'Winnipeg, el barco de la esperanza’ filma 2023an estreinatzeko ideia dute Dibulitoon-eko Jone Landaluzek eta Ricardo Ramonek, eta ematen ari diren lehenengo pausoez mintzo zaizkigu. Gainera, beren proiektu gertukoenak ezagutu eta sektorearen egoera aztertu dugu.
Zineuskadi: Zer da 'Winnipeg, el barco de la esperanza'?
Jone: Laura Martelek idatzitako eleberri grafiko batean oinarritutako filma da, Winnipegen bidaiari buruz hitz egiten duena, baina abiapuntua Espainiako gerraostea izanik Kataluniako ikuspegitik. Elio Quiroga eta Beñat Beitia dira zuzendariak. Familia atzean utzi eta bere aitarekin Frantziara ihes egiten duen zazpi urteko neskato baten ikuspuntutik kontatzen da istorioa. Herrialde horretan une latzak bizi ostean, Pablo Neruda buru duen 'Winnipeg' itsasontzian joango dira Txilera bidean. Han bizi den amonaren ikuspegiak ere protagonismo handia izango du. 2D animaziozko filma da, familia osoak gozatzeko modukoa. Publiko helduarentzako filma dirudiela esan diguten arren, egia esan, neskatoaren ikuspegitik egindako kontakizunak gordintasuna kentzen die hainbat egoerari, eta ez litzateke hala izango helduei zuzenduz gero.
Ricardo: Orain arte, Dibulitoon-en, ia proiektu guztiak gugandik jaio dira, baina, kasu honetan, martxan zegoen proiektu batean sartu gara. Hiru herrialderen arteko koprodukzioa da, eta lau ekoizle ditu: txiletar bat, frantses bat, katalan bat eta gu. Gidoia asko gustatu zitzaigun eta, gainera, hasieratik ezagutzen genuen lantaldea; izan ere, Beñat Beitia, zuzendarietako bat, 15 urte daramatza gurekin lanean. Beste ekoizleak ez daude animazioan espezializatuta, eta horregatik da hain garrantzitsua gure parte-hartzea.
Jone: Joan den urteko irailean sartu ginen proiektuan, eta dagoeneko pauso asko eman ditugu gidoiaren eta finantzaketaren arloan, nahiz eta fase horretan jarraitzen dugun. RTVEk proiektua onartu zuen, Cartoon Movie-n egon ginen, Txileko Kultura Ministerioaren aurreprodukziorako laguntza izan dugu eta aurten ere laguntza gehiagoren bila jarraituko dugu. Jasotzen ari garen kritika eta feedback guztiak oso positiboak dira.
Zineuskadi: Nolakoa izaten ari da lau ekoizleen koordinazio-lana?
Ricardo: Proiektu honek duen arazorik handienetako bat hiru herrialdetako lau ekoizle elkartzea da. Laguntzen datak, motak, finantziazio-plana eta timeline-a bat etortzea da orain gure borrokarik handiena.
Jone: Gainera, ordu-aldaketatik hona gehiago kostatzen ari zaigu, sei orduko aldea dugulako; duela gutxira arte 4 ordu ziren. Zailagoa da agenda koadratu behar dugulako, baina oso ondo koordinatzen gara. Sarritan elkartzen gara, interneten bidez dokumentuak partekatzen ditugu… Oso garrantzitsua da oinarri on bat finkatzea, gero ekoizpena ondo joan dadin.
Ricardo: Animazioan askoz zailagoa da parte artistikoa online zuzentzea. Izan ere, oso zaila da gauza batzuk Meet edo Zoom bidez azaltzea. Nik uste dut hori pixka bat kostatzen ari zaigula eta, horregatik, ari gara oraindik estiloa definitzen. Garai arraroa egokitu zaigu horrelako proiektu zail bat aurrera ateratzeko.
Zineuskadi: Nolakoa izan zen zuen parte-hartzea Cartoon Movie-n?
Jone: Proiektua aurkeztu eta hautatu egin ziguten. Oso pozik geunden animazio-merkatu nagusia delako Europan, eta oihartzun handia duelako nazioarteko salmenta-agenteen artean. Guk ez genuen koproduktorerik behar, baina bai proiektua nazioarteko salmenta-agenteen, plataformen eta telebisten mailan ikusaraztea. Aurten Cartoon Moviek egitasmo digital baten alderdi onak eta txarrak izan ditu. Txarra, ez zaudela han, ez duzula aurrez aurre hitz egiten eta ez dagoela zuzeneko kontakturik. Baina gauza on bat izan du: askoz jende gehiago konektatu dela. Berez, oso merkatu garestia da, baina aurten digitala izanik, askoz jende gehiago konektatu ahal izan da etxetik, bulegotik, eta proiektuek bistaratze gehiago izan dituzte.
Arraroa izan zen, ez baitzen aurkezpen arrunt bat izan: 20 minutuko bideo bat eskatu ziguten, eta gero aukera izan genuen proiektuan interesa zuten pertsonekin elkartzeko. Normalean bi egun eta erdiko merkatua izaten da, baina formatu honekin plataforma 25 egunez irekia izan genuen.
Zineuskadi: Agertoki ona da ate berriak irekitzeko eta aliantza berriak sortzeko, ezta?
Ricardo: Zalantzarik gabe. Ahal izan dugun bitartean, beti saiatu gara horrelako bilkuretara joaten. Oso interesgarriak dira gure lanak erakusteko, beste proiektu batzuk ikusteko edo bazkide berriak bilatzeko. Beste batzuetan bertan izan gara, eta bagenekien "Cartoons"-ek mapan kokatzen zaituela. Garrantzitsua da haiek zure proiektua ezagutzea, gero beren buletinetan eta hitzaldietan sartzeko… Filmaren jarraipena egiten dute.
Zineuskadi: Zer ibilbide egin nahi duzue orain proiektuarekin?
Jone: Iaz Annecyn parte hartu zuen, eta baita Quirinon ere. Orain, laguntzen ibilbide hau amaitu eta ekoizpenarekin hasiko gara. Hurrengo merkatuak teaser berri bat aurkezteko izango dira, eta pozik itzuliko ginateke Cartoon Movie-ra proiektuaren beste fase batean, ekoizpenean adibidez, baina dena salmenta-agenteekin egindako akordioen eta dugun ibilbidearen araberakoa izango da.
Ricardo: Aurreprodukzioarekin urteko azken hiruhilekoan hastea da gure asmoa, eta ekoizpena urtebete barru; beraz, oraindik asko geratzen da.
Jone: 2023an Nerudaren heriotzaren 50. urteurrena betetzen da, eta orduan aurkeztu nahi dugu proiektua jaialdi batean. Ahal izanez gero, Donostia Zinemaldian, noski, eta gero zinemetan estreinatuko da urte horretan bertan edo hurrengoaren hasieran.
Zineuskadi: Zer proiektu dituzue gaur egun ekoizpenean?
Ricardo: ‘Las vacaciones de Yoko’ filmean ari gara lanean. Gure proiektu kutuna da, azken urteotan denbora gehien horri eskaini baitiogu. Denbora asko darama gurekin eta bizirik mantendu nahi dugu. Yokok baditu bere ibilbidea, bere telebista-kateak, bere lekua nazioartean... Marka bat izateko helburua dugu.
Zineuskadi: Zein fasetan dago?
Ricardo: Ekoizpenean gaude. Batez ere modelaketa, pertsonen diseinua eta agertokiak lantzen ari gara. Egia da, halaber, beste denboraldi batzuetako pertsonaiak eta materiala izateak asko errazten duela lana, ez baita estilo berririk bilatu behar, adibidez. Asko motibatzen gaituen proiektua da eta, filmarekin egoteaz gain, material berriekin lanean ere bagabiltza. Webgune bat estreinatu dugu (www.lasvacacionesdeyoko.com), non Yokok gida turistiko lanak egiten dituen hiri batzuetan.
Zineuskadi: Beste proiekturen bat duzue esku artean?
Ricardo: Beti ari gara ideia ezberdinetan lanean. Proiektu bat aurkeztuko dugu orain Eusko Jaurlaritzaren laguntzetara, eta beste lan handiago batzuentzat ere finantzaketa bilatzen ari gara. Dena idatzita dago eta garapenaren zati handi bat egin dugu jada. Momentu honetan, bazkideak bilatzen ari gara handiagoa izan dadin. Izan ere, gure proiektuak gero eta hobeak izan daitezen ari gara lanean; ez gara orain arte egindakoarekin konformatzen.
Jone: Kontuan izan behar da proiektuek denbora asko behar dutela. Askori ekin eta gero kaxoi batean geratzen dira; beste batzuk, aldiz, denbora batez atzeratzen dira eta gero berreskuratu egiten ditugu. Beti erne egon behar gara. Proiektu batzuk guk geuk abiarazten ditugu hasieratik, eta beste batzuk gurera etortzen dira.
Zineuskadi: Zein egoeratan dago Euskadiko animazio-zinema?
Ricardo: Estatuko animaziozko zineman punta-puntakoak izatetik atzekaldean egotera pasa garela uste dut. Beharrezkoa da proiektu indartsuagoak bilatzea, eta horiek finantzatzeko gai izatea; eta bi alderdi horiek zailak dira. Proiektu indartsuago bat egin nahi baduzu, bilatu behar dituzun finantzaketa-iturriak handiagoak dira, eta hemen ez daude. Beste leku batzuetan laguntza handia ematen zaie horrelako proiektuei eta asko hobetzen ari dira, baina hemen ez dugu aurrera egin. Une hartan ezarritako laguntza-maila oso garrantzitsua zen, baina orain atzean geratu da.
Gure azken ekoizpen guztietan lehenengo laguntza Euskaditik kanpo jasotzen ari gara. Badirudi kanpoko laguntzarik ez badugu, ez direla proiektu onak. Bitxia da RTVEk gure proiektu guztien alde apustu egitea eta hemen laguntza hori lortzeko hainbeste zailtasun izatea.
Zineuskadi: Halaber, adar berri bat barneratu duzue zuen zerbitzuetan, ezta?
Ricardo: Hala da, Dibulitoon Media Services sortu dugu. Animaziozko zinema-ekoiztetxe batek alde handia du fikziozko batekin; izan ere, guk lantalde egonkor eta finkoa behar dugu urte osoan. Hori dela eta, oso egoera larrian gaude beti, produkzioan egon ala ez, taldea mantendu behar dugulako. Horregatik, azkenaldian publizitateko lan asko egiten ari gara, baita zinemarako efektu bereziak, bideo industrialak eta YouTuberako telesail txikiak ere. Horrelako lanek nolabaiteko egonkortasuna eman eta hazten laguntzen digute, film hobeak egin ahal izateko.