‘Balea kantariaren kondaira’ filma ostiralean estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, ADI! Filmak Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari zuzendutako film alemaniarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.
Orain arte Zinema Euskaraz izenez ezagutzen zen programak ADI! Filmak Euskaraz marka aurkeztu du aurten, euskarazko zinema bultzatzeko etapa berri baten abiapuntu gisa. Zineuskadik sustatuta, aurten euskaratuta ikusiko dugun hemezortzigarren lana da. ADI! Filmak Euskaraz programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.
Sinopsia
Vincent umezurtz geratutako balea konkordun gaztea da. Ozeanoak bere kantu magikoaz babesten zituen azken Balea-kantariaren semea izanik, gurasoak galtzeak eragindako oinazea jasaten du, eta bere gaitasunetan zalantzak ditu. Leviathan munstroa iceberg ilun batetik ihes egin eta itsasoko bizitza guztia bere tinta pozoitsuarekin mehatxatzen hasten denean, Vincentek hura geldiarazteko bere kantu propioa aurkitu behar du. Hala ere, ziurgabetasunak gaindituta, itsaso sakonean barrena bidaia arriskutsu bati ekiten dio, gurasoak Izarren Putzu mitikotik erreskatatzeko asmoz; izan ere, aitak Leviathana garaituko duela espero du. Walter —zaintzaile lanak egiten dituen erremora arrain zorrotza— eta Darya —orka gor-mutu ausarta— lagun dituela, Vincentek beldurrei aurre egin eta bere kantu propioa aurkitu beharko du ozeanoak salbatzeko.
Filma ostiral honetan estreinatuko da hurrengo zinemetan: Golem Alhóndiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Cine Ikusgarri (Lekeitio), SADE Cines (Donostia), Latxartegi Aretoa (Legazpi), Zelai Aristi Aretoa (Zumarraga), Cines Florida (Gasteiz) eta Cines Gorbeia (Gasteiz).
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan: ‘Superthings’, ‘El gato con sombrero’ edo ‘Charlie el super perro’, besteak beste.
