ZINEGABONAK, Gabonetan zinema euskaraz, euro baten truke

ZINEGABONAK, Gabonetan zinema euskaraz, euro baten truke

2014 Abendua 19

Zikloa Iparraldera ere iritsiko da aurten 5 areto, 14 film eta 24 saio izango dira abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra bitarte

ZINEGABONAK egitasmoa iaz aurkeztu zen familia guztiarentzako euskarazko film sorta bat Gabonetan eskaintzeko asmoarekin. Izandako arrakastari esker aurten errepikatu egingo da eta berrikuntza nabariekin gainera. Batetik, egitaraua luzatu egingo da:  iaz astebukaera bakarrean burutu zen zikloak, abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra arte iraungo du aurten. Guztira 14 film proiektatuko dira 24 saiotan zehar, 9 egun iraungo dituen ziklo honetan. Aurten gainera ZINEGABONAK zikloak Iparraldera ere egingo du salto Urruñako Itsas Mendi zinema aretoaren partaidetzarekin. Urruñako aretoa Bilboko EiTB-Multibox eta Golem Alhondegia, Donostiako Printzipe, Gasteizko Florida eta Iruñeko Golem-Baiona aretoei gehitzen zaie.

 

Abenduaren 22tik 26ra bitartean, EiTBk Bilboko egoitzan duen Multibox aretoan emango dira filmak, eta abenduaren 27-28 eta urtarrilaren 3-4an gainontzeko zinema aretoetan, euro bateko prezioan. Multibox aretoko proiekzioetarako gonbidapenak Hiru3 Komunitateko kideen artean zozketatuko dira.

 

Gabonak bezalako data berezi hauetan familia guztiak elkarrekin film hauek gozatu ahal izango ditu: Aita Zombia naiz, Blackie & kanuto, Bram Barrabas, Dinosauroen artean, Dragon Ball Z: Battle of gods, Ernest & Celestine, Freddy Igeldegi, Gazte Harrigarria T.S. Spivet, Jelly T tarzan eskasa, Maya Erlea pelikula, Olentzero eta jauntxoen iratxoa, Tarzan, Zigortzaileak eta Zipi & Zape eta kanikaren kluba

 

Euskarazko filmak herritarrengana gerturatu asmoz ZINEUSKADI Elkarteak, Euskadiko Filmategiak eta EiTBk eginiko elkarlanari esker iritsi da ekimen hau zinema aretoetara. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen ZINEUSKADI Elkarteak, bere aldetik, 28.000 euro bideratu ditu ZINEGABONAK zikloa garatzen laguntzeko.

 

Urte eta Zinema berri on Zinegabonekin!

 

Programa