‘Kranston ikastetxea: munstroen eskola’ bihar iritsiko da EAEko aretoetara Zinema Euskaraz programaren barruan

‘Kranston ikastetxea: munstroen eskola’ bihar iritsiko da EAEko aretoetara Zinema Euskaraz programaren barruan

2021 Martxoa 11

Zinema Euskaraz programak bultzatutako ‘Kranston ikastetxea: munstroen eskola’ filma estreinatuko dute bihartik aurrera, euskaraz, EAEko zortzi zinemak. Leopoldo Aguilar zinegileak zuzendutako haurrentzako animazioko pelikula estatubatuarra da.

Zinema Euskaraz programaren barruan 2021ean estreinatuko den bigarren filma da, ‘Elfkinak’ pelikularen ondoren. Honekin, Zineuskadik jarraipena emango dio euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoari COVID-19aren kolpeari aurre egiteko, batik bat. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak haur eta gazteei zuzenduriko pelikulen bikoizketa bultzatu eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Aurten, bereziki, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

Hurrengo zinema-aretoetan ikusi ahal izango da filma: Antiguo Berri Zinema (Donostia), Zugaza (Durango), Getxo, Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Golem Alhóndiga (Bilbo), Usurbe (Beasain) eta Modelo Antzokia (Zarautz).

Era berean, datozen hilabeteetan publiko zabalari zuzendutako hainbat film izango ditugu ikusgai, eta, horien artean, dagoeneko aurreratu dezakegu hurrengo filmak ‘Tom eta Jerry’ (martxoak 26) eta ‘Sablehortz kapitaina’ (apirilak 30) izango direla.

Sinopsia

Ikasle buruargi bat jenioentzako barnetegi batera aldatu dute, eta han, ustekabean, beste dimentsio bateko munstroen atari bat zabaldu du: ezustekoz beteriko mundu bat irekiko zaio.