Animazio edukia sortzen duen Bilboko UniKo Estudio Creativo ekoiztetxeak bi sari irabazi zituen maiatzaren 29an, Tenerifen, Iberoamerikako Animazioaren Quirino sarien galan. Lehiaketa hau nazioarteko entzutetsuenetako bat da, eta emaitza hauek euskal ekoiztetxeak egin dituen azken proiektuen aintzatespenekin bat egiten dute.
Alberto Vazquezek zuzendu eta Ivan Miñambresek Autour de Minuit ekoiztetxe frantziarrarekin elkarlanean ekoitzitako 'Homeless Home' film laburra saritu zuten bereziki. Vázquezen film labur sendo eta osoena denak Iberoamerikako Animazio Film Laburrik Onenaren Quirino Saria jaso zuen larunbatean, baita Villeurbanneko Film Court jaialdi frantseseko Animazioko Film Labur Onenaren saria ere.
Hala, bi sari berri horiek proiektuak Estatuan zein nazioartean lortu dituen aipamen zerrenda luzeari gehituko dira. Lana Annecyko Nazioarteko Animazio Zinema Jaialdiaren Sail Ofizialean estreinatu zen eta bertan Epaimahaiaren Saria lortu duen Estatuko lehen film laburra izan zen. Ordutik, Vazquezen proiektua Annecyko epaimahaiak berak aukeratu zuen Oscarretarako hautagai izateko, Goya sarietarako izendapena ere lortu zuen eta lehen mailako nazioarteko jaialdietan 40 kategoria baino gehiagotan lehiatu da.
Zinegile coruñarrak haurtzaroan irakurri zituen Erdi Aroko fantasietan oinarritzen da laburra. Krisi ekonomikoaren ondorioz, jaioterrira itzultzen ari diren hainbat protagonista azaltzen ditu filmak, ogroaren, orkaren eta sorginaren arteko maitasun-triangeluaren bidez.
‘Loop’ -ek ere
Iberoamerikako Animazio Lanaren Jatorrizko Soinu eta Musika Diseinu Onenaren saria Joseba Beristain zinemagile eta musikariari eman zioten, Pablo Polledri zuzendari argentinarraren ‘Loop’ film laburrean egindako lanagatik, UniKok ekoitzia. Animaziozko film labur honek zortzi minutu irauten ditu, eta egunerokotasunean harrapatuta dagoen gizarte batetik ihes egin nahi duen bikote baten egoera erakusten du.
Aintzatespen horiek berretsi egiten dute Bilboko enpresa aspalditik egiten ari den lan handia. Aurten, Annecyko Zinemaldiak Alberto Vazquezen 'Unicorn Wars' film luzea (UniKo – Abano Producóns – Autour de Minuit – Schmuby) aukeratu du MIFA merkatuko Work In Progress sailaren lehen edizioan parte hartzeko. Proiektu berri hau garapen fasean dago, eta Cartoon Movie eta Ventana Sur bezalako ekitaldi garrantzitsuetan ere parte hartu du. Baso magiko batean peluxezko hartzatxoen eta adarbakarrekoen arteko gerra bati buruzko fabula epiko-beliko moduko bat kontatzen du.