Hiru film estreinatuko dira euskaraz negu honetan

Hiru film estreinatuko dira euskaraz negu honetan

2017 Abendua 13

Zineuskadi elkarteak sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker haurrentzako beste 3 film estreinatuko dira euskaraz datorren neguan.

2018ko urtarrilaren 12an Oihaneko Kuadrila (Frantzia) euskaraz helduko da zinema aretoetara eta Maurice pinguino xelebrearen abenturak ikusiko ditugu pantaila handian. Tigre batek hezita, pinguino hau itsas hegazti izatetik haratago, kung-fu maisu bilakatu da. Bere lagunekin batera, Maurice oihanean bakea eta justizia nagusitu daitezen saiatuko da. Baina Igor-ek, koala maltzurrak,  oihana suntsitzeko asmoa du eta ez zaio batere erraza izango.  

Otsailean ostera, beste bi film estreinatuko dira: Early Man (Erresuma Batua – Frantzia) eta Maya Erlea, eztiaren jolasak (Alemania).

Otsailaren 2an, ostirala, Nick Park-ek zuzendutako (Wallace & Gromit. La maldición de las verduras) eta Mark Burton (Gnomeo y Julieta) eta John O'Farrell-ek idatzitako (Chicken Run: Evasión en la granja) animaziozko Early Man filma egongo da aretoetan ikusgai. Historia aurreko garaietan, haitzulotar batek bere tribua bizitza osoko etsai batekin elkartuko du eta nola jakin gabe futbola asmatuko du prozesuan.

Bestalde, otsailaren 9an, 2014ean atera zen Maya Erlea filmaren bigarren zatia estreinatuko da. Maya erlea inoiz baino piztuago bueltatu da pelikula honetan eta Buzztropolis-eko emperadorearekin hanka sartzen duenean intsektu erreboltarienekin elkartu eta Eztiaren Jolasetan parte hartu beharko du bere erlauntza salbatu ahal izateko.

Zinema Euskaraz programak urrats garrantzitsuak eman ditu azken urteotan eta geroz eta gehiago dira euskarara bikoizten diren filmak. Gainera, kalitateak gora egin du nabarmen eta ikusleek eskertu dute programaren bide ona.

2018an programa sendotzen jarraitzea da Zineuskadiren helburua Euskal Herriko haur eta gazteek zinema euskaraz gozatzeko aukera izan dezaten gaztelerazko bertsioak estreinatzen diren momentu berean.