“'Ane' filman sartu aurretik uste nuen lau eskutara idaztea oso konplexua zela, eta orain oso zaila iruditzen zait bakarrik egitea”

“'Ane' filman sartu aurretik uste nuen lau eskutara idaztea oso konplexua zela, eta orain oso zaila iruditzen zait bakarrik egitea”

2021 Otsaila 19

Marina Parés eta David Pérez Sañudo zinemagileentzat proiektu pertsonal gisa hasi zena, ikasitakoa praktikan jartzeko helburuarekin, 2020an hobekien baloratutako filmetako bat bihurtu da. Goya sarietarako bost izendapen garrantzitsu lortu ondoren, Malagako gidoilariarekin hitz egin dugu 'Ane' pelikularekin bizitzen ari diren urte bikainari buruz.

Zineuskadi: Zorionak! Nola jakin zenuen Akademiak David eta zu izendatu zintuztetela?

Marina Parés: Etxean nengoen, Malagan, eta 24 orduko katean ematen zutenez telebista jarri nuen, baina konexioa txarra zenez emanaldia bertan behera geratu zen, eta sare sozialetan sartzea erabaki nuen, izendatuak eguneratzen ari ote ziren ikusteko. Zorion-mezu pila bat jasotzen hasi nintzen, baina ez neukan argi zergatik. Akademiako Twitterrera jo eta bertan irakurri nuen gure izendapena; ezin nuen sinetsi.

Zineuskadi: Zer sentitu zenuen orduan?

Marina Parés: Uste dut nire gorputzetik existitzen diren sentsazio positibo guztiak pasa zirela. Lehenik sinesgaiztasuna, gero sekulako poza eta baita egin genuen lana akademikoen gustukoa izan zela sentitzearen lasaitasuna ere. Talde osoarekiko esker ona eta poztasuna ere sentitu nituen, istorio honen alde egitea erabaki zutelako eta horrek bere izateko arrazoia zuelako. Urduri jarri nintzen lortutakoaren garrantziaz jabetu nintzenean.

Zineuskadi: Lortutakoa oraindik handiagoa eta bereziagoa da “hasiberrien” filma izanda, ezta?

Marina Parés: Bai, taldeburu gehienentzat ere lehen filma zen. Nahiz eta zinemako karguen hierarkia mantendu, pelikula horizontalagoa izatea nahi genuen. Film laburretan Davidekin lan egiten duen jendearen lehen urratsa izatea nahi genuen, denok elkarrekin lehen pausu hori ematea. Oso polita da ikustea gure esperientzia faltagatik gaizki atera zitekeen filma honaino iritsi dela. 

Zineuskadi: Aurten zure jaioterrian iragarriko den saria lortzeko aukerarik ikusten duzu?

Marina Parés: Zaila da. Bikaina izango litzateke, ilusio handia egingo lidake, eta are gehiago etxean jasotzea. Oso zaila ikusten dut, baina, gainontzeko izendatuak oso onak direlako. Guretzat jada harrigarria da hor egotea…

Zineuskadi: Espero al zenuten filmaren harrera ona?

Marina Parés: Egia esan, bakoitzak modu ezberdinean ikusten dugu. David izan zen gehien sufritu zuena errodajearen ondoren, berak buruan pelikula ideala zuelako. Normalean ideia hori amaierako produktuarekin alderatzen duzunean, azken hori galtzen ateratzen da. Baina gainerakook, bai muntaiagileak, bai ekoizpen-taldeak, nik neuk… materiala oso ona zela komentatzen genuen. Ia ezinezkoa da partzialtasunetik aldentzea, baina filmaren lehen bertsioa ikusi nuenean, ikusle gisa gustatuko litzaidakeen pelikula zela pentsatu nuen.

Donostia Zinemaldiak aukeratu zuenean lan ona zela baieztatu genuen. Prentsan oihartzuna zuela eta iristen zitzaizkigun kritikak onak zirela ikusi genuenean, sinestezina zen. Pozik gaude aurrekontu txikiko debut hau, euskarazkoa eta atzean izen handirik ez duena, jendearen gustukoa delako.

Zineuskadi: Nola iritsi zinen 'Ane' filmera?

Marina Parés:Davidek eta nik elkar ezagutzen genuen. Ni ekoizpen-etxe batean ari nintzen praktikak egiten, proiektuen gidoilari garatzaile gisa. Davidek hasierako ideia zuen buruan: bazekien 2000. urtean Euskal Herriko ama-alaba bikote batek zuten harremanari buruzkoa izango zela eta testuinguruak eragin handia izango zuela, baina ez zion forma ematen. Egun batean elkarrekin garatzea proposatu zidan eta lagunarteko proiektu bezala hasi ginen. Entrenatzeko balio zigun, eta idaztea nahikoa gustatzen ote zitzaidan ikusteko, besteak beste.

Idazteari ekin genion. Eusko Jaurlaritzaren 30 urtetik beherakoentzako idazketarako laguntzetara aurkeztu genuen eta eman egin ziguten. Nik uste dut inflexio-puntua izan zela; biok ikusi genuen istorioak bazuela zerbait. Garatzen saiatu eta aurrera egin zezan dena eman behar genuela erabaki genuen. Pixkanaka hazten joan zen, garapen- eta ekoizpen-laguntzak jasotzen joan ginen. Istorioa geroz eta interesgarriagoa zen eta denbora gehiago eskaini behar genion. Lan pertsonala izatetik proiektu handia izatera pasa zen.

Zineuskadi: Erronka pertsonal berezia ere izango zen zati bat euskaraz filmatuta egotea, ezta?

Marina Parés: Bai. Hasieran, filma askoz ere politikoagoa zen, testuinguruak garrantzi handiagoa zuen. Uste dut nire presentziak lagundu zuela amaren eta alabaren arteko harremanari pisu handiagoa ematen. Hasieran beldur nintzen, uste bainuen, ni kanpotarra izanik, nahiz eta dokumentatu eta informatu ez nuela inoiz errealitatea bertatik bertara ezagutuko. Daviden laguntza handia izan dut, berak gaia lehen eskutik ezagutzen zuelako eta sinesgarritasunaren mugak ezartzen laguntzen zuelako. Behin hasierako beldur hori kenduta, eta beti errespetuan oinarrituta, batzuen ikuspuntuak besteen ikuspuntua gainditu gabe, kanpotarra izateak ematen didan distantzia hori baliatzen saiatu naiz, proiektuaren alde joka zezan. Joanes Urkixori ere galdetu izan diogu, gidoilari gisa eta Lasa y Zabalaren gaiaren inguruan duen ikuspuntua ezagutzeko. Borja Cobeagak eta Mar Coll-ek ere lagundu ziguten.

Zineuskadi: Nolakoa izan da Davidekin eskuz esku lan egitea?

Marina Parés: Oso bitxia. Nik uste dut biontzat oso aberasgarria izan dela eta oso ondo ulertzen dugula elkar. Bitxia da gauza askotan bat egiten dugulako: zinema, artea  edota diskurtso zinematografikoa ulertzeko moduan, adibidez. Puntu horiek elkar ulertzen laguntzen digute, eta ez dugu etengabeko tentsiorik izaten. Baina, era berean, oso ikuspuntu eta sentsibilitate urrunak ditugu. Horri esker, baten gabeziak bestearen interesekin bat datoz, eta alderantziz.

Sorkuntza-prozesuan bi pertsona badaude, bata beherago dagoenean besteak bultzatzen du proiektua. 'Ane' filman sartu aurretik uste nuen lau eskutara idaztea oso konplexua zela, eta orain oso zaila iruditzen zait bakarrik egitea.

Zineuskadi: Etorkizunari begira, zer proiektu dituzu esku artean?

Marina Parés: Davidekin istorio polit bat idazten ari naiz, 'La última noche de un Erasmus en Roma' izenekoa, eta Zineuskadik antolatutako MEDIA aholkularitza batean parte hartu genuen proiektuarekin. Anai gaztearen heriotzaren ondoren, Erasmus bizipenaren bidez bere identitatea bilatzen ari den gazte baten istorioa da. Proiektu pertsonalagoren bat ere badut, bakarrik idazten ari naizena, baina epe luzera begira.