"Zinema ez litzateke ulertuko emakumeen parte-hartzerik gabe; horregatik lan egiten dugu merezi duen ikusgarritasuna emateko"

"Zinema ez litzateke ulertuko emakumeen parte-hartzerik gabe; horregatik lan egiten dugu merezi duen ikusgarritasuna emateko"

2020 Urria 09

Ana Gutierrez da Zinemakumeak gara! Elkarteko zuzendaria. Ekimenak bete dituen 25 urteez eta jaialdiaren edizio honetaz hitz egin dugu berarekin.

ZINEUSKADI: Ezagutzen ez duenarentzat, zer da Zinemakumeak gara! elkartea?
Ana Gutiérrez: 1996an sortu zen Simone de Beauvoir kolektibo feministarekin, eta 2012an Zinemakumeak gara! Izena hartu zuen. 1996an,emakumeek egindako zinema ikusgai bihurtzea zen asmoa, zinema horren hedapen falta arintzea, historia ezagutaraztea… Helburuak anitzak ziren, baina biztanleriaren % 50 horren begirada erakustea zen xede nagusia. Emakumeak zinemaren historian hasiera-hasieratik gaude, baina orain hasi dira lehenak ezagun egiten eta aintzat hartzen. Zinema ez litzateke ulertuko emakumeen parte-hartzerik gabe.Herritarren % 50 gara, hor gaude, eta kalitatezko zinema egiten dugu.

ZINEUSKADI: 25 urte geroago, zeintzuk dira helburuak?

Ana Gutiérrez: Helburu berdin mantentzen dira. Interes eta ilusio berarekin jarraitzen dugu lanean, eta horrelako erakusketak eta jaialdiak egin behar ez izatea gustatuko litzaiguke. Horrek adieraziko luke parekotasun horretara iritsi garela, berdintasunera, eta dagoen genero-eten hori desagertu egin dela.

ZINEUSKADI:  Zer bilakaera izan duzue urte hauetan?

Ana Gutiérrez: Nik uste dut oraindik zinema- eta jaialdi-erakustaldiak ezinbestekoak direla, oraindik ere desberdintasunak daudelako. Emakumeoi asko kostatzen zaigu kristalezko sabai hori apurtzea film bat egiteko, adibidez. Hala ere, hobekuntza nabarmena egon da: emakumeak gero eta prestatuago daude eta arrakasta handia lortzen ari dira asko, baina beste batzuk zinemaldietan aurkezten dituzte beren lanak eta, zoritxarrez, ez dira zinema-aretoetara ailegatzen. Zorionez, gero eta kontzientzia handiagoa dago, ez bakarrik sortzen ari diren mugimendu guztiengatik eta jaialdietan hartzen ari diren neurriengatik, baizik eta baita gizarteak eskatzen duelako ere. Gero eta interes handiagoa dago emakumeek zuzendutako zinema ikusteko, baina oraindik oztopo asko aurkitzen ditugu eta horiekin bukatu behar dugu berdintasunera heltzeko.

ZINEUSKADI:  Zein ekimen burutzen dituzue?

Ana Gutiérrez: Hasiera-hasieratik, emakumeek zuzendutako filmak eta film laburrak proiektatzen ditugu. Beti izan dugu interes handia atzerriko zuzendarien estreinaldiak ekartzeko; izan ere, Espainian egindako filmak bertan estreinatu ohi zirelako. Jakina, euskal zinemagileei zuzendutako atal bat dugu, "Ezezagunak" izenekoa, non beren tartea ematen diegun nazioartean lekua egiteko borrokan ari diren emakumeei. Sekulako ahalegina egiten dugu jaialdietan proiektatzen diren baina askotan pantaila handira iristen ez diren kalitate handiko filmak erakusteko. Hitzaldiak ere antolatzen ditugu. Erakusketa bakoitzean gai bat edo genero zinematografiko bat emakumearen ikuspegitik aztertzen dugu. Oraingoan, film laburren munduari buruzko hitzaldia prestatu dugu, eta Kimuakeko Esther Caberok parte hartuko du beste emakume batzuekin batera. Emakumeek film laburren munduan dituzten zailtasunei eta egoerari buruz hitz egingo dute.

ZINEUSKADI:  Garrantzitsua da, halaber, sektorean lan egiten duten emakumeen ikuspegia ezagutzea, ezta?

Ana Gutiérrez: Zalantzarik gabe, beren bizipenak ezagutu nahi ditugu. Zuzendari gazteen sorkuntza zinematografikoan ere oinarritzen gara. Film laburrak zuzendari berriak sortzeko laborategia dira, eta horregatik XPREST! AUX Jaialdia sortu dugu, eta datorren urtean hamargarren edizioa egingo dugu. 33 ordutan egindako film laburren jaialdia da;lanek bost minutuko gehienezko iraupena eduki behar dute eta emakumeak izan behar dira zuzendari. Belaunaldi berrien ikus-entzunezko sorkuntza ere bultzatzearren lan egiten dugu.

ZINEUSKADI:  Aurtengo edizioa oso berezia izango da arrazoi askorengatik, ezta?

Ana Gutiérrez: Hala da. Aurten, COVID-19 pandemiaren eragina dela eta, oso urte berezia izaten ari da; zailtasun ugari izan ditugu jaialdia egiteko, baina, zorionez, sei eguneko zinema- eta hitzaldi-programazioa antolatu ahal izan dugu. Jendearen babesa izatea espero dugu.

Gainera, gure 25. urteurrena da, eta, horregatik, urteotan emakumeek egindako zineman zer gertatu den aztertu edo ikusi nahi izan dugu, baita etorkizunera begira jarri ere. 70., 80. eta 90. hamarkadetako zinema independente amerikarraren hiru film aukeratu ditugu, eta gaur egungo hiru zuzendari hasiberriren filmekin parekatuko ditugu. Estreinatuko diren hiru filmak Jaione Cambordaren 'Arima', Paula Consen 'La isla de las mentiras' eta Nuria Gimenezen 'My Mexican Bretzel' dira, eta hiru zuzendariak bertan izango dira.

Proiektatuko ditugun hiru film klasikoen artean Barbara Loden-en ‘Wanda’ aurki dezakegu, egin zuen film bakarra da. Halaber, ‘River of grass’ dugu, Kelly Reichardten opera prima; eta Julie Dash zuzendari afroamerikarraren ‘Dughters of the Dust’ filma ere egongo da ikusgai, Afrikako kulturaren eta identitatearen inguruan erreferente izan dena. Halaber, oso garrantzitsua iruditzen zait hilaren 13an izango dugun hitzaldia nabarmentzea, hiru emakume garrantzitsu izango baititugu bertan, hala nola Ana Carrasco filosofoa, Edurne Portela euskal idazlea eta Laura Casielles poetisa eta kazetaria; ‘Kulturatik beste mundu batzuk eraiki daitezke?’ solasaldian parte hartuko dute.

ZINEUSKADI:  Oso programazio borobila da…

Ana Gutiérrez: Hala da bai; zailtasunak zailtasun, oso programazio ona da. Oso pozik gaude, eragozpen guztiak gainditu eta kalitate goreneko egitaraua osatzea lortu dugulako.

ZINEUSKADI: Gainera, keinu berezi bat egin nahi izan diozue duela 25 urteko lehen edizio hari, ezta?

Ana Gutiérrez: Bai. Beatriz de la Vegaren ‘Los Goikoetxea’ film laburra ere proiektatuko dugu: hura izan zen lehen urteko erakusketan eskaini genuen lehen emanaldia. Gainera, zuzendaria bera eta aktoreetako bat ere bertan izango dira. Oso interesgarria da, 1993ko film laburra baita, eta berriro ikusteko aukera izango dugulako. Garai hartan, film labur hau oso garrantzitsua izan zen euskal zinemarentzat.

ZINEUSKADI: Halaber, azkenegunean ez da emoziorik faltako...

Ana Gutiérrez: Zinemakumeak gara! jaialdiaren 25. urteei buruzko dokumentala egin dugu, eta azken egunean, 14an, emango dugu. Halaber, elkartearen hiru emakume sortzailerekin solasaldia antolatu dugu, eboluzioari eta etorkizunari buruz hitz egiteko. Oso ekitaldi garrantzitsua da eta, ondoren, ‘My Mexican Bretzel’ filma proiektatuko da.

ZINEUSKADI: Nola animatuko zenuke jendea jaialdira hurbiltzera?

Ana Gutiérrez: Indarrean dagoen araudi guztia betetzen dugula esango nieke. Zinemetara joatera animatu behar ditugu, jarraitu egin behar dutelako;ezin diogu kultura egiteari utzi. Badirudi jendea gero eta gehiago joaten dela aretoetara, eta hori oso garrantzitsua da.Gauzak normalizatzen hasi behar dugu. Garrantzitsua da oso argi uztea zinema-aretoak leku seguruak direla.