‘Ipuin-herriko berriak’ bihar iritsiko da EAEko aretoetara Zinema Euskaraz programaren barruan

‘Ipuin-herriko berriak’ bihar iritsiko da EAEko aretoetara Zinema Euskaraz programaren barruan

2020 Abendua 17

Bihar, EAEko lau zinemak Zinema Euskaraz programak bultzatutako ‘Ipuin-herriko berriak’ filma estreinatuko dute, eta gure lurraldean euskaraz bakarrik ikusi ahal izango da. Jens Moller-ek eta Freek Quartier-ek zuzendutako film holandarra ‘Las crónicas de Fabulandia’ haurrentzako telesailean oinarrituta dago.

‘Ipuin-herriko berriak’ filmarekin dagoeneko bost dira Zinema Euskaraz programak itxialdiaren ondoren estreinatu dituen pelikulak: ‘Bihurri’, ‘Koko, dragoi txikia oihanean’, ‘Startdog & Turbocat’ eta ‘Dragoiaren gidaria’. Datu horrek agerian uzten du Zineuskadik euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko hartutako konpromisoa. Izan ere, kontuan izan behar dugu sektore honi COVID-19aren pandemiak behartutako geldialdiak gogor eragin diola. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak pelikulak bikoiztea bultzatzen du haur eta gazteentzat, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Testuinguru horretan, berriro jarri da martxan Zinema Euskaraz programa, zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz. 

Sinopsia

Hontz jaunak, bere zuhaitzera igota, ‘Ipuin-herriko berriak’ egunkaria irakurtzen du goizero. Bertan, Ipuin-herrin gertatzen diren istorio zoragarriak kontatzen dira, baina, batez ere, herriko biztanle guztien ezuste, haserre, esperientzia eta emozioen berri ematen du egunkariak. Clara andereñoak, Bele jaunak eta gainerako lagunek kuadrilla dibertigarria osatzen dute. Nahiz eta batzuetan iritzi ezberdinak izan, asko zaintzen dute elkar.

Hurrengo zinema-aretoetan estreinatuko da filma: Golem Alhóndiga (Bilbo), Multicines 7 (Circuito Coliseo Bilbao), Niessen (Errenteria) eta Antiguo Berri (Donostia-San Sebastián).