Euskal zinemak bere indarra erakutsiko du Malagako jaialdian

Euskal zinemak bere indarra erakutsiko du Malagako jaialdian

2022 Martxoa 17

Malagako Zinemaldia, aspaldidanik, Estatuko zinemaren erakusleiho nagusietako bat da, eta euskal zinemagileek beti izan dute parte-hartze garrantzitsu eta nabarmena bertan. Oraingoan, jaialdiak berak eta MAFIZ industria-guneak 20 lan aukeratu dituzte hainbat ataletan esku hartzeko.

Igandean, Carlos Saura Huescako zinemagileari Ohorezko Biznaga emateko galan, jaialdiak bi euskal lan proiektatzea erabaki du, hala nola Saurak berak zuzendutako 'Goya 3 de mayo' film laburra, Gaizka Urrestik (Urresti PC, Aragon TV eta A contracorriente) ekoitzitakoa, eta 'Cinco lobitos' filma. Azken horrek Berlinalen egin zuen mundu mailako estreinaldi arrakastatsua, eta Sail Ofizialean lehiatuko diren hiru euskal filmetako bat da. Halaber, Ibon Cormenzanaren ‘La cima’ (Arcadia Motion Pictures, Dorothy Films, Lazona Films, Aixerrota Films eta Noodles Production), eta Imanol Uriberen ‘Llegaron de noche’ (Nunca digas nunca, Bowfinger International Pictures, Tornasol eta 64-A Films) lanak atal berean lehiatuko dira. Dokumentalak/Film luzeak Sail Ofizialean, berriz, ‘Balika’ filma egongo da, Aitor Sánchez Smith eta Lander Ibarretxeren (Nightwalk Films eta Vereda Studio) azken proiektua.

Film laburrak ere

Animazine – Animaziozko Laburmetraiak Sail Ofizialaren barruan, jaialdiak Pablo Polledri zuzendari argentinarraren eta Uniko Estudio eta Maniac Planet ekoiztetxeen 'Loop' film laburra aukeratu du. Bestalde, Kimuak 2021 katalogoan hautatua izan zen Aitor Oñederrak zuzendu eta ekoitzitako 'Ur azpian lore' lanak ere parte hartuko du. Oñederrarena ez da Malagako Jaialdian egongo den Kimuak katalogoko proiektu bakarra, Fikziozko Film Laburren Sail Ofizialean ikusgai izango baita Mikel Gurreak zuzendu eta Irusoineko Xabier Berzosak ekoitzitako 'Heltzear' lana.

Gainera, sail berean daude Mikel Ruedaren 'Etxean', Zineuskadik itxialdian abian jarri zuen Itxitik deialdira aurkeztutako lana, eta ‘Irrits’, Maider Oleaga zuzendariaren film laburra, Galapan eta Sumendi produkzio-etxeekin sortutakoa. Bestalde, Dokumental Film Laburren Sail Ofizialean Maider Fernández zinemagile donostiarraren eta Apellaniz y de Sosa ekoiztetxearen azken lana, 'Fe', aurkeztuko da. Era berean, lehiaketatik kanpo, Pedro Olea bilbotarraren ‘El parque de juegos’ eta lehen aipatutako ‘Goya 3 de mayo’ film laburrak proiektatuko dira.

Emakumeen eskubideak azpimarratzeko atalak ere euskal partaidetza izango du. Izan ere, bertan ikusgai egongo dira Ainhoa Urgoitiaren eta Enrique Rey Monzonen ‘Norberaren gela’ eta Pablo de la Chicaren ‘Mama’ lana, Diego Urruchik (Media Attack) ekoitzia. Nabarmentzekoa da De la Chicaren film laburrak Goya sarien azken galan Dokumental Film Labur Onenaren saria lortu zuela.

MAFIZen ere izango du bere lekua euskal zinemak. Batetik, Basque. Audiovisual. aterkipean dauden proiektuen artean, Ritxi Lizartzaren eta Juan San Martinen (Maluta Films) ‘Ainarak’ zein Marc Sempere-Moyaren eta Leire Apellanizen ‘Canto cósmico. Niño de Elche’ (Señor & Señora) proiektuak aukeratu dituzte Spanish Screenings XXL saioetan proiektatzeko.

Bestetik, Next From Spain sailean Jabi Elortegiren azken lana izango da ikusgai: ‘El vasco’, Pausokaren nazioarteko koprodukzioa, Oeste Films eta Prisma Cine ekoiztetxeekin batera. Atal berean aurkeztuko dira, halaber, Alberto Vázquez zuzendari galiziarraren ‘Unicorn Wars’ film luzea, Uniko Estudiok ekoitzia, eta Amaia Remírezen eta Raúl de la Fuenteren ‘Bayo bayo baby’ lana, Kanaki Filmsek ekoitzia eta Bilbon ZINEBI Networking Award 2020 sariaren irabazlea. Bestalde, Maria Elorza zuzendariaren eta Txintxua Films ekoiztetxearen ‘A los libros y a las mujeres canto’ filmak Málaga WIP sailean parte hartuko du, Bilbon ZINEBI Networking Award 2021 saria lortu ondoren.

 

Euskal akreditatu asko

Nabarmentzekoa da, halaber, Malagako jaialdiko Industria atalean parte hartzeko akreditatu diren euskal zinemagileen zerrenda: Amania Filmseko David Pérez Sañudo, Eider Ruiz, Fernando Pérez Sañudo eta Kevin Iglesias; Aranzazu Calleja; Miren Aperribai (Atera Films); Aitor Arenas (Banatu Filmak); Imanol Ortiz; Carlos Juárez (Basque Film); José Agustín Atxa (Bilbao Ekintza); Jorge Acosta (Camino Garaitondo); CSC Filmseko Iván Ruiz, Katixa de Silva, María Gómez eta Roberto Ruiz; ECPVko David Pedrosa eta Mikel Rubio; Esperanza Luffiego; Donostia Zinemaldiko Olatz Arrizabalaga, Ruth Pérez de Anucita, Saioa Riba, José Luis Rebordinos eta Lucía Olaciregui; Ander Barinaga-Rementeria (Galapan Productions); Haruru Filmak-eko Helena Bengoetxea eta Rubén Marcilla; Luis Ángel Ramirez (Imval Producciones); Joseba Beristain; Amaia Remírez (Kanaki Films); Katz Estudioko Ana Angulo eta Itxaso Frau; Limbus Filmak-eko Iban del Campo eta Silvia Rey; Maluta Filmseko Cristina Fraile eta Ritxi Lizartza; Ione Hernández (Nephilim Producciones); Pantoma Filmseko Alberto Sota eta Iker Elorrieta; Pausoka Entertainment-eko Jabi Elortegi eta Xabi Zabaleta; Igor Piñas (Platanobolígrafo); Claudia Salcedo (Señor y Señora); Ander Sagardoy (Sumendi Filmak); Taui Mediako Iñigo Sancho eta Jesús Mª Delgado; Txintxua Filmseko Koldo Almandoz eta Marian Fernández; Uniko-ko Alberto Vázquez eta Iván Miñambres; Alejandra Arróspide (Vidania Films) eta Ana Ruiz (Vitoria-Gasteiz City Council – Film Office).