‘Dragoiaren gidaria’ bihar iritsiko da EAEko aretoetara, euskaraz

‘Dragoiaren gidaria’ bihar iritsiko da EAEko aretoetara, euskaraz

2020 Abendua 03

Bihar, ostirala,  Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan, ‘Dragoiaren gidaria’ (Alemania) filma estreinatuko da gure lurraldeko zinema-aretoetan.

Bihar, ostirala,  Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan, ‘Dragoiaren gidaria’ (Alemania) filma estreinatuko da gure lurraldeko zinema-aretoetan.

Zineuskadiren Zinema Euskaraz programak bultzatutako ‘Dragoiaren gidaria’ filma estreinatuko dute bihar EAEko bederatzi zinema-aretok. Gure lurraldean euskaraz bakarrik ikusi ahal izango den pelikula hau itxialdiaren ondoren estreinatutako laugarrena da, ‘Bihurri’, ‘Koko, dragoi txikia oihanean’ eta ‘Startdog & Turbocat’ filmen atzetik. Horrela, Zineuskadik jarraipena eman dio euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoari. Izan ere, kontuan izan behar da zinema-sektoreari gogor eragin diola COVID-19aren pandemiak behartutako geldialdiak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak pelikulak bikoiztea bultzatzen du haur eta gazteentzat, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Testuinguru horretan, berriro jarri da martxan Zinema Euskaraz programa, zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.  

‘Dragoiaren Gidaria’ Tomer Eshed-ek zuzendutako filma da, Cornelia Funkeren ‘Dragon Rider’ best-sellerrean oinarritua. Istorioak Firedrake dragoiaren abenturak kontatzen ditu. Dragoi gaztea da, gizakiengandik basoan ezkutatzen ibili beharraz nekatuta dagoena eta leinuko nagusiei jada benetako dragoia dela erakusteko irrikan dagoena. Izan ere, gizakiak dragoien azken babeslekua suntsitzeko zorian daudenean, orduan ekingo diote Firedrakek eta bere lagun Gorritxok, ezkutuan, Zeruaren Ertzaren bila joateko abenturari. Kondairak dioenez, bertan dago dragoien santutegia. Bilaketa-bidaia horretan Firedrakek eta Gorritxok Ben ezagutuko dute, eurekin bat egingo duen kaleko mutil umezurtza. Baina laster ikusiko dute ez doazela bakarrik... Zatartor atzetik doakie eta. Munstro izugarri ikaragarria da, eta asmo bakarra du: Lurreko dragoi guztiak aurkitu eta akabatzea.
Hurrengo zinemetan estreinatuko da filma: Getxo Zinemak (Getxo), Gran Cinema Zugaza (Durango), Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Príncipe (Donostia), Modelo (Zarautz), Bastero (Andoain), Zelai Aristi Aretoa (Zumarraga) eta Usurbe Antzokia (Beasain).
Era berean, abenduan, Zinema Euskaraz programaren barruan, ‘Fabulandiako kronikak’ filma iritsiko da aretoetara. Freek Quartierrek eta Jens Mollerrek zuzendutako film hau estilo klasikoko fabula bat da. Búho jaunak, bere zuhaitzetik, Fabulandian gertatzen diren istorio zoragarriak kontatzen dituen tokiko egunkaria irakurtzen du goizero.