Zineuskadik hainbat ekimen antolatu ditu abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azokarekin elkarlanean. Batetik, hiru filma emanaldi eskainiko ditu haurrei zuzendutakoak; bestetik, ikasleentzat bikoizketa tailerra antolatu du. Biak ala biak, Irudienea gunean egingo dira.
Abenduaren 4an bi zinema saio antolatu dira Irudienean. 17:30ean, Maya Erlea: 87 minutu iraupena du eta Maya erlearen abenturak ekartzen ditu pantailara. Ondoren, 19:00etan, Hurrak eta Lapurrak filma ikusteko aukera izango da; Surly katagorriaren eta bere lagunen abenturazko komedia dibertigarria da.
Abenduaren 8an, berriz, Friends filma eskainiko dute 15:00etan. Kotake izeneko gizaki-mutiko batek uharte misteriotsu bateko munstroekin bizi dituen abenturak kontatzen ditu.
Bikoizketa tailerra Bestalde, ostiralean, abenduak 4, bikoizketa tailerra izango da 12-14 urte bitarteko gazteentzat. Ikasleen Egunean antolatu da eta lau saio egingo dira; saio bakoitzean 25-30 ikasle inguruk parte hartuko du eta ordubeteko iraupena izango dute.
Ikasleek telebistan ohikoak diren telesail eta filmetako pasarteak nola bikoizten diren ikusi eta ikasiko dute, bikoizketa-aktore profesionalen eskutik. Parte hartzaileek bikoizketa prozesua gertutik ezagutzeko aukera izango dute, baita ahotsa grabatzeko aukera ere.