Bederatzi euskal film hautatu dituzte Málagako 22. zinema-jaialdian

Bederatzi euskal film hautatu dituzte Málagako 22. zinema-jaialdian

2019 Martxoa 18

Sail ofizialetarako hautatutako bederatzi filmekin eta urteko euskal produkzioaren 2019ko katalogoarekin, Basque Audiovisualek lehen aldiz izango du stand bat Málagako industriaren eremuko Villagean.

2019ko martxoaren 15etik 24ra egingo den Málagako zinema-jaialdiak euskal enpresa ugari erakarriko ditu lehen aldiz, eta Basque Audiovisual markapean espazio propio bat izango dute itsasoko villagean, Zineuskadiren, Etxepare Institutuaren eta Eiken Klusterraren lankidetzari esker.

Aurten, bederatzi euskal produkziok hartuko dute parte zinema-jaialdiaren zenbait sailetan: El doble más quince, Mikel Ruedak zuzendua eta Baleukok produzitua, Lehiaketako Sail Ofizialean estreinatuko da. Filmak bizitzaren bi aldi guztiz desberdinetan sortzen diren galdera existentzialei erantzuten die. Hori irudikatzeko, bizitzan egin beharreko guztia egin duela dirudien emakume heldu bat eta bizitza guztia aurretik duen nerabe bat ditugu. Beste estreinaldi handi bat luzez esperotako Elcano, lehen mundu bira izango da, Dibulitoon Studiok produzitua eta Ángel Alonso Garcíak zuzendua. Film hori estreinaldi berezi gisa emango da, eta inoiz gertatutako abentura handienetako baten berri emango digu: munduaren lehen itzuliarena, hain zuzen. Bidaia hori Magallaesen gidaritzapean hasi zen, baina Juan Sebastian Elkanok amaitu zuen. Ekaitzak, gosea, hotza, gaixotasunak, tribuak, traizioak eta abentura sinesgaitz ugari aurkituko dituzte bidean gure protagonistek. Bost itsasontzi irten ziren Sevillako portutik. Hiru urte geroago, bakar bat baino ez zen itzuli, munduaren inguruan itzuli biribil bat egin eta gero eta, bidez batez, Lurra biribila dela frogatuz. Zonazineko film luzeen artean El increíble finde menguante aurkeztuko da. Trepamuros Produccioneseko Jon Mikel Caballerok zuzendutako lan honetan Albaren istorioa kontatzen da: 30 urte bete berritan, lagunekin landetxe batean asteburu pasa egiteko asmoa du. Bere parranda-planak berehala zapuztuko dira Pablo mutil-lagunak uzten duenean. Alba denboran kateatuta geratuko da orduan, asteburuko gertakariak behin eta berriz errepikatzen hasten direnean. Baina gauza bat aldatzen ari da, errepikapen bakoitza aurrekoa baino ordubete laburragoa baita. Zer gertatuko da denbora agortzen denean? Zer gertatuko da dena behin betiko amaitzen denean?

Bestalde, hiru euskal film labur emango dira hainbat sailetan: María Elorzaren (Txintxua Films) Ancora Lucciole Film Labur Dokumentalen Sail Ofizialean aurkeztuko da; Norma Vilaren (Demeter Films) El fin de todas las cosas Film Laburren Sail Ofizialean lehiatuko da eta Soy una tumba, Unikoko Khris Cembek zuzendua, Animazine Sail Ofizialaren parte izango da.

Aurtengo beste alderdi nabarmen bat da hiru euskal proiektu hautatu dituztela MAFIZek antolatutako Work in Progress sailetan parte hartzeko. Hauek izango dira izenburuak: Iban del Camporen (Limbus Filmak) Glittering Misfits lana Málaga WIP Lab-en parte izango da, eta Galder Gaztelu-Urrutiaren (Basque Films) El hoyo lanak eta Miguel Ángel Jiménezen (Kinoskopik Film Produktion) Sumendia lanak Málaga Spanish WIPen hartuko dute parte. 

Itsasoko villagean kokatutako espazioan 50 proiektu zinematografiko biltzen dituen katalogo bat banatuko da. Horietako 22 garapen-fasean daude, 11 produkzio-faseren batean daude eta 2018an amaitu eta/edo estreinatu dira gainerako 17ak. Guztira, argitalpen horretan 31 euskal ekoiztetxeren lanak jaso dira: Abraprod, Adabaki Komunikazioa, Amania Films, Area Ayudiovisual, Arena Comunicación, Arquetipo Comunicación, Basque Films, Blogmedia, Dibulitoon, Doxa Producciones, Dynamite Films, Emana Films, En Buen Sitio Producciones, Fase 3, Gariza Films, Gastibeltza, Ikusgarri Films, Irusoin, Izar Films, Kinoskopik, Lago&Laporta, Limbus Filmak, Lotura, Lumiere Produkzioak, Maluta Films, Marmoka Films, Pimpi&Nella, Salto de Eje, Sr&Sra Producciones, Taui Media eta Txintxua Films.