Amaia Remirez, Kanaki Films-eko ohiko Ekoizlea, zuzentzen ari den azken lanaz mintzo zaigu: 'Bayo bayo baby' filmaz, eta MIA nazioarteko merkatuan izan duen lehen partaidetzaren balantzea egin du.
Zineuskadi: Zer da ‘Bayo bayo baby’?
Amaia Remirez: Garapenean dagoen dokumental bat da, Kanaki Films-ek ekoitzia. Oso proiektu berezia da: aurretik egin ditugun bi film laburren protagonisten istorioa islatzen dugu film luze honetan. Pelikulak galdutako hainbat haurtzaroren berri ematen digu. Berezitasun bat dauka, gainera: Raul de la Fuentek eta nik gure ohiko paperak aldatu ditugula. Orain arte Raul aritu da beti zuzendari lanetan eta ni izan naiz ekoizlea, nahiz eta beti elkarlanean jardun dugun arlo guztietan. Eta proiektu honetarako paperak trukatzea erabaki dugu. Gidoia elkarrekin idatzi dugu eta ekoizpenean Nano Arrietaren laguntza daukagu.
Zineuskadi: Nola animatu zineten rolak trukatzera?
Amaia Remirez: Oso naturalki egin genuen, aspalditik komentatzen baikenuen hori egin behar genuela. Egia da, ni ekoizle izan arren, Kanakiren proiektu guztien gidoia parte hartzen dudala eta muntaian ere oso sartuta egoten naizela; eta Raúl ekoizpenean, berdin. Gainera, bera aurreko bi film laburren zuzendari izan denez, iruditu zitzaigun oraingo honetan rol aldaketa hori egitea oso positiboa izan zitekeela, beste ikuspuntu batetik egin zitekeelako.
Zineuskadi: Aurkeztuko al dizkiguzu bi protagonistak?
Amaia Remirez: Haurtzaro galduen kasuak aurkeztu dizkigu filmak. Bi pertsonai nagusiak Sierra Leonan ezagutu genituen, Freetown-en. Alde batetik, Aminata daukagu: ezagutu genuenean 17 urte zituen eta beste neska asko bezala, kalean bizi eta prostituzioan aritzen zen. Berarekin dokumental bat egin genuen indar handia duelako, pertsonalitate handikoa da. Guretzat oso polita izan zen berekin lan egitea.Gainera, ‘Love’ dokumentala bukatu genuenean Freetown-etik oso berri politak iritsi zitzaizkigun. Aminatak, dokumentalean parte hartu ondoren eta guk bidali genion laguntza txiki bati esker ere, kalea utzi eta negozio txiki bat jarri zuen bere amonaren herrixkan. Guretzat oso polita izan zen egindako lanak eragin ona duela ikustea.
Bestalde, Chennu ezagutu genuen, gure ‘El Infierno’ laburmetraiaren protagonista. Hari ere haurtzaroa lapurtu zioten. Izan ere, 15 urte zituela kartzelan sartu zuten kalean ibiltzeagatik.Helduen espetxea zen eta, beraz, esperientzia oso gogorra bizi zuen. Zorionez, egoerari buelta eman ahal izan dio eta orain kartzelaratuta dauden adingabeak askatzeko lanean ari da. Bi pertsonaiak oso indartsuak dira eta, gainera, gure lagun egin dira. Bi laburmetraiekin film luze bat egiteko materiala geneukala ikusi eta hortik ‘Bayo bayo baby’ dokumentala sortu genuen. Izenburuak ‘duérmete niño’ esan nahi du; Sierra Leonako sehaska kanta bat da.
Zineuskadi: Behin bi protagonistak ezagututa, zer kontatuko digu filmak?
Amaia Remirez: Pelikulak beren oraina kontatzen digu. Aminata eta Chennu beraiek bizitako egoera parekoak sufritzen dituzten neska-mutilei laguntzen ari dira, eta hori erakutsi nahi dugu. Biek, elkarrekin, oso proiektu polita dute, baina ezin dut kontatu zertan datzan. Indarrak batu eta ume askori laguntzen ari dira.
Zineuskadi: Zein fasetan dago dokumentala?
Amaia Remirez: Proiektuaren zati bat filmatu dugu jada. Halaber, iraganetik materiala daukagu eta lokalizazioak eginda daude. Zuzendari bezala dudan erronketako bat da bai Aminata eta bai Chennu beren biktimarioarekin aurrez aurre jartzea, Aminata bere proxenetarekin eta Chennu kartzelako zuzendariarekin.
Zineuskadi: Lortu ahal izango duzula uste duzu?
Amaia Remirez: Izan daiteke. Denbora nahikoa egoten bazara bertan, dena da posible. Aukeraren bat badago, bestela ez nuke planteatuko, baina zaila izango dela badakit.
Zineuskadi: Oso aberasgarria da zuen lanak protagonistengan eragin hain positiboa izatea, ezta?
Amaia Remirez: Bai, oso. Baina beti esaten dut aldaketaren protagonistak beraiek direla. Ez zait gustatzen esatea gure lanei esker gertatu direla aldaketak; beraiek erabaki dituzte. Aminataren kasuan, bere burua biktima bezala ikusteari utzi zion; bere egoera salatzen ari zela jabetu zen, eta horrek indar handia eman zion. Dokumentala amaitu genuenean, ikusteko bidali eta bere zuzeneko erreakzioa filmatzeko eskatu genion. Oso hunkituta zegoen eta hori bere iragana zela errepikatzen zuen behin eta berriz.
Zineuskadi: Urrian MIAn parte hartu zenuten…
Amaia Remirez: Bai, nik, ekoizle bezala, aspalditik nuen bertara joateko ilusioa eta urte arraro honetan lortu dugu. Esperientzia oso ona izan da. MIAdoc-en parte hartu dugu eta pitching-a egin aurretik bi tailer izan genituen, bata tutorearekin bakarrik eta bestea tutorearekin eta beste proiektuetako kideekin. Lehenengoan pitch-a nola egin nahi genuen planteatu genuen eta tutoreak feedback-a eman zigun. Bigarren tailerrerako aldaketak prestatu genituen eta beste kideen iritziak jaso genituen. Oso lagungarria izan zen, baina bereziki garrantzitsua izan da MIAn aurkeztu dugun teaser-ak oso harrera ona izatea. Jende asko interesatu da proiektuarekin, eta aste honetan nahiz hurrengoan, hainbat bilera garrantzitsu ditugu nazioarteko salmenta-agenteekin eta baita koproduktore batzuekin ere. Proiektua,momentuz, Danimarkarekin koproduzitzen dugu.
Zineuskadi: Jaso duzuen feedback-a oso positiboa izan da, ezta?
Amaia Remirez: Bai, oso positiboa izan da eta gainera gauza asko ikasi ditugu. Zure proiektuan interesatzen den editore bakoitzak gauza ezberdinei ematen die garrantzia,eta ondoren zuk erabaki behar duzu zein ikuspegi nahiago duzun. Foroaren ondoren ikusi behar duzu zein bazkide nahi dituzun eta, horren arabera, zure proiektua berregituratu.
Zineuskadi: Zer balantze egiten duzue MIAn izan duzuen parte-hartzeaz?
Amaia Remirez: Guztiz positiboa. Hurrengo egunetan ditugun bilerak ondo badoaz, hilabete pare batean proiektuaren aurre-produkzioa prest izan dezakegu. Halaber, ez bada proiektu honetarako, ezagutu dugun jendea hurrengo proiektuetan bidelagun izan daiteke.
Zineuskadi: Eta orain, zer?
Amaia Remirez: Zorionez Zinebin ere hautatu gaituzte pitching-a egiteko. Gogo handia nuen bertan egoteko. Era berean, Danimarkako beste topaketa batera ere aurkeztu dugu proiektua.
Zineuskadi: Zein helburu dituzue foro horietan?
Amaia Remirez: Niretzako helburu nagusia beti da proiektua “estresatzea”. Pitch bat egiteko deialdia daukazunean, badakizu egun horretarako proiektua ahal duzun guztia prestatu eta indartuko duzula; eta horrek beti laguntzen ditu lana aurreratzen. Gainera, aurreko foroetan egon diren produktoreek zure lanaren jarraipena egiteko aukera dute. Editore berriak ere ezagutzeko aukera dugu. Niretzako foro hauek ez dira bakarrik proiektu bakarra defendatzeko, baizik eta dauzkagun beste ideia batzuk aurkezteko ere.
Zineuskadi: Eperik jarri al duzue filma prestatzeko?
Amaia Remirez: Epe zabala jarri dugu: datorren urtean zehar ekoitzi nahi dugu. Azken finean, grabaketa egiteko hiru edo lau aste behar izango ditugu, eta momenturen batean bertara bidaiatzeko aukera izango dugula pentsatzen dut.
Zineuskadi: Zein beste proiektu dituzu eskuartean?
Amaia Remirez: Fikziozko film luze bat prestatzen ari gara, 'Surprise' izenekoa. Raúlek zuzendutako lana da. Era berean, beste dokumental batzuk ere garatzen ari gara.