- Programak Donostian amaitu du bere ibilbidea, audientzien diseinu estrategikoan oinarritutako saio batekin, sormenerako eta plangintzarako tresna gisa.
- Zinemagile berriak beren proiektuak Abycine Lanzan aurkezteko prestatzen ari dira, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.
Noka Ekoizpenaren azken modulu presentziala uztailaren 3an eta 4an egin zen, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Beren lehen film luzeak garatzeko azken fasean dauden emakume zuzendari eta ekoizle berriei laguntzeko programaren azken atalak helburu zuen audientzien diseinu estrategikoan eta proiektuak aurkezteko funtsezko materialen prestakuntzan laguntzea.
Prestakuntza Isona Admetlla soziologo eta kultur kudeatzaileak eman zuen. Esperientzia handia du aholkularitzan, irakaskuntzan eta audientzien diseinuan. Tailer praktiko baten bidez, parte-hartzaileek tresnak eta metodologiak aztertu zituzten beren audientzia potentzialak identifikatzeko eta, garapenetik abiatuta, publikoarekin elkarrizketa sortzeko, ikusleen eraikuntza sormen-prozesuaren eta ekoizpen zinematografikoaren zati integraltzat hartuta.
Modulu horrek programaren prestakuntza-fasearen amaiera markatu zuen. Azken hilabeteetan sektoreko mentore eta profesionalen aholkularitza jaso dute partaideek, hala nola Chelo Loureiro, Itsaso Arana, Almudena Carracedo, Valérie Delpierre, Mar Coll, Mercedes Selgas, Beatriz Setuain eta Isona Admetlla lagunena. Bigarren edizio honetako parte-hartzaileek — Zaira Zanguitu (‘Pajarracos’) eta María Monreal (‘El santo que vestí’) zuzendariak eta Laura Lizuma ekoizlea — beren filmen alderdi narratiboak, juridikoak, aurrekontukoak eta estrategikoak sakon landu dituzte.
Noka Ekoizpena programari amaiera emateko, Abycine Lanzan parte hartuko dute, Estatuko zinema independentearen merkatu nagusietako batean. Bertan, zinemagile hasiberriek beren proiektuak aurkeztuko dituzte industriako eragileen aurrean pitch profesional bat eskainiz. Topaketa hori funtsezko aukera da programan egindako lana ikusarazteko eta sendotzeko. Hain zuzen ere, Noka Ekoizpenaren lehen edizioan parte hartu zuten bi proiektuek sari bana jaso zuten merkatu horretan. ‘Canción animal’ filmak ECAM Forum Saria irabazi zuen, eta ‘La Koreana’ lanak Porto Post Doc Saria. Gainera, azken hori Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioan aukeratu dute.
Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaintzen die zinegileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasotzen dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen.
