Abian da Mendi Tour 2017

Abian da Mendi Tour 2017

2017 Otsaila 17

Gipuzkoa, Bizkaia eta Valentzia izango dira, asteburu honetan, pasa den urteko Bilbao Mendi Film Festivaleko film onenen proiekzioen testigu

Zineuskadiren babesa duen Bilbao Mendi Film Festival bere hamargarren urteurrenean barneratuko da aurten. Jaialadia datorren abenduaren 8-17 artean ospatuko bada ere, asteburu honetan hasiko dira motorrak berotzen, Mendi Tour zikloaren eskutik. Zirkuituak pasa den edizioko film onenen proiekzioa egingo du zenbait herritan.

Hori horrela, gaur, ostirala eta bihar, larunbata, hiru hitzordu programatu dira: Gipuzkoan, Bizkaian eta Valentzian. Gaur arratsaldean emango zaio hasiera Mendi Tourri Hernanin, arratsaldeko 19.30etik aurrera Orona Ideo auditorioan, Euskal Mendizaleen Jaialdian. Bertan, Dodo´s Delight filmaren proiekzioa egingo da (2016ko BMFFeko abentura eta kirol film onena).

Bestalde, Igorre sei film emanaldiren lekuko izango da, Mendi Amesgarriak programaren barnean. Mendizaleen gozamenerako izango dira bi jardunaldiak, hiru pelikulen proiekzioarekin ekitaldi bakoitzean. Lehen emanaldiak gaur arratsaldean egingo dira, arratsaldeko 20.00etatik aurrera, eta bigarrenak, datorren ostiralean, otsailaren 24an. Ondorengoak dira gaur arratsalderako programatutako filmak: E.B.C. 5.300m (BMFF 2016ko film labur onena), Boys in the Bugs (BMFF 2016ko eskalada film onena) eta Jean Troillet, Toujours aventurier (BMFF 2016ko publikoaren saria). Datorren ostiralean, aldiz, ondorengo pelikulak ikusteko aukera izango da: Annapurna III- Unclimbed, Dodo´s Delight (2016ko BMFFeko abentura eta kirol film onena) eta Freedom Underload (BMFF 2016ko Sari Nagusia ).

Mendi Tourrek asteburu honetan bideratutako eskaintzarekin amaitzeko, bihar, larunbata, Canet d`Berenguerren, Valentzian, izango da. Bertaratzen diren guztiek lau filmez gozatzeko aukera izango dute: Annapurna III- Unclimbed, E.B.C. 5.300m (BMFF 2016ko film labur onena) , Dodo´s Delight (2016ko BMFFeko abentura eta kirol film onena) eta Freedom Underload (BMFF 2016ko Sari Nagusia ).

Kartel lehiaketa Bilbao Mendi Film Festivaleko 10. ediziorako kartela CVCEPHOTO nazioarteko mendi jardueren argazkilaritza lehiaketara aurkezten diren lanen artetik aukeratuko da. Lanak aurkezteko epea datorren martxoaren 31n amaituko da.