Emakume zuzendari eta ekoizle hasiberriei laguntzeko Noka Ekoizpena programak bi proiektu berrirekin ekingo dio bere bigarren edizioari. Zineuskadik Tabakalerarekin batera sustatu eta koordinatutako ekimenaren lehenengo modulua datorren martxoaren 13an egingo da, Donostian.
‘La Koreana’ eta ‘Canción animal’ lanen ibilbide arrakastatsuaren ondoren, bigarren deialdi honek Zaira Zanguituren ‘Pajarracos’ eta Maria Monrealen ‘El santo que vestí’ obrak izango ditu lagun. Laura Lizuma eta Margarita Rodriguez ekoizleek ere parte hartuko dute proiektu horietan.
Noka Ekoizpena Euskadin, Nafarroan edo Iparraldean jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak esku artean dituzten emakume zuzendari berriei zuzenduta dago, lehen edo bigarren filmarekin ari direnei, hain zuzen ere. Horiez gain, Estatu mailako enpresa ekoizle baten barruan lanean ari diren edo euren kabuz arituko diren emakume ekoizleek ere parte hartuko dute formakuntzan.
Bi lan hauek garapenaren azken fasean eta aurreprodukzioaren hasieran daude, eta hainbat adituren aholkularitza izango dute gidoia eta ekoizpena amaitzeko prozesuetarako. Aurten hautatutako bi proiektuen jarraipena egingo duten lau tutoreak ere hautatuak izan dira. Gidoi eta zuzendaritza atalean, Mar Coll zinemagile, gidoilari eta irakaslea eta Itsaso Arana aktore, gidoilari eta zuzendaria arituko dira. Ekoizpenari dagokionez, aholkulari izango dira Chelo Loureiro, ikus-entzunezko formatu oso desberdinetan esperientzia luzea duen ekoizlea, eta Valerie Delpierre, Inicia Films etxearen sortzailea eta ikus-entzunezkoen industriaren barruan aniztasuna eta inklusioa sustatzen dituen ekoizlea.
Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die zinegileei. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen. Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan. Hain ere, Noka Ekoizpenaren lehen edizioan parte hartu zuten bi proiektuek sari bana jaso zuten merkatu horretan. ‘Canción animal’ filmak ECAM Forum Saria irabazi zuen, eta ‘La Koreana’ lanak Porto Post Doc Saria. Gainera, azken hori Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioan aukeratu dute.
Zineuskadi
Zineuskadiren helburu nagusia euskal ikus-entzunezkoen sektorea estrategikoki garatzen laguntzea da, dimentsio guztietan. Ildo horretan, enpresei eta profesionalei laguntza eskaintzen die, haien garapena eta hedapena errazteko Estatuan, Europan eta nazioartean. Gainera, arreta berezia jartzen du hizkuntza gutxituetan landutako ekoizpenetan, eta, bereziki, euskaraz egindakoetan.
.jpg)

