Bingen Zupiria sailburuak zinemagintzarako diru-laguntzen egitura berria aurkeztu du, garapen prozesua eta talentu berriak sustatzera bideratuta

Bingen Zupiria sailburuak zinemagintzarako diru-laguntzen egitura berria aurkeztu du, garapen prozesua eta talentu berriak sustatzera bideratuta

2017 Ekaina 07

Eusko Jaurlaritzak 2.660.000 euro banatuko ditu diru-laguntzetan, iaz baino 718.600 euro gehiago

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak zinemagintzara bideratutako diru-laguntzen inguruko berritasunak aurkeztu ditu gaur, sektorearekin Tabakaleran izandako bilera ireki batean. Diru-laguntza deialdien kopuruak igotzeaz gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak berregituratu egin du hauen eredua, beti ere “garapen prozesua indartu eta talentu berriak sustatzeko asmoz”. Eusko Jaurlaritzak 2.660.000 euro banatuko ditu diru-laguntzetan, iaz baino 718.600 euro gehiago (%35 gehiago); Zineuskadik bere hiru deialdien kopuruak mantenduko ditu eta, azkenik, aurreikusita dago 900.000 euro bideratzea Europa Creativaren proiektuetara.

Sailburuarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria izan dira Tabakalerako gaurko aurkezpenean. Euskadiko zinemagintzaren hainbat ordezkariren aurrean, zinemagintzarako diru-laguntzen egitura berria aurkeztu eta azaldu dute. “Arazo bat identifikatu genuen: sortzen ziren hainbat gidoi ez ziren hurrengo faseetara heltzen, garapen eta ekoizpen faseetara, alegia. Bestalde, ikusi dugu koprodukzioek gero eta indar gehiago hartu behar dutela. Egoera honen aurrean, gure diru-laguntzak gaur egungo testuingurura moldatu behar genituela ikusi genuen. Egitura berri bat diseinatu da gure zinearen talentua bultzatzeko, beste toki baterantz goaz eta”.

Egitura berriari esker, proiektuen garapen faseak garrantzi nabarmenagoa hartuko du eta, ondorioz, prozesuaren parte honi zuzendutako diru-laguntza deialdiaren aurrekontua hirukoiztu egingo da. Guztira, 300.000 euro izango dira proiektuen garapenerako, eta fase honetan gidoia ere aintzat hartuko da. Eredu berriak ekoizlearen eta gidoilariaren arteko elkarlana sustatu nahi du, eta proiektu bakoitzari fase honetan ematen zaion diru-laguntzaren %45a gidoia lantzera zuzendu beharko da.

Joxean Muñoz sailburuordeak eredu berri honen zergatia azaldu du: “Koprodukzioen gabezia sektorearen ahulguneetako bat da, eta merkatu berrietara zabaltzeko aukera horrelako ekoizpenen bidez sor daiteke, baita esportatzekoa ere. Koprodukzioek eta nazioarteko ekoizpenek gero eta garrantzi gehiago izan behar dute. Diru pribatua ekoizpenetara erakartzea ere oso bide interesgarria izan daiteke, eta honek guztiak garapen prozesu bat eskatzen du. Bestalde, gidoiari bideratutako diru-laguntzaren parte bat, fase honetan bideratuko da; gidoia laguntzen da proiektu baten barruan dagoelako”. Aldaketa honen eraginez, garapen fasetik kanpo gidoietara bideratutako deialdiak indarrean jarraituko du, baina bere aurrekontua murriztuko da (141.400 eurotik 100.000 eurotara).

Ekoizpen faseari dagokienez, iazko lau atalak mantenduko dira eta guztietan igoko da bideratutako diru kopurua: luzemetraiak (1.360.000 euro; iaz baino 360.000 euro gehiago), animazioa (500.000 euro; 100.000 gehiago), dokumentalak (240.000 euro; 60.000 euro gehiago) eta laburmetraiak (160.000 euro; 40.000 euro gehiago). Berritasun nagusia luzemetraiei zuzendutako deialdiak dakar; izan ere, aurrekontu txikiko filmak egiteko berezko azpiatala sortuko da (800.000 euroko aurrekontua baino gutxiago duten filmak). Lerro honen bitartez, 500.000 euro bideratuko dira horrelako proiektuetara; laguntzak 250.000 eurokoak izango dira gehienez ere. “Sortzaile berriak lagundu nahi ditugu, proiektu berritzaile eta arriskudunak”, adierazi du Zupiria sailburuak.

Zabalkundeari dagokienez, Zineuskadik bere hiru lerroak mantenduko ditu: zinema euskaratzera 260.000 euro bideratuko dira Zinema Euskaraz ekimenaren bidez, filmen sustapena eta publizitatea laguntzera 150.000 euro bideratuko dira eta, azkenik, 160.000 euro bideratuko dira proiektuen presentzia zine aretoetan bermatzera. “Tekla guztiak jo nahi ditugu. Zabalkundea aintzat hartzen dugu, eta filmen presentzia zine aretoetan ere bermatzen dugu, Europan endemikoa den arazo bat saihestuz”, adierazi du Zupiriak.

Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du 900.000 euro bideratzea Europa Creativa ekimenera, batez ere zinemaldiak, publiko berriei zuzendutako proiektuak edota koprodukzioak diruz laguntze aldera. Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza izendunek, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzek eta EiTBren konpromisoak ere funtsezkoak izaten jarraituko dute euskal zinemagintzaren erronkei heltzeko orduan.