Mikel Gurrearen 'Heltzear' lana Veneziako Zinemaldian parte hartuko duen euskarazko lehen film laburra da

Mikel Gurrearen 'Heltzear' lana Veneziako Zinemaldian parte hartuko duen euskarazko lehen film laburra da

2021 Iraila 03

Mikel Gurrea zinemagile donostiarraren 'Heltzear' Veneziako Zinemaldiak bere historian eskainiko duen euskarazko lehen film laburra da. Filma Orizzonti (Horizonteak) sailean dago.

'Heltzear' Irusoinek ekoitzi du, eta Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago ditu protagonista. 2000. urteko Donostian girotutako fikzioa da, euskal gatazka oraindik indarrean dagoela. Sara, 15 urteko eskalatzailea, bere bizitzako igoerarik zailenerako entrenatzen ari da kanpoan dagoen anaiari gutun bat idazten dion bitartean.

Euskal ekoizpen hau Donostiako Zinemaldian ere izango da. Zabaltegi Tabakalera sailean egongo da, baina ez da Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratzeko lehiatuko, Donostiara iritsi aurretik estreinatua izan baita. Mikel Gurrea (Donostia, 1985) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean eta master bat ikasi zuen London Film Schoolen. Bere film laburrak Montreal World Film Festival jaialdian saritu dituzte, eta Londresko Queen Elizabeth Hall eta Madrilgo Fernando Fernán-Gómez zinemaldietan estreinatu dira. Uda honetan, 'Suro' bere lehen film luzea filmatu du, Irusoin, Lastor Media eta Malmo pictures ekoiztetxeen ekoizpena, arraza gatazka eta xenofobia jorratzen dituena. Bere filmografian, 'Txoria' (2013), 'Rojo en el agua' (2010), 'Los gatos del tejado' (2009) eta 'Primo' (2008) ere badaude.

'Heltzear' Kimuak 2021 katalogoan sartu zuten beste zazpi titulurekin batera. Irailaren 11n amaituko den Veneziako Zinemaldian izan ostean, film laburrak Estatuko eta nazioarteko jaialdien zirkuitua jarraituko du, eta ingelesez 'Hold' izango du izenburu.