidea tramitatu eta kudeatzeko erabil ditzan. Hori guztia eskabidea aurkeztean emandako datuei dagokienez, eta, orobat, hautatuak izanez gero, deialdian parte hartzen duten bitartean ematen dituztenei dagokienez.

7.4. Datu pertsonal horiek komunikatzeko legezko betebeharra duten erakunde eta/edo organismo publikoei jakinaraziko zaizkie.

7.5. Deialdian parte hartzeko hautatutako parte-hartzaileen irudia eta izena hirugarrenei jakinarazi ahal izango zaizkie, Zineuskadiren web-orrian eta/edo erakunde horrek bere jarduerak ezagutzera emateko erabiltzen dituen beste euskarri ukigarri edo ukiezin batzuetan erreproduzituz.

7.6. Zineuskadik parte-hartzaileen datu pertsonalak kontserbatuko ditu haien hautagaitza baloratzeko eta, hala badagokio, deialdi honetako parte-hartzea kudeatzeko hertsiki behar den denboran, baita bere legezko eginbideak betetzeko bete beharreko kontserbazio-epe gehigarrian ere.

7.7. Parte-hartzaileek Zineuskadiri honako hauek eskatzeko eskubidea dute:

  • Beren datu pertsonalak irispidean izatea.
  • Beren datu pertsonalak zuzentzea edo ezereztea.
  • Beren datu pertsonalen tratamendua mugatzea.
  • Beren datu pertsonalak transferitzea, eta haien tratamenduaren aurka egitea.

 

Seigarren puntuan aipatzen diren eskubideak egikaritzeko, kasuaren arabera, arte-hartzaileek Zineuskadiri idatzizko eskabidea zuzendu ahal izango diote info@zineuskadi.eu helbide elektronikoaren bitartez, jakinarazpenak jasotzeko helbidea adierazita eta NANaren kopia erantsita, edo, bestela, erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari edo eskumena duen beste edozein kontrol-agintaritzari, bereziki beren eskubideak behar bezala egikaritu ez direla irizten badiote.

8.- PARTE HARTZAILEEN IRUDI ESKUBIDEAK

Zineuskadiri, dagozkion bitarteko teknikoen bidez, beren irudia eta ahotsa erregistratzeko eta/edo grabatzeko elkarrizketa, prentsaurreko eta "NOKA Ekoizpena" programarekin zerikusia duten beste jarduera batzuen testuinguruan, eta beren irudia, ahotsa eta izena erabiltzeko eta gaur egun ezagutzen diren bitarteko tekniko guztien bidez erreproduzitzeko, edozein euskarri ukigarri edo ukiezinetan, betiere deialdi honen xede den programa, haren edukia eta emaitzak sustatzeko eta ezagutzera emateko helburuarekin. Nolanahi ere, parte-hartzaileei jakinarazten zaie baimen hori edozein unetan baliogabetzeko eskubidea dutela.

9.- OINARRIAK ONARTZEA

Deialdi honetan parte hartzen dutenek, bertan aurkezte hutsagatik, onartu egiten dituzte deialdiaren oinarriak. Eskabidean informazioa falta bada, parte-hartzaileak deialditik kanpo geratuko dira.