
Noka Ekoizpena Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zineuskadik sustatu eta koordinatutako programa da. Programak tutoretza, laguntza eta babesa ematen die Euskadin, Nafarroan eta Iparraldean finkatutako emakumezko zuzendari emergenteen film luzeen proiektuei, azken garapen-fasean eta preprodukzioaren hasieran, produkzio-etxe emergente batekin batera.
Noka Ekoizpena programak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaintzen dizkie parte hartzen duten zuzendariei beren filmen azken garapen-fasean, aurrekontu ahalik eta zehatzena eginez, mentoretzak dirauen artean zinematografiaren esparruan dauden laguntzak prestatzeko aukera izan dezaten, bai Eusko Jaurlaritzarenak, bai ICAArenak (Kultura Ministerioaren Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen Institutua), bai nazioarteko industria zinematografikoaren foro profesionalenak.
Programaren konfigurazioa taldeka egitea aurreikusten da (zuzendari eta produktore bana), baina elkarrekin edo banaka aurkezteko aukera ere izango da. Banakako zuzendari-proiekturen bat aukeratuz gero, hainbat produkzio-etxe proposatuko zaizkio, mentoretza-prozesuan elkarlanean aritzeko. Zineuskadik prozesu hori erraztuko du.
Prozesu osoan lau tutore izango dira, hautatutako bi proiektuen jarraipena programa osoan zehar egiteko. Tutoreak ad hoc aukeratuko dira hautatutako proiektuekin batera. Mentoretzak bi lan-ildo izango dituenez (produkziokoa eta behin betiko gidoia lortzekoa), hautatutako azken bi proiektuen tipologiaren arabera aukeratuko dira tutoreak.
Zineuskadi erakundearen helburu nagusia da Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorea dimentsio guztietan estrategikoki garatzea, eta, ildo horretan, enpresei eta profesionalei Estatu mailan, Europan eta nazioartean garatzen eta hedatzen laguntzea, arreta berezia jarrita hizkuntza gutxituetan egindako produkzioetan eta, bereziki, euskaraz egindakoetan. Zineuskadik programa hau eskaini nahi du, Tabakalerak garatutako Noka Mentoring ekimenari jarraipena ematen saiatzeko, lehenengo Noka honetan sortzen diren proiektuen produkzio efektiboa bilatu nahian, baita hainbat laborategi, inkubategi edo erakundetatik etor daitezkeen beste proiektu batzuena ere. Horrez gain, proiektu horiek pantaila handira eraman ditzaketen etorkizuneko produkzio-etxeak prestatu nahi ditu.
Horregatik, Noka Mentoring film bat egiteko prozesua abiarazteko programa bada, Noka Ekoizpenak haren lekukoa hartu eta bigarren fasea hartzen du ardatz: gidoiaren idazketa osoa amaitzea, aurrekontua prestatzea eta preprodukzioaz geroztik behar den plangintza egitea, filmaketa hasi ahal izateko.
Noka Ekoizpenean garatutako proiektuek Abycine Lanza ekimenean aurkezteko aukera izango dute, pitching profesionalen barruan, laborategiari pitching profesional batekin amaiera emateko.
PROGRAMAREN XEDEA
Noka Ekoizpena programak tutoretza, laguntza eta babesa ematen die Euskadin, Nafarroan eta Iparraldean finkatutako emakumezko zuzendari emergenteen film luzeen proiektuei, azken garapen-fasean eta preprodukzioaren hasieran, egoitza Espainian duen produkzio-etxe emergente batekin batera.
