‘Rufus, igeri egiten ez zekien sugea’ filma ostiralean estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, ADI! Filmak Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari zuzendutako film norvegiarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.
Orain arte Zinema Euskaraz izenez ezagutzen zen programak ADI! Filmak Euskaraz marka aurkeztu berri du, euskarazko zinema bultzatzeko etapa berri baten abiapuntu gisa. Zineuskadik sustatuta, aurten euskaratuta ikusiko dugun hamahirugarren lana da. ADI! Filmak Euskaraz programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.
Sinopsia
Ozeanoaren bihotzean, uharte sekretu batean, itsas sugeen komunitate bat bizi da. Erdi itsas munstroa eta erdi dragoia den osaba Ludoviken ke magikoak, irla babesten du. Bertan, Rufus gaztea bizi da; honek nahiago du bakarrik egon, ez delako oso ongi egokitzen, batez ere, igeri egiten ez dakielako. Hondamendi bat gertatzen denean eta osaba Ludovikek uhartea babesteko dituen botereak galtzen dituenean, Rufusi dagokio funtsezko papera jokatzea eta bere familia salbatzea. Baina gainditu ahal izango du bere beldurrik handiena?
Filma ostiral honetan estreinatuko da hurrengo zinemetan: Golem Alhóndiga (Bilbo), SADE Cines (Donostia), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz) eta Gorbeia Zinemak (Gasteiz).
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan: ‘Marsupilami’ eta ‘Harry Potter’ (lehen filmaren berrestreinaldia), besteak beste.
