“Aniztasunarekiko begirada zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta aberatsagoa da gizartea”

“Aniztasunarekiko begirada zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta aberatsagoa da gizartea”

2021 Martxoa 29

Pau Guillének aurtengo Zinegoak Jaialdiaren lehen balorazioa egin du gurekin. Aurtengo edizioak hainbat berritasun izan ditu, besteak beste, Filmin plataforman egotea. Hamar urteren ondoren, zuzendari kargua uztea erabaki du, eta jaialdiak izan duen bilakaeraren balantzea egin du.

Zineuskadi: Zinegoak jaialdiaren azken edizioaren zer balantze egin duzue?

Pau Guillén: Bukatu bezain laster balorazio txiki bat egin genuen eta, egia esan, oso positiboa da. Beldur pixka batekin gindoazen, ez genekielako oso ondo nola antolatu zinemaldi bat gaur egun dugun egoera berezi honekin. Hasi aurretik, presentzialtasunaren aldeko apustua egiten jarraitzea erabaki genuen, gure funtsaren parte delako, baina jakitun ginen beharrezkoa zela jaialdiak online zati bat ere izatea. Hori gabe, egoera honetan, ezinezkoa zen ongi aterako zela pentsatzea. Proiekzio guztiak aurrez aurre aurkeztu dira, eta, ondoren, Filminen zeuden eskuragarri, proiekzio birtualeko gela bat izateko aukera ematen baitzigun plataformak.

Zineuskadi: Publikoaren erantzun bikaina izan duzue, ezta?

Pau Guillén: Zalantzarik gabe, oso ona izan da. Aretoek edukiera oso mugatua dutela kontuan hartuta, 2.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ditugu aurrez aurre antolatu ditugun jardueretan. Oso kopuru txikia da beste urteetakoarekin alderatzen badugu, baina, aldi berean, jende asko da, egungo egoera kontuan hartuta. Ikusleek aretoetara joateko gogoa zutela nabari zen, eta asko eskertu dute presentzialtasunaren alde egin dugun apustua. Eta Filminen 15.000 ikuskari lortu ditugu; izugarri harritu gaitu izan duen harrerak.

Zineuskadi: Gainera, urte "berezi" hau aprobetxatu duzue berrikuntzak egiteko.

Pau Guillén: Geldialdia gure lana aztertzeko aprobetxatu dugu, eta horri esker gauza batzuk berrantolatu ahal izan ditugu. Esperientzia asko gustatu zaigu. Bilboko Golem zinemetan egin ditugun emanaldiek oso ondo funtzionatu dute, baita Bilborocken eman ditugun film laburrek ere. Aspalditik pentsatu dugu Bilboz gain beste egoitza bat ere izatea, eta froga egiteko une ezin hobea zela ikusi genuen, baita zinema jendearengana hurbiltzeko ere. Hortaz, Lekeition egoitza bat antolatu genuen eta balorazioa ere oso ona izan da. Hiru egunez jardun dugu aldi berean bi hirietan. Adibidez, aldi bereko hitzaldiak zeuden eta bi egoitzek elkarreragin zezaketen.

Zineuskadi: Hurrengo edizioetan online formatuari eustea planteatzen al duzue emaitza on horiek ikusita?

Pau Guillén: Aztertuko dugu. Filmin plataforma modu askotara erabili dezakegu: bigarren pantaila gisa aurten bezala, edo beharbada modu presentzialean mantendu gaitezke eta online plataforma izan dadila jendeak Zinegoaken parte hartu duten filmak ikusi ahal izateko gunea. Filmini dagokionez, oso aukera onak daudela uste dut, eta gure filosofiarekin eta jaialdian jarraitu nahi dugun ildoarekin ondoen egokitzen den aukera hartzen saiatuko gara.

Zineuskadi: 10 urteren ondoren, alde batera egiteko unea dela erabaki duzu...

Pau Guillén: Bai, zuzendaritza postua utziko dut, erantzukizun horretatik pixka bat aldendu nahi dudalako, baina antolakuntza lanetan laguntzen jarraituko dut. 10 urteren ondoren, oso pozik nago dena nola aldatu den ikusita, baina uste dut ez nagoela behar dudan denbora guztia Bilbon kargu horretan jarraitzeko. Nire ustez, horrelako jaialdi garrantzitsu bat zuzentzen duen pertsona batek hiriarekin lotuta egon behar du eta hiria bizi behar du. Alde batera egiteko unea dela iruditzen zait, arazo bihurtu baino lehen. Ona da pixka bat gelditzea eta egiten dugun guztiari buelta bat ematea.

Zineuskadi: Zure hitzetatik ondorioztatzen denez, ez da soilik zuzendari postuan ordezkapen bat izango, ezta?

Pau Guillén: Aldaketa sakonagoa izatea nahi dugu. Jaialdiak badakigu ondo funtzionatzen duela Bilbon; jendeak ezagutzen gaitu, jarduerak argi ditugu eta sexu-aniztasunaz hitz egiteko lortu dugun tresna da, hori baita elkarte gisa dugun helburu nagusia. Gai hau kulturatik landu dezakegu eta urtero mezu zehatz bat bidaltzen dugu. Gure ustez, gure lanak gizartearen sexualitatearekin eta aniztasunarekin lotutako kontzeptuak ikusarazten laguntzen du. Honek funtzionatzen duela jakinda, nola eboluzionatu ikusi behar dugu. Geldialdi eta aldaketa hori baliatuko dugu barne-hausnarketa prozesu bat egiteko.

Zineuskadi: Zein izango da zure betebeharra Zinegoaken?

Pau Guillén: Oraindik ez daukagu argi. Hasteko, zuzendaritza-batzorde bat sortuko dugu, eta ni bertan egongo naiz. Hortik aurrera, zer urrats berri emango diren ikusi behar da. Lehenengo balorazio-bileran erabaki genuen ez dugula aurretik egindakoa alde batera utziko. Gauza asko mantenduko dira, eta nik nire aletxoa jarri ahal izango dut.

Zineuskadi: Atzera begiratuta, zer bilakaera izan du jaialdiak duela 10 urte sartu zinenetik?

Pau Guillén: Maila askotan eboluzionatu du. Lau eguneko ekitaldia izatetik, bi asteko jarduera nagusia eta hilabete eta erdiko ekintza osagarriak edukitzera pasatu da. Zortzi filmekin hasi ginen, eta aurten, gutxiago izan diren arren, 30 film luze inguru eta beste hainbeste film labur izan ditugu, baita beste jarduera batzuk ere. Nire ustez, garrantzitsuena jaialdiaren helburuarekin lotuta dago; LGTBI+ jendea elkartzeko espazioak eratzeko beharrarekin sortu zen, eta baita ahalduntzeko tresna gisa ere. Nire ustez, horrek gizarteak bezala eboluzionatu du: harremanak izateko moduak beste batzuk dira eta jaialdia erreferentziazko espazio horretatik haratago doan zerbait bezala ulertzen da. Gaur egun, kartel eta goiburuen bidez gizarte orokor batekiko sentsibilizazio-tresnaren funtzioa da nagusi, eta naturaltasunez ikusten dira duela urte batzuk harrigarriak izango liratekeen irudiak.

Zineuskadi: Asko eboluzionatu den arren, oraindik bidea dago egiteko, ezta?

Pau Guillén: Zalantzarik gabe. Aurtengo kartela ildo horretatik zihoan. Koloretako ileak zituzten hiru pertsona islatzen zituen, eta honako mezua zabaltzen genuen: garrantzitsuena dela ikustea belaunaldi oso bat dugula sexu-aniztasunaren inguruan eta beste tresna batzuekin hazi eta hezi dena. Horrek, pertsona gisa modu askoz osasuntsuagoan hazteko eta eraikitzeko aukera eman die, zomorro arraroa izatearen edo gizartetik kanpo egotearen sentsaziorik izan gabe. Garrantzitsua da ulertzea pertsonak anitzak garela, gure gizartea anitza dela, eta zenbat eta zabalagoa izan aniztasunarekiko begirada, orduan eta aberatsagoa dela gizartea.