"Zukugailua sektoreko hainbat profesionalek antzeman ditugun beharrei erantzuteko sortu da"

"Zukugailua sektoreko hainbat profesionalek antzeman ditugun beharrei erantzuteko sortu da"

2021 Iraila 15

Katti Pochelu Zukugailuaren sortzaileetako bat da. Elkarteak zinema independentea bultzatu nahi du, bereziki euskaraz, eta euskal ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalen arteko lankidetza sarea sortu. Berarekin hitz egin dugu elkartearen helburu garrantzitsuenei buruz eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxean lantzen ari diren proiektu nagusien inguruan.

Zineuskadi: Ezagutzen ez duenarentzat, zer da Zukugailua Elkartea?

Katti: Zukugailua Elkartea 2020 urtearen bukaeran sortu genuen behar batzuei erantzuteko asmoz; adibidez, azken urteetan zinemak Iparraldean izan duen ibilbidea azaltzeko. Urteak dira profesionalak proiektuak aurrera eramaten ari direla, baina ez zegoen ezer egituratua, eta gainera teknikari gehienak Euskal Herritik kanpo joan behar izan dira lan bila. Azkenaldian ikusi dugu egituratze bat egon dela, banatzaile eta ekoiztetxe batzuk sortu direla, Kanaldude telebistan ere Akitaniako eskualdearekin lortu duten hitzarmen baten bidez ekoizpenean laguntzeko deialdi bat sortzea lortu dutela… Horren ondorioz, profesionalek sentitu genuen elkartea eratzeko beharra zegoela, sinergiak lortzeko, sortzaile berriei laguntzeko, etab.

Momentuz 14 kide gaude, denak profesionalak, eta norbere izenean biltzen gara, ez gara egitura baten ordezkari. Zinemako kate profesional osoko kideak gaude: ekoizleak, banatzaileak, teknikariak, sortzaileak, zinema-aretoetako ordezkariak eta baita Kanaldude telebistako langileak ere.

Zineuskadi: Zeintzuk dira zuen helburu nagusiak?

Katti: Hiru ditugu. Alde batetik, zinema independentea garatzea produkzioa eta hedapena bultzatuta, eta, bereziki, euskarazko zinema. Bigarren helburua da zinemagileak, batez ere berriak, sare profesionaletan sartzen laguntzea, bai haiek bai proiektuak babesteko espazio berriak sortuz. Eta hirugarren erronka, zinemaren kulturari buruzko sentsibilizazioa egitea eta kontsumoa bultzatzea da.

Zineuskadi: Zein erronka dituzue lehen fase honetan?

Katti: Alde batetik, sorkuntzan edota ekoizpenean laguntzeko profesional sarea sortu nahi dugu, eta horretarako elkarlanak sustatzen ditugu. Adibidez, ekoizle elkarteekin lanean hasi gara, hurrengo hilabeteetan jaialdietan eta merkatuetan gure presentzia ziurtatu nahi dugulako. Proiektu bat sortu dugu Ibaia eta Napar elkarteekin, Euskal Herriaren eta Euroeskualdearen baitan profesionalen arteko elkarlanak bultzatzeko. Proiektu honen barne, erakunde ezberdinen deialdi eta laguntzak aztertuko ditugu, araudiak ezagutu eta gauzak nola egin jakiteko, harremanak eta koprodukzioak errazte aldera. Erronka aski garrantzitsua da hori.

Zineuskadi:  Zein beste ekintza gauzatzen ari zarete?

Katti: Datorren bi urteetarako ekintza plan bat sortu dugu eta horren inguruan arituko gara, baina lan egiten dugun heinean, seguruenik, behar berriak identifikatueta plan berriak ere sortuko ditugu. Sortzaileei laguntzeko egonaldi batzuk egingo ditugu, adibidez. Dagoeneko bat burutu dugu, Rencontres sur les docks L’Atalantarekin elkarlanean; sortzaileei proiektuen aurkezpenean laguntzeko helburua zuen. Bertan, Pitch-ak prestatu eta gero horiek publiko profesional baten aurrean aurkeztu zituzten. Beste egonaldi batzuk ere egingo ditugu idazketaren inguruan. Halaber, irudi heziketa landu nahi dugu eta hurrengo urtetik aurrera horren inguruko tailerrak egingo ditugu eskoletan. Era berean, gazteak zinemara hurbiltzeko tailer batzuk egin ditugu uda honetan. Hala, zinemako sekuentzia mitiko batzuk euskaraz egiteko eta zinema-sorkuntzari buruz ikasteko aukera izan dute.  

Zineuskadi: Garrantzia ematen diozuete, beraz, gazteei zinemarekin loturiko heziketa emateari eta euskara indartzeari.

Katti: Hori da. Ikus-entzunezkoak biziki garrantzitsuak dira gazteentzat, asko erabiltzen baitituzte. Horregatik, zinema independentea ezagutarazi nahi diegu , eta  euskaraz sortzeko aukera dutela azpimarratu ere.

Zineuskadi: Halaber, Gastibeltza Filmak ekoiztetxean egiten duzu lan. Zein proiektu dituzue esku artean?

Katti: Zorionez, proiektu asko ditugu gaur egun. Udazkenean bi film labur filmatuko ditugu:  ‘Hitzak’ Baigorrin egingo dugu datorren urrian, Josu Martinezen zuzendaritzapean eta bertako herritarrekin; eta Eñaut Castagnet zuzendariaren lana, ‘Muga’, Bortzirietako biztanleekin grabatuko dugu Bera eta Lesaka artean. Aldi berean, ‘Krask soinua’ proiektua dugu esku artean, torturaren inguruko lana. Ander Iriartek zuzendu du dokumentala eta orain postproduzkioan dago. Urte bukaerarako amaitzea espero dugu eta datorren urtean hasiko gara jaialdi zirkuituarekin.

Halaber, Lander Garroren azken lana, ‘Tipularen sehaska kanta’ izenburuduna, orain bukatu dugu. Espetxeari eta gaixotasunari buruzkoa da eta udazkenean edo urte bukaeran aurkeztu nahi dugu, zinema-aretoetara eraman aurretik. Horiek dira proiektu aurreratuenak, baina gure fikziozko lehen film luzeen garapenean ere bagabiltza. Alde batetik, Itziar Leemans-en ‘Agurra’ Zineuskadik abiarazitako Noka Mentoring programan aukeratua izan zen eta, geroztik, egindako lanaren fruituak jasotzen ari gara. Orain, idazketa lantzen ari gara. Gainera, Txintxua Films-ekin koprodukzioan Asier Altunaren ‘Karmele’ film berria lantzen ari gara.

Banaketa arloan, euskal filmak iparraldean banatzen ditugu eta orain pixka bat haratago joaten saiatuko gara, Frantzia aldera.

Zineuskadi: Nola ikusten duzue euskal zinemaren presentzia Frantzian?

Katti: Lan garrantzitsua dago egiteke. Arazo nagusia da Frantzian astero film asko estreinatzen direla, 20tik gora; beraz, lehia handia dago eta erronka da guretzat euskal lanentzat lekua lortzea.