‘Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa’ filma estreinatuko da bihar EAEko zinema-aretoetan, Zinema Euskaraz programaren barne

‘Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa’ filma estreinatuko da bihar EAEko zinema-aretoetan, Zinema Euskaraz programaren barne

2021 Apirila 29

Ostiral honetan, EAEko hamahiru zinemak 'Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa' filma estreinatuko dute Zinema Euskaraz programaren barruan. Norvegiar filma da eta Marit Moum Aune eta Rasmus A. Sivertsen ditu zuzendari.

'Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa' 2021ean Zinema Euskaraz programaren barruan estreinatzen den laugarren filma da, 'Tom eta Jerri', 'Elfkinak' eta 'Kranston ikastetxea: munstroen eskola' pelikulen ostean. Izan ere, ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoa du Zineuskadik, batik bat COVID-19 eragindako egungo egoeraren ondorioei aurre egiten laguntzeko. Egitasmo honi esker, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz. 

Hurrengo zinema-aretoetan ikusi ahal izango da filma: Antiguo Berri Zinema (Donostia), Zugaza (Durango), Getxo, Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Golem Alhóndiga (Bilbo), Multicines 7 (Bilbo), Usurbe (Beasain), Modelo Antzokia (Zarautz), Bastero Kulturgunea (Andoain), Gurea Antzokia (Amasa-Villabona), Zelai Aristi Aretoa (Zumarraga) eta Areria Aretoa (Lazkao). 

Era berean, datozen hilabeteetan publiko zabalari zuzendutako hainbat film izango ditugu ikusgai. Horien artean, 'Maya Erlea, urrezko esfera' (maiatzean) eta 'Space Jam' (uztailean).

Sinopsia

Kondairak dio badela nonbait ahalmen berezidun diamante magiko bat: ilbetearen argiak ukitzen duenean, bere jabearen desioak betetzen omen ditu. Maga Kahn mago arriskutsuaren ametsa bizitoki duen oihan ilunetik ateratzea da. Izan ere, ezin du eguzkiaren argia jasan, erre egiten baita izpi batek azala ukitu bezain pronto.

Sablehortz kapitainak, itxuraz munduko piratarik anker eta beldurgarrienak, bere ontzia urre eta bitxiz bete nahi du. Pinky gazteak, aldiz, bizimodu lasaia du helburu, eta, Veronicak, haren lagunik onenak, abenturak ditu amets. Ezustean, baina, Marco txikia da diamantearekin ihes egiten duena, eta konturatu orduko, denak ere diamante magikoa lortzeko lasterketa arriskutsu batean murgilduko dira.