Zinebin egingo da ‘Kantabria – Euskadi Networking’ jardunaldiaren lehen edizioa

Zinebin egingo da ‘Kantabria – Euskadi Networking’ jardunaldiaren lehen edizioa

2022 Urria 05

Zineuskadi eta Kantabriako Gobernuko Lehendakariordetza eta Kultura Kontseilaritza lanean ari dira Euskadin zein Kantabrian ikus-entzunezkoen sektorea sustatzeko eta bi erkidegoen arteko sinergiak sortzeko. Helburu horrekin, ZINEBI Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren hurrengo edizioari begira, jardunaldi bat antolatu dute. Kantabria – Euskadi Networking 2022 izenburua izango du eta bi eskualdeetako sektoreko profesionalak harremanetan jartzea izango du xede.

Bere premisetako bat koprodukzioa sustatzea eta networking guneak sortzea da, ekoiztetxeek elkar ezagutu eta beren proiektuak mahai gainean jartzeko. Horretarako, Zinebirekin lankidetzan, jardunaldi bat landu da, ekoizle eta profesionalak harremanetan jarri, informazioa trukatu eta bi eskualdeetan sektorea indartuko duten lankidetzak sortzeko gune bat aurki dezaten.

Jardunaldia azaroaren 14an izango da, Azkuna Zentroko Iparragirre aretoan. Eguna ‘Cinco Lobitos’ filmari buruzko Case Study batekin hasiko da, Nahikari Ipiña eta Marisa Fernández Armenteros euskal eta kantabriar ekoizleen eskutik. Biek pelikularen ekoizpenean hartu dute parte, eta lanak arrakasta handia izan du profesionalen eta ikusleen artean.  Ondoren, hautatutako sei lanek, eskualde bakoitzeko hiruk, aurkezpen-pitch bat egiteko aukera izango dute. Gainera, jardunaldia osatzeko, Zineuskadik aukeratutako hiru proiektuek aukera izango dute Marisa Fernández Armenterosekin batera ‘one to one’ mentoria bat egiteko; Kantabriako proiektuek, berriz, Nahikari Ipiñarekin egingo dute, bi eskualdeetako ordezkariek ezagutzak partekatzeko eta ideiak sakonago ezagutzeko aukera izan dezaten.

Networking jardunaldi hau bi eskualdeen artean filmatzeko interesgarriak izan daitezkeen edo bi eskualdeen arteko lankidetza gauzatzeko egokiak izan daitezkeen fikziozko, dokumentalezko edo animaziozko lehen eta bigarren proiektuei zuzenduta dago. Jardunaldi honetan parte hartu nahi duten euskal profesionalek urriaren 16ra arteko epea izango dute, 23:59ean, dagokion dokumentazioa info@cantabriafilm.com helbidera bidaltzeko.