‘Superthings: Filma’ pelikula bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan

‘Superthings: Filma’ pelikula bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan

2026 Urria 22

‘Superthings: Filma’ pelikula ostiralean estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, ADI! Filmak Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari zuzendutako film espainiarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.

Orain arte Zinema Euskaraz izenez ezagutzen zen programak ADI! Filmak Euskaraz marka aurkeztu du aurten, euskarazko zinema bultzatzeko etapa berri baten abiapuntu gisa. Zineuskadik sustatuta, aurten euskaratuta ikusiko dugun hemeretzigarren lana da. ADI! Filmak Euskaraz programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.

Sinopsia

Mía, Kai eta Finn Lehen Hezkuntzako seigarren mailako hiru lagun dira. Egun batean, Kazoom zati bat aurkituko dute ustekabean, eta horrek bi mundu elkartuko ditu: Normalópolis, haien hiri gris eta txukuna, eta Kaboom City, Superthingsen mundu zoroa. Bertan, eguneroko objektuak superheroi eta gaizkile bihurtu dira. Bat-batean, botere bereziak, liskarrak eta abentura zirraragarriak izango dituzte eguneroko bizimodu. Kazoom Kids bihurtuta, Mr. King gaizkileari egin beharko diote aurre. Kazoomen boterea bereganatu nahi du gaizkileak, eta hiru lagunek elkarrekin jardun beharko dute hura geldiarazteko. Horretarako, adiskidetasuna, asmamena eta ausardia izango dituzte bidelagun, eta elkarrekin askoz indartsuagoak direla ohartuko dira.

Hauek dira asteburuan filma proiektatuko duten zinema-aretoak: Golem Alhóndiga (Bilbo), SADE Cines (Donostia), Cine Zugaza (Durango), Niessen Zinemak (Errenteria), Getxo Zinemak (Getxo), Golem La Morea (Iruña), Cines Florida (Gasteiz) eta Cines Gorbeia (Gasteiz).

Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan: ‘Gungo eta harpetar jokoak’, ‘Katu kapeladuna’ edo ‘Charlie el super perro’, besteak beste.