‘Mavka: basoaren zaindaria’ filma bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

‘Mavka: basoaren zaindaria’ filma bihar iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

2023 Apirila 27

Zinema Euskaraz programak ‘Mavka. Basoaren zaindaria’ filma estreinatuko du ostiral honetan EAEko zazpi zinema-aretotan. Aleksandra Ruban eta Oleh Malamuzh ukraniarrek zuzendutako filma da eta publiko orokorrari bideratuta dago.
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatuko den laugarren filma da, ‘Yuku eta Himalaiako lorea’, ‘Momiak’ eta ‘Lau ahizpa magikoak’ lanen ostean. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi du ekimenak. Euskal zinema-sektoreari laguntzeko apustuari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. 

Sinopsia

Mavkak, basoko arimak, maitasunaren eta zaindari betebeharraren arteko hautu ezinezkoari aurre egin beharko dio gizaki batez maitemintzen denean. Goi Mendi Beltzetatik haratago, izaki fantastikoz betetako erresuma bat zabaltzen da. Mavka, baso sorgindu honen zaindaria, basoa edozein eraso edo bidegabekeriatik babestea du helburu nagusi, baita gizakien erasoetatik ere. Mavkak Lucas ezagutu du, mendietan galdutako musikaren maitale gaztea, eta maitemindu egin dira. Arau guztien kontra, Mavka eta Lucas maitasun-istorio batean murgildu dira, erreinuan izango dituzten ondorioak kontuan hartu gabe. Mavkak basoa salbatu ahal izango du? 

Filma bihartik aurrera proiektatuko da Getxo Zinemak, Gran Zinema Zugaza (Durango), Niessen Errenteria, SADE (Donostia), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz) eta Golem Alhóndiga (Bilbo) zine-aretoetan. Halaber, aurrerago Lekeition ere ikusi ahal izango da. 

Datozen hilabeteetan, Zinema Euskaraz programaren barruan, beste film batzuk ere izango ditugu. Horien artean, datorren maiatzaren 12an ‘Little Alan’  pelikula iritsiko da zine-aretoetara.