NAEN Euroeskualdeko Telesailen Sariak Euskadiren, Akitania Berriaren eta Nafarroaren arteko ikus-entzunezko lankidetza sustatuko du

NAEN Euroeskualdeko Telesailen Sariak Euskadiren, Akitania Berriaren eta Nafarroaren arteko ikus-entzunezko lankidetza sustatuko du

2022 Uztaila 08

Sariaren bigarren edizioan, 6.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak irailaren 10ean Gasteizko FESTVAL telebista-jaialdiaren baitan.

Euskadi/Akitania-Berria/Nafarroa Euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzak, Zineuskadik, Akitania Berria eskualdeak, Akitania Berriko Kultura sailak eta Nafarroako Gobernuak NAEN Euroeskualdeko Telesailen Sariaren bigarren edizioa aurkeztu dute. Hiru lurraldeen arteko ikus-entzunezko lankidetza sustatzea helburu duen egitasmo honek 6.000 euroko saria emango dio proiektu irabazleari.

2021ean sortutako saria Gasteizen banatuko da aurten, 2022ko irailaren 5etik 11ra gauzatuko den FESTVAL telebista-jaialdiaren baitan. Profesionalen epaimahai batek egindako lehen aukeraketaren ondoren, hautatutako 3-6 proiektuek beren telesaila defendatzeko aukera izango dute irailaren 9an FESTVALen egingo den pitching saio batean. Jardunaldi horrek Euroeskualdea izango du ardatz, eta plataformen hedapenaren aurrean hiru lurraldeen artean koproduzitzeak ekar ditzakeen abantailak izango dira hizpide. Proiektu irabazleak irailaren 10eko galan jasoko du saria.

Saria jasotzeko baldintzak

Euroeskualdeko hiru lurraldeetako batean kokatuta egon beharko dute hautagaiek, eta telesail, miniserie, fikzio, animazio edo telebistarako zein plataformetarako dokumental proiektuak aurkeztu beharko dituzte. Proiektuek garapen- edo aurreprodukzio-fasean egon beharko dute; beraz, baztertu egingo dira ekoizpenarekin loturiko jarduerekin hasita daudenak. Hautagaitzak online bakarrik aurkeztu ahal izango dira, FESTVALen webgunearen bidez eta uztailaren 27ra arte. Informazio guztia Euroeskualdearen webgunean dago eskuragarri.

Ekimen hau Euskadi/Akitania-Berria/Nafarroa Euroeskualdeko ikus-entzunezko sektorea sustatzeko sortu da, bertako industria, talentua, lokalizazioak, hizkuntzak, historia eta lurraldeko beste aktibo batzuk nabarmentzeko. Horregatik, proiektuen balio artistikoa eta Euroeskualdearekin duten lotura hartuko dira kontuan, batik bat.

Koprodukzio gida

Euroeskualdeko ikus-entzunezko lantaldeak egindako lanari esker gauzatu da, besteak beste, Euroeskualdearen koprodukzio gida. Mugaz gaindiko koprodukzioa gauzatu nahi duten eragileentzat beharrezkoa den informazioa biltzen du dokumentu horrek: euroeskualdeko gobernu kideen lehentasun nagusiak, zergak itzultzeko politikak, laguntza-eremuak, funtsak, sektore-elkarteen kontaktuak, zinema-batzordeen kontaktuak, jaialdietako arduradunen kontaktuak, etab.