Donostia Zinemaldiak 17 euskal lan aukeratu ditu aurtengo ediziorako

Donostia Zinemaldiak 17 euskal lan aukeratu ditu aurtengo ediziorako

2022 Abuztua 26

Urteko zinema-hitzordu garrantzitsuenetako bat hurbiltzen ari da, Donostia Zinemaldia, eta euskal zinemak presentzia nabarmena izango du. Hala, berriro ere agerian geratuko da sektoreak bizi duen sormen-une ona. Guztira 17 lan aukeratu ditu jaialdiak hirurogeita hamargarren edizio honetarako.

Bi euskal film lehiatuko dira aurtengo Urrezko Maskorra eskuratzeko. Alde batetik, ‘Suro’ (Irusoin), Mikel Gurrea zuzendari donostiarraren lehen film luzea. Lanak hiria utzi eta artelatz basoetan bizitza berri bat hastea erabakitzen duen eta guraso izateko zorian dagoen bikote baten istorioa kontatzen du. Bestalde, Kowalski Films ekoiztetxearen eta Fernando Francoren azken lanak ere parte hartuko du: ‘La consagración de la primavera’. Ustekabeko topaketa batek bizitza nola alda diezagukeen azaltzen duen istorioa da.

Zuzendari Berriak atalean, María Elorza eta Txintxua Filmsen ‘A los libros y a las mujeres canto’ filmarekin gozatzeko aukera izango dugu. ZINEBI Networking foru profesionaleko Proiektu Onenaren Saria eta Malagako Jaialdia – WIP España saria jaso ondoren, zuzendari arabarrak Donostian biziko du bere filmaren mundu-estreinaldia. Zabaltegi – Tabakaleran, berriz, Estibaliz Urresolak zuzendutako ‘Cuerdas’ (Gariza Films, Katz Estudio eta Sirimi Films) film laburra Donostiara iritsiko da Cannesko Kritikaren Astean Rails d 'Or saria eskuratu ondoren; eta baita Lur Olaizolaren ‘Hirugarren Koadernoa’ ere. Nabarmentzekoa da bi lanak aurten Zineuskadik kudeatzen duen Kimuak katalogorako aukeratuak izan direla.

Irailaren 30ean zinema-aretoetan proiektatu aurretik, Anoetako Belodromoan ‘Black is beltza II: Ainhoa' Fermin Muguruzak zuzendutako pelikularen bigarren zatiaren mundu-estreinaldiarekin gozatzeko aukera izango dugu. Talka Records & Filmsek eta argentinako Lagarto Films eta Draftoon Studio ekoiztetxeek koproduzitzen dute pelikula.

Zinemira ere ez da faltako hirurogeita hamargarren edizio honetan. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Irizar eta EITBren babesarekin, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APVren, IBAIAren eta Zineuskadiren laguntzarekin euskal zinemari eskainitako atala da, hain zuen ere.

Bertan, urteko arrakasta handietako batez gozatu ahal izango dugu, ‘Cinco lobitos’ (Sayaka Films), Alauda Ruiz de Azuaren opera prima. Horrekin batera ikusi ahal izango ditugu ‘El vasco’, Jabi Elortegik zuzendutako Pausokaren nazioarteko koprodukzioa, eta ‘My way out’ (Atera Films), Izaskun Arandiak Londresko 'The way out' transgenero klubari buruz egindako dokumentala. Bestalde, Txintxua Films eta Hiruki Filmak ekoiztetxeen ‘918 gau’ ikusteko aukera ere izango dugu, 2018an Ikusmira Berriak atalean garatutako izen bereko proiektutik sortutako lana. Arantza Santestebanen filmak hainbat aintzatespen jaso ditu, bai Estatuan bai atzerrian.

Gainera, Ander Iriartek Mirokutanarekin batera egindako azken lana ezagutuko dugu, ‘Karpeta Urdinak’, Paco Etxeberria auzitegiko medikuak zuzendu zuen torturaren inguruko ikerketaren emaitzak biltzen dituen dokumentala. Torturei buruz ere hitz egiten du Jon Mikel Fernándezen eta Muara Kultur Elkartearen ‘Bi arnas’ proiektuak. Bi protagonista dituen dokumental bat aurkezten digute: ama, Maria Nieves Díaz, eta alaba torturatua, Iratxe Sorzabal Diaz. Era berean, Xuban Inxaustiren 'Gesto' lanak indarkeriari aurre egin zioten euskaldunen memoriaren aztarna erakusten du, Bakearen Aldeko Koordinakundearen historiaren bitartez.

Zinemaldiak hartuko dituen gala-ekitaldietan, alde batetik, Alberto Gastesiren (Vidania Films) opera prima proiektatuko da, egoera desberdin batean beste bide batzuk hartu ahal izan zituzten bi pertsonaren maitasun istorioa aztertzen duena; eta, bestetik, EiTBren eskutik, ‘Kepa Junkera. Berpiztu’ (Filmak TV) lanaren estreinaldiaz gozatu ahal izango dugu. Dokumental honetan, Fermin Aiok trikitilariaren memoriak eta obra biltzen ditu, baita 2018an sufritutako iktusaren ondorioak islatu ere.

Bestalde, zine ikasleen nazioarteko film laburren lehiaketan, Nest sailean, Nagore Muriel Letamendiaren ‘Erro bi’ film laburrak hartuko du parte.  UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasle batek zuzendutako lana da hori. Aldi berean, Mikele Landa Eigurenen ‘Noizko basoa’ egongo da bertan, Elías Querejeta Zine Eskolak (Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak parte hartzen duten eskolak) aurkeztutako film laburra.

Beste jarduera batzuk

Hirurogeita hamargarren edizio honetako Zinemira saria iaz zendutako Txema Areizaga elektrizitate teknikariari emango diote eta, bide batez, zinemako profesional teknikoei omenaldia egingo zaie.

Jaialdiak hautatutako 17 pelikulez gain, aurtengo Kimuak katalogoa osatzen duten zazpi film laburrak ere proiektatuko dira: aurretik aipatutako ‘Cuerdas’ eta ‘Hirugarren koadernoa’; Irati Gorostidiren ‘Contadores’; Maider Fernandezen ‘Fe’; Ainhoa Olasoren eta Enara Garcíaren ‘Hemen bizi da maitasuna’; Maider Oleagaren ‘Irrits’ eta Aitzol Saratxagaren ‘Lanbroa’.

Era berean, IBAIAk Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean antolatutako Lau Haizetara dokumentalen koprodukzio foroak hiru euskal proiektu aukeratu ditu irailaren 19tik 21era bitartean gauzatuko den edizioan parte hartzeko: ‘Flying hands’ (Al borde films), ‘If you wish to make an apple pie’ (IZAR Films eta El santo films) eta ‘Y punto’ (Ínsula Sur eta Mirokutana).

Azkenik, aurten, berrikuntza gisa, inbertitzaile sortzaileen biltzar berri bat abiarazi du jaialdiak, eta hiru euskal proiektu hautatu ditu bertan parte hartzeko: ‘Baleazaleak / Whalemen (At the ends of the earth)’, Bartasar Kormákurrek zuzendua eta Euskadi Movie-k ekoitzia; ‘Karmele’, Asier Altunak zuzendua eta Txintxua Filmsek ekoitzia; eta ‘Una ballena / A whale’, Pablo Hernadok zuzendua eta Señor y Señorak ekoitzia. Halaber, Irati Gorostidik ‘Anekumen’ proiektua erakutsiko die zinema-industriaren ordezkariei. Ikusmira Berriak ekimenaren egoitzetan garatu duen lana da.