Programan izena emateko epea abuztuaren 31ra arte dago zabalik.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute egonaldirako eta ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Ikusmira Berriak programa, eta, gaurtik aurrera, abian da zazpigarren deialdia.
Abuztuaren 31ra arteko epea egongo da Euskadiko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako zinema-proiektuak, Nest sailean parte hartutakoak eta EQZEko ikasleenak aurkezteko. Azaroan jakinaraziko dira bost kategoriatan hautatu diren lanak.
Donostiako Tabakalera zentroan egin beharreko zortzi asteko egonaldia bitan banatuko da berriro: sei aste 2021eko martxoaren 15etik aurrera proiektua martxan jartzeko, eta beste bi asteak Zinemaldian bertan, zuzendariek beraiek proiektua, ordurako garatu samar izango dutena, zinema-industriako ordezkarien aurrean aurkezteko.
Apiriletik irailera bitarte, zinemagileak bere kontura ariko dira proiektuan lanean, adituen batzordearen aldetik online-tutoretza jasota. Gainera, haututa diren lanek 5.000 euroko garapenerako laguntza jasoko dute maiatzean.
Aurtengo Ikusmira Berriak proiektuei dagokienez, Diego Céspedesen La misteriosa mirada del flamenco Torino Film Lab-en hautatu dute eta Jessica Sarah Rinlanden Monólogo Colectivo-k Rotterdameko zinema-jaialdiaren Hubert Bals funtsaren laguntza jasoko du.
Halaber, nazioarteko zinema-jaialdietan hautatu eta saritu ere egin dituzte aurreko edizioetako proiektuak, esaterako, El agua (Elena López Riera); Pornomelancolía, (Manuel Abramovich), eta Dormen os peixes de olhos abertos (Begiak zabalik egiten dute lo arrainek) (Nele Wohlatz). Donostiako Zinemaldian, aldiz, hainbat sailetan izan dira Ikusmira Berriak egonaldietan garatu diren obrak, tartean, Las letras de Jordi, Maider Fernández Iriarterena; Muga deitzen da pausoa, Maider Oleagarena eta Trote, Xacio Bañorena.
Gainera, azken urteetan Ikusmira Berriak proiektuan parte hartu duten proiektu batzuk 2020an estreinatuko dira: Stephanie (Leonardo Van Dijl); Chupacabra (Grigory Kolomytsev) eta Jo ta ke (Aitziber Olaskoaga).
Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak laguntzeko programa bat da, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatua, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren legatuaren parte da.