EZAE elkarteak Euskal Zinemaren Eguna antolatu du gure zinemagintzaren klasikoak berreskuratzeko

EZAE elkarteak Euskal Zinemaren Eguna antolatu du gure zinemagintzaren klasikoak berreskuratzeko

2018 Azaroa 14

  • Egitasmo berriaren barne proiektatuko den lehen filma Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarraren ‘Acción Mutante’ izango da. Elkartearen partaide diren bederatzi zine-aretok berrestreinatuko dute azaroaren 14tik 30era

 

  • Euskal Zinemaren Eguna hiru hilero burutuko da helburu bikoitzarekin: ikusle gazteak zinemara erakartzea eta belaunaldi berriei euskal zinemagintzaren ekoizpen ezagunenak pantaila handian aurkeztea

 

  • Proiekzioek prezio murriztua izango dute gazteak zine-aretoetara joan daitezen errazteko. Gainera, aukeratutako pelikuletan lan egin duten profesionalei euren lana ikusleei aurkezteko gonbidapena luzatuko zaie

EZAEk, Euskadiko zine-aretoen elkarteak, Euskal Zinemaren Eguna izeneko ekimen berria jarri du martxan helburu bikoitzarekin: ikusle gazteak zinemara erakartzea eta belaunaldi berriei euskal zinemagintzaren ekoizpen ezagunenak pantaila handian aurkeztea. Elkartearen partaide diren bederatzi zine-aretok ‘Acción Mutante’ filma pantailaratuko dute azaroaren bigarren hamabostaldian. Alex de la Iglesiaren opera primak bere zinemagintzaren ezaugarri izango diren umore beltza eta indarkeria nabarmentzen ditu.

 

Sarrerek prezio murriztua izango dute gazteak zine-aretoetara joan daitezen errazteko. Gainera, pelikularen lantaldea proiekzioetan parte hartzera eta filma aurkeztera gonbidatua izan da.

 

Hiru hilero burutuko den ekimena

Egitasmo honek Euskadiko Filmategiaren eta Euskadin ekoiztutako film laburren Kimuak programaren laguntza du. Euskal Zinemaren Eguna hiru hilero ospatuko da eta, hurrengo edizioetan, Kimuak bildumako film laburrak ere proiektatuko dira film luzeekin batera. Era berean, hautatutako pelikuletan lan egin duten profesionalei euren lana ikusleei aurkezteko gonbidapena luzatuko zaie.

 

Proiekzioen datak

Getxoko zinema eta Durangoko Zugaza zinea izango dira Euskal Zinemaren Eguna ospatuko duten lehen aretoak azaroaren 14an. Hurrengo egunean, Zornotzako aretoan ikusi ahalko da, eta hilaren 19an Donostiako Antiguo Berrin. Azaroaren 20an Beasaingo Usurbe Antzokira iritsiko da eta 22an Bilboko Golem Alhondigara. Azkenik, hilaren 28an, 29an eta 30an Andoainen, Errenterian eta Zumarragan proiektatuko da.

 

INFOTRES Komunikazioa – Comunicación
T. 943 22 45 30
www.infotres.com | info@ezae.eus