‘Winnipeg, itxaropenaren ontzia’ filma ostiralean estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, ADI! Filmak Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari zuzendutako euskal filma euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.
Orain arte Zinema Euskaraz izenez ezagutzen zen programak ADI! Filmak Euskaraz marka aurkeztu berri du, euskarazko zinema bultzatzeko etapa berri baten abiapuntu gisa. Zineuskadik sustatuta, aurten euskaratuta ikusiko dugun hamabigarren lana da. ADI! Filmak Euskaraz programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.
Sinopsia
Victor aita alarguna eta Julia alaba txikia Espainiatik irteten dira 1939ko urtarrilean, Bartzelona frankisten esku erori ondoren. Frantzian kontzentrazio-esparruak eta zailtasunak dituzte zain, baina bada ihes egiteko aukera bat. Nerudak eta Parisko kuakeroek pleitatu duten Winnipeg izeneko kargaontzian ontziratzea, helmuga berri batera, Valparaisora (Txile), euren burua salbatzeko.
Filma ostiral honetan estreinatuko da hurrengo zinemetan: Golem Alhóndiga (Bilbo), SADE Cines (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria) eta Gorbeia Zinemak (Gasteiz).
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan: ‘Rufus’, ‘Marsupilami’ eta ‘Harry Potter’ (lehen filmaren berrestreinaldia), besteak beste.
