Goya sarietarako izendapenek agerian utzi dute euskal zinemagintzaren maila altua

Goya sarietarako izendapenek agerian utzi dute euskal zinemagintzaren maila altua

2021 Otsaila 11

Euskal zinemaren maila gorenean dago. Pandemiaren ondorioz sektorearentzat hain zaila izan den azken urte honetan, euskal zinemagintzako profesionalek hainbat sari jasotzen jarraitu dute jaialdi eta gala ugaritan.

Martxoaren 6an Goya sarien irabazleak iragarriko dira, eta izendapen ugari bildu ditu euskal zinemak. Akademiak bereziki goraipatu nahi izan du gure sektoreko teknikarien talentua. Izan ere, 'Akelarre' filmaren bederatzi izendapenetatik zortzi teknikarienak dira, besteak beste. Zinemagile gazteen lana ere laudatu dute, hala nola David Pérez Sañudo zuzendari bilbotarrarena edo Amaia Aberasturi eta Jone Laspiur aktoreena.

Koldo Zuazuak (Kowalski Films), Iker Ganuzak (Lamia Producciones), Gariza Produkzioak-ek eta La Fidéle Productions-ek ekoitzitako 'Akelarre', Pablo Agüero zuzendari argentinarraren azken lana,izendapen gehien jaso dituen euskal filma da. Drama historiko hau, 1609an Euskadin sorginkeriagatik izandako prozesu judizial batean oinarritua, euskaraz eta gaztelaniaz filmatua dago, eta joan den irailean estreinatu zen Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean.

Amaia Aberasturi aktore bizkaitar gazteak egindako lan bikaina azpimarratu nahi izan du Akademiak. Era berean, film historikoa osatzeko egin behar izan duten lan tekniko handia goraipatu dute beste zortzi izendapenekin:Efektu Berezi Onenak (Mariano García Marty eta Ana Rubio), Soinu Onena (Urko Garai, Josefina Rodríguez, Frédéric Hamelin eta Leandro de Loredo), Zuzendaritza Artistiko Onena (Mikel Serrano), Jantzien Diseinu Onena (Nerea Torrijos), Makillaje eta Ile-apainketa Onena (Beata Wotjowicz eta Ricardo Molina), Argazki Zuzendaritza Onena (Javier Agirre), Ekoizpen Zuzendaritza Onena (Guadalupe Balaguer Trelles) eta Jatorrizko Musika Onena (Aránzazu Calleja eta Maite Arroitajauregui).

Ametsetako debuta

Aipamen berezia merezi du, halaber, David Perez Sañudok. Izan ere, ama baten eta desagertutako alabaren arteko mugez eta komunikazioaz hitz egiten digun 'Ane' filmak bost izendapen lortu ditu. Zinemagile bilbotarraren opera prima film onenaren Goya Saria lortzeko lehiatuko da.Era berean, Perez Sañudo bera Zuzendari Berri Onenaren eta Gidoi Egokitu Onenaren sarietarako hautagai da; azken kategorian, Marina Parés malagarrarekin batera. Horrez gain, Patricia Lopez Arnaiz Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren saria eskuratzeko hautagai da; eta Jone Laspiur Emakumezko Errebelazio Aktore Onenaren sarirako izendatu dute.

Akademiak 'Baby' filma ere nabarmendu du.Haurra zaindu ezin duenez, emakume arraro bati saltzea erabakitzen duen neska drogazale baten bizitza erakusten du pelikulak. Juanma Bajo Ulloak zuzendutako filma, Frágil Zinemak ekoiztetxeak produzitua eta Latido Filmsek banatua, Sitgeseko Zinemaldian estreinatu zen. Halaber, ospe handiko hainbat jaialditan parte hartu du. Bi izendapen jaso ditu: Zuzendaritza Onena eta Jatorrizko Musika Onena (Bingen Mendizábal eta Koldo Uriarte).

Motzean ere bai

Baina ez dira film luzeak bakarrik protagonista izango datorren martxoaren 6an Malagako Soho Antzokian egingo den galan; izan ere, bi dira sarituak izateko aukera duten euskal film laburrak.

Alberto Vázquez erabateko arrakasta lortzen ari da ‘Homeless Home’ film laburrarekin. Iván Miñambresek eta Uniko Films eta Autour de Minuit produkzio-etxeek egindako lana Animazioko Film Labur Onenaren Goya Sarirako izendatu dute. Lan hori Annecyko Nazioarteko Animazio Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten, munduko animazio-jaialdirik garrantzitsuenean, eta, gainera, Epaimahaiaren Saria lortu zuen.Hain zuzen, sari hori lortu duen Estatuko lehen film laburra izan da. Halaber, epaimahai berak Oscar sarietako izendapenetarako hautagai gisa aukeratu zuen, eta 40 jaialdi baino gehiagotan parte hartzeko aukeratua izan da dagoeneko. Alberto Vázquezek haurtzaroan irakurri zituen Erdi Aroko fantasietan oinarritzen da laburra. Krisi ekonomikoaren ondorioz, jaioterrira itzultzen ari diren hainbat protagonista azaltzen ditu filmak, ogroaren, orkaren eta sorginaren arteko maitasun-triangeluaren bidez.

Bestalde, Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen azken lana, 'Solo son peces', Dokumental Film Labur Onenaren Saria eskuratzeko hautagai da.Teslem, Dehba eta Jadija izeneko hiru emakume aljeriarren istorioa azaltzen du filmak: hiruek arrain-haztegi batean lan egiten dute, Saharako errefuxiatuentzako kanpamentuetan.