EAEko eta Nafarroako zinema-aretoek ‘Ama Mu etxera itzuli da’ filma estreinatuko dute bihar, Zinema Euskaraz programaren barruan

EAEko eta Nafarroako zinema-aretoek ‘Ama Mu etxera itzuli da’ filma estreinatuko dute bihar, Zinema Euskaraz programaren barruan

2022 Maiatza 12

‘Ama Mu etxera itzuli da’ filma estreinatuko dute bihar EAEko eta Nafarroako sei zinemak, Zineuskadik bultzatutako Zinema Euskaraz programaren barruan. Familia osoarentzako suediar filma da, Christian Rylteniusek zuzendua eta Jujja Wieslanderren haurrentzako liburu batzuetan oinarritua.

Film hau, ‘Ilargirantz’, ‘Ainbo: Amazoniako gerraria’ eta ‘Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste ipuin batzuk’ filmen ostean, Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programaren aurtengo laugarren estreinaldia izango da. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan.

Sinopsia

Zikoina bidaiaria baserrian agertzen den egunean, Ama Muk bere buruari galdetzen dio zer esan nahi duen benetan 'etxe' hitzak. Nola egon daiteke ziur bizi den belardia eta landetxea bere etxea direla? Eta mundu handi horretako beste lekuren batean bizitzeko leku hoberik balego? Beleari kosta egiten zaio lagunari erakustea bizitzeko leku aproposena ez duela zertan kanpoan topatuko.

Zinema hauetan proiektatuko da filma: Golem Alhóndiga (Bilbo) eta Golem La Morea (Iruña), Antiguo Berri (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria), Gorbeia Zinemak (Gasteiz) eta Getxo Zinema (Getxo).