‘Ilargirantz’ filma bihar iritsiko da EAEko eta Nafarroako zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

‘Ilargirantz’ filma bihar iritsiko da EAEko eta Nafarroako zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

2022 Urtarrila 13

Zinema Euskaraz programak ostiral honetan ekingo dio edizio berriari EAEko eta Nafarroako zinema-aretoetan estreinatuko den ‘Ilargirantz’ filmarekin. Ali Samadi Ahadik zuzendutako film alemaniarra da, publiko guztientzat egokia.

Zineuskadik sustatuta, Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatuko den lehen filma da. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi du ekimenak. Egitasmo honi esker, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

Sinopsia

Bahitutako bere arreba txiki Anne erreskatatzeko, Peterrek bidaia magiko bati ekin beharko dio lurralde misteriotsu batean barrena... ilargia!  Bertako Gizon gaiztoak bahitu du Anne, honek bere lagun kakarraldoari, Zoomzeman jaunari, emaztea bilatzen laguntzen ari zitzaionean. Bere fantasiazko abenturan, Larre izartsuan lurreratuko da Peter, eta “lo dagoen” Hareaztatzaile jauna ezagutuko du. Bertan jakingo du Anne non dagoen aurkitzeko modu bakarra Gaueko Maitagarriaren afarira joatea dela, Hodeietako Jauregian. Baina hango mahaian ez dago guztientzako eserlekurik. Eta hala, Naturako bost espirituekin lehiatu beharko du: Erraldoi Ekaiztsua, Txinparta Sorgina, Henry Kazkabar, Robin Zaparrada eta Ama Antzigarra.

Zinema hauetan proiektatuko da filma: Golem Alhóndiga (Bilbo) eta Golem La Morea (Pamplona), Príncipe Zinema (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria), Multicines 7 (Bilbo), Zugaza Zinemak (Durango) eta Getxo Zinema (Getxo).