‘Alan giza antena’ filma bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

‘Alan giza antena’ filma bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

2023 Maiatza 11

Zinema Euskaraz programak ‘Alan giza antena’ filma estreinatuko du ostiral honetan EAEko lau zinema-aretotan. Publiko orokorrari bideratua dagoen film danimarkarra da.

Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatuko den bosgarren filma da, ‘Yuku eta Himalaiako lorea’, ‘Momiak’, ‘Lau ahizpa magikoak’ eta ‘Mavka: basoaren zaindaria’ lanen ostean. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi du ekimenak. Euskal zinema-sektoreari laguntzeko apustuari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan.

Sinopsia

Alanek 11 urte ditu, eta uda bakarti batean giza-antena lanak egiten amaitzen du, objektu hegalari ezezagunekin obsesionatuta dagoen bizilagunarentzat. Baina aurkitzen dutena Britney da, estralurtar neska bat. Eskolarako lan bat egiten ari da giza arraza primitiboari buruz. Alanek etxera itzultzen lagundu behar dio, baina bitartean giza espeziea ulertzen saiatzen da neska.

Filma bihartik aurrera proiektatuko da Getxo Zinemak, Golem Alhóndiga (Bilbo), Gorbeia Zinemak (Gasteiz) eta Principe Zinema (Donostia) zine-aretoetan. Halaber, aurrerago Villabonan, Basteron (Andoain), Zarautzen, Beasainen eta Niessenen (Errenteria) ere ikusi ahal izango da.

Datozen hilabeteetan, Zinema Euskaraz programaren barruan, beste film batzuk ere izango ditugu. Horien artean, datorren ekainaren 16an ‘Superheroien familia’, abuztuaren 25ean ‘Una aventura gigante’ eta irailaren 22an ‘Dragonkeeper’ pelikulak iritsiko dira zine-aretoetara.