Euskal zinema Berlingo merkatuan nabarmenduko da

Euskal zinema Berlingo merkatuan nabarmenduko da

2021 Otsaila 26

Euskal zinemagile ugarik hartuko dute parte Berlinale jaialdiko merkatuan, martxoaren 1 eta 5 artean. Europako zinema-jaialdi nagusia bi zatitan gauzatuko da aurten: datorren astean Berlinale Co-Production Market, Berlinale Talents eta World Cinema Fund egitasmoak burutuko dira, prentsarentzat eta sektoreko eragileentzat soilik; eta ekainean, aretoetan nahiz aire zabalean eskainiko diren proiekzio ugariez gozatuko du publikoak.

BASQUE. AUDIOVISUAL. euskal zinemaren markak stand birtuala izango du Berlinaleko merkatuan, Cinema from Spain atariaren barne, nazioarteko eragileei azaltzeko zer nolako pizgarri fiskal eta laguntza-sistemak dauden euskal lurraldean, baita nazioarteko industriaren zerbitzura dauden tresnen eta elkarteen berri emateko ere. Era berean, Euskadiko profesional ugari akreditatu dira topaketan: besteak beste, Miren Aperribay (Atera Films), Ainhoa Andraka (Doxa Producciones), Nicos Beatty (Soul Pictures), Liliana Braco (Soul Pictures), Rafael Marín (Soul Pictures), Eduardo Carneros (Euskadi Movie AIE), Unai Fernández (Barton Films), Iker Ganuza (Lamia Producciones), Naiara Martínez de Marigorta (Expressive Media), Izaskun Pérez (Expressive Media), Maru Solores (Lumiere Ekoizpenak), Alberto Sota (Pantoma Films) eta Julieta Juncadella (Vitrine Filmes).

Zineuskadiko eta Europa Creativa MEDIA Euskadi bulegoko ordezkariak ere izango dira hitzorduan, baita Donostia Zinemaldiko, Zinebiko, Zinegoak-eko, Gaztefilm-eko eta Tabakalerako kideak ere.

BASQUE. AUDIOVISUAL. markaren katalogo berria aurkeztuko da Berlinaleren 71. edizioan, non garapen fasean dauden 34 proiektu, produkzioan dauden 24 pelikula eta 2020an amaitutako beste 24 lan jasotzen diren. Argitalpen hori programatzaileen, nazioarteko salmenta-eragileen, plataformen eta sektoreko beste eragileen eskura jarriko da. Bestalde, Alemaniako hitzorduko akreditatuek KIMUAK programara aurkeztutako zazpi film laburren berri ere izango dute.


Berlinale Talents eta Market Screenings

Berlinale Talents atal ospetsuan ere nabarmena izango da euskal zinema, bertan parte hartuko baitute Zuri Goikoetxea eta Lur Olaizola zinemagileek. Olaizolak New Yorken lan egin du artista bisual eta ekoizle kultural gisa. Horns & Tails ekoiztetxearekin kolaboratu zuen han, eta Architecture & Design Film Festival jaialdia koordinatu zuen, besteak beste. Bartzelonako kultura garaikideko zentroan ere lan egin zuen ikus-entzunezko dokumentalista eta muntatzaile gisa, eta egun Tabakalera kultura garaikideko nazioarteko zentroko ikus-entzunezko programak koordinatzen ditu. Zinemagile gisa, ‘Xulia’ (2019) eta ‘Zerua blu’ (2020) film laburrak egin ditu, eta azkenak Estatuko film labur onenaren saria jaso du Zinebin.

Bestalde, Zuri Goikoetxea gidoigile, zuzendari eta ekoizle lanetan dabil 2010etik, eta Doxa Producciones ekoiztetxeko kide da 2016tik. Bideo-arte esperimentala egiten du, baita fikziozkoa ez den zinema ere. Besteak beste, honako proiektuetan hartu du parte: ‘163 días. La Huelga de Bandas’, ‘592 metroz goiti’ (2019ko Goya Sarietan hautagai izan zen) eta ‘Meseta’ (Copenhagueko CPH:DOX jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen, nazioartean lortutako besten hainbat aintzatespenen artean). Halaber, Aitor Merinoren bigarren film luzeko (‘Fantasia’) gidoian parte hartu eta ekoizpen lanak egin zituen, eta egun ‘División de Honor’ (Ainhoa Andraka) filmaren muntaian murgilduta dago, baita ‘Itoiz Udako Sesioak’ (Larraitz Zuazo) pelikularen garapenean eta ‘Working From Home’ (Laida Lertxundi) film laburraren ekoizpenean ere.

Salmenta-eragileek antolatzen dituzten Market Screening saioetan, berriz, hainbat euskal film izango dira ikusgai: ‘Ilargi Guztiak’ (Igor Legarreta), ‘Ane’ (David P Sañudo), ‘Baby’ (Juanma Bajo Ulloa), ‘Hil Kanpaiak’ (Imanol Rayo), ‘Enjambre’ (Mireia Gabilondo), ‘Lobster Soup’ (Rafa Molés & Pepe Andreu), ‘Nora’ (Lara Izagirre) eta ‘The Miramar Murders: The State Vs. Pablo Ibar’ (Olmo Figueredo).