Talentuaren Guneak euskal ikus-entzunezkoen arloan sortzen ari diren proiektu berriak saritu ditu laugarren edizioan

Talentuaren Guneak euskal ikus-entzunezkoen arloan sortzen ari diren proiektu berriak saritu ditu laugarren edizioan

2026 Ekaina 10

Zineuskadik bultzatutako ekimenak ikus-entzunezkoen sortzaile gazteak eta industriako profesionalak bildu zituen maiatzaren 29an Tabakaleran, garapen bidean dauden 11 proiektu aurkezteko.

Zineuskadik Talentuaren Gunearen laugarren edizioan saritutako proiektuen berri eman du. Ekimen honen helburua da euskal ikus-entzunezkoaren arloan sortzen ari den talentua sustatzea, baita ahots berrien eta industriako profesionalen arteko topaketa bultzatzea ere. Jardunaldia joan den maiatzaren 29an egin zen Tabakaleran, eta sektoreko egile, ekoizle eta eragileak bildu zituen pitching saio batean. Guztira 11 ikus-entzunezko proiektu aurkeztu ziren.

Talentuaren Gunea Euskadiko ikus-entzunezkoen belaunaldi berrientzako erreferentzia-gune gisa finkatu da dagoeneko, eta ideiak trukatzea, sare profesionalak sortzea eta parte-hartzaileek beren proposamenak garatzeko aurrera egin ahal izatea sustatzen du. Edizio honetan agerian geratu da, beste behin ere, euskal ikus-entzunezko sektorean aberastasun handia dagoela formatuei, generoei eta begirada-aniztasunari dagokienez.

Aurkeztutako proiektuak baloratu ondoren, epaimahaiak eta erakunde laguntzaileek honako aintzatespen hauek eman dituzte:

Yaiza Gonzálezen, Adei Lazarragaren eta Naroa Zubiaren ‘La santa devoción’ proiektuak D’A Saria eskuratu du. D’A Film Lab 2026ko Producció Emergent sailean parte hartzeko aukera emango dio proiektuari.

Bestalde, Nara Tytgat-en eta Ander Maioren ‘Batelerak’ lanak Abycine Lanza Conexiones Saria jaso du, eta Abycine Lanza ikus-entzunezko merkaturako bi akreditazio eskuratuko ditu.

Borja de Agüeroren ‘Tatami’ proiektuak Iberseries & Platino Industria topaketan parte hartzeko akreditazioa lortu du, sektorean garatzeko eta ikusgarritasuna handitzeko aukerak zabaltze aldera.

Era berean, Euskal Herriko Zinema Eskolak (ECPV) Ekain Sagarzazuren ‘Brindis por los perdidos’ hautatu du, eta gidoi-mentoria pertsonalizatua eskainiko diote, beren garapen prozesua bultzatzeko.

Azkenik, Lau Maquedanoren ‘Soulmites’ eta Natasha Barretoren ‘Night Forest’ proiektuak José Luis Fariasek zuzendutako mentoria pertsonalizatu baterako aukeratu dituzte, bi proposamenen garapena indartzeko helburuarekin.

Antolatzaileek eta Talentuaren Gunea ekimeneko epaimahaiak eskerrik beroenak eman nahi dizkiete parte hartu duten guztiei. Aurkeztutako lanen maila altua ikus-entzunezko esparruan sortzen ari den talentuaren erakusgarri argia da. Ahots berri horiek guztiak sortzen, hazten eta honelako ekimenetan parte hartzen jarraitzera animatzen dituzte, sektorearen etorkizuna eraikitzen ari direnei bultzada eta ikusgarritasuna eman nahian.