‘Dragoi-jagolea’ filma ostiral honetan estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratu dagoen Estatuko film hau euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten ikusiko dugun hirugarren filma da, ‘Museoaren zaindariak’ lanaren ostean. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren.
Sinopsia
Garai ilunak dira Txina inperialean. Antzina gizakien lagun eta aliatu jakintsuak ziren dragoiak urteetan zehar jazarriak eta ziegetan giltzapetuak izan dira. Mendiko gotorleku urrun batean, neskato batek azken dragoiari ihes egiten laguntzen dio, eta batera altxorrik preziatuena berreskuratzeko misio zoragarri batean abiatuko dira. Izan ere, hilezkortasuna lortzeko ahalmen magikoa eskuratu nahi duen azti gaizto batek lapurtutako azken herensuge-arrautzaren bila joaten dira.
Filma bihartik aurrera proiektatuko da hurrengo zinema-aretoetan: Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruña).
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu Zinema Euskaraz programaren barruan: maiatzaren 10ean, ‘Deep Sea’, eta maiatzaren 24an, ‘Jungle Bunch 2’.