Euskal zinema, protagonista berriro ere Abycine jaialdian

Euskal zinema, protagonista berriro ere Abycine jaialdian

2021 Urria 20

Abycine, Albaceteko zinema independentearen jaialdia, bihartik (urriak 21) urriaren 29ra arte gauzatuko da eta, bertan, gure zinemaren kalitate handia erakutsiko duten bederatzi euskal proiektuk hartuko dute parte.

Jaialdiaren hogeita hirugarren edizio honetan, Abycine Indie sailak hiru euskal film hautatu ditu. Atal horrek komertzialki estreinatu ez diren eta zinema gaztearen fenomeno “independentearen” erakusgarri diren zuzendari espainiarren lanak aintzatesten ditu. Batetik, Aitor Merinok zuzendutako azken lana dugu, ‘Fantasia’. Proiektuaren gidoi prestatze lanetan Aitor bera aritu da, Ainhoa Andrakarekin, Zuri Goikoetxearekin eta Amaia Merinorekin batera. Doxa Producciones-en film honek hainbat urtez bananduta egon ondoren 'Fantasia' izeneko itsasontzi batean itsas bidaia egiteko elkartzea erabakitzen duen familia baten istorioa kontatzen du. Itsaso zabalean badirudi denbora ez dela igarotzen, baina horizontetik haratago errealitateak aurrera egiten jarraitzen du atsedenik gabe.

Bestalde, Iván Ruiz zuzendariak bere opera prima erakutsiko du Albaceten: ‘Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas’. Lana Amania Filmsek ekoitzi du eta Juliaren istorioa kontatzen du, Blanca Portillo protagonista duela. Erretiroa hartu berri duen emakumea da Julia, eta erabaki zail bat hartu beharrean dago, bere ametsa jarraitu eta eskultore izan, edo dena alde batera utzi eta gaixo dagoen ama zaintzen gelditu.

Dynamite Filmsek ekoitzi eta Juan Gautierrek zuzendutako ‘Shooting for Mirza’ lana ere izango da jaialdian. Film honetan, Dankok, Mirza Delibašić saskibaloi legendaren semeak, bidaia emozional bati ekingo dio bere aita berraurkitzeko. Euren harremanean murgildu eta aitaren nortasun berezi eta eztabaidagarriari buruz ezagutzen ez zituen alderdi batzuk aurkituko ditu.

Film laburrak ere bai

Guztira 26 film labur hautatu dituzte Abycine Cortos sailean lehiatzeko, eta horietatik bost Euskadikoak dira. Besteak beste, Esti Urresola Laudioko zuzendaria hurbilduko da Albacetera, Sirimiri Films ekoiztetxearen 'Polvo Somos' lehen film laburrarekin. Lanak iaz Zinebiko Film Labur Onenaren saria lortu zuen, eta asteburu arraro bezain maitagarria bizi duten lau emakumez osatutako familia baten erretratua egiten du.

Kevin Iglesiasek eta Pedro Riverok ‘Los días que (nunca) fueron’ film laburra aurkeztuko dute. Abrakamek, Media Attackek, Euskal Herriko Zinema Eskolak eta Amania Filmsek ekoitzi dute lan hau, eta Zineuskadiren eta EiTBren partaidetza ere badauka. Halaber, Itxitik deialdian parte hartu du. Fenomeno bitxi bat gertatzen den arte beren bizitzako unerik onena bizitzear dauden hiru pertsonaiaren historia kontatzen du lanak.

Era berean, Veneziako Mostrako Orizzonti sailean parte hartu ondoren, sentsazio onekin joango da Mikel Gurrea jaialdira, 'Heltzear' lanarekin. Irusoinek ekoitzitako euskarazko film laburra da, 2000. urteko Donostian girotua, eta euskal gatazka nerabeen ikuspegitik jorratzen du. Sara, 25 urteko eskalatzailea, bere bizitzako igoerarik zailenerako entrenatzen ari da falta den anaiari gutun bat idazten dion bitartean.

Halaber, ‘Homeless Home’ ere proiektatuko da, Alberto Vázquezen azken lana, Iván Miñambresek eta Uniko Films eta Autour de Minuit enpresek ekoitzia. Bai Espainian bai nazioartean aintzatespen ugari jaso dituen film labur hau Alberto Vázquezek haurtzaroan irakurri zituen Erdi Aroko fantasietan oinarritzen da. Krisi ekonomikoaren ondorioz, jaioterrira itzultzen ari diren hainbat protagonista aurkezten ditu filmak, ogroaren, orkaren eta sorginaren arteko maitasun-triangeluaren bidez.

David Pérez Sañudo, azken urteko zinemagile entzutetsuenetako bat, ere ez da faltako Abycinen. Bilboko zuzendariak ‘La colcha y la madre’ izeneko azken film laburra aurkeztuko du Albaceten. Lan honetan Marina Paresen laguntza izan du, berriz ere, gidoia egiteko, eta alaba eta ama baten arteko familia-istorio xume eta hunkigarria kontatzen du.

Azkenik, Hecho en CLM atalak ere euskal lan bat izango du, Roberto Valle zuzendariaren 'Nacer' izeneko animazio proiektua, UniKo eta Auntie Filmsek ekoitzia.