"Film batekin egiten duzun bidaia oso desberdina izan daiteke musikaren arabera"

"Film batekin egiten duzun bidaia oso desberdina izan daiteke musikaren arabera"

2021 Otsaila 24

Goya Sarien edizio berri honetan izendapen gehien lortu dituen filmetako bat da 'Akelarre'. Bere bi musikagileek, Aránzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik, Jatorrizko Musika Onenaren saria irabazteko aukera dute, filmari giro hain berezia eman dion soinu-banda sortzeagatik. Callejarekin hitz egin dugu izendapen honi buruz eta etorkizunera begira dituen proiektuei buruz.

 

Zineuskadi: Zorionak! Izendapena espero al zenuten?

Aran Calleja: Mila esker! Guretzat ezustekoa izan zen; ez genuen uste gerta zitekeenik. Azken asteetan Maitek eta biok aukera horri buruz hitz egin genuen, industriako eta sektoreko jendeak asko animatzen baikintuen, baina ez genuen sinesten. Gero, filmak nolabaiteko oihartzuna izan zuen Euskaditik kanpo ere, eta kritika batzuetan musika eta soinu-banda aipatzen zituzten. Aukera bat izan zitekeela ikusi genuen, baina ez genuen uste gertatuko zenik.

Zineuskadi: Zer sentitu zenuen?

Aran Calleja: Poz handia, 'Akelarre' ez delako lan erraza eta, gainera, egiletza partekatua delako. Lehen aldia da norbaiten egilekide naizela, eta Maiterekin lan egitea asko gustatu zait. Pozgarria da lankide batekin hain gauza polita partekatu ahal izatea, eta are gehiago hain estimulu gutxi daukagun une hauetan. Harrotasun handia sentitu nuen, halaber, 35 edizioetan emakume bakarrak lortu duelako sari hau eta gure izendapena emakumeei egokitutako laugarrena delako. Oso polita da kolektibo txikia ordezkatzen dugulako, emakume konpositoreena.

Zineuskadi: Hesiak apurtzen hasteko modu bat dela esan daiteke, ezta?

Aran Calleja: Bai, erabat. Erreferenteak sortzen hasteko ere balio du. Maitek eta biok, adibidez, asko hitz egin dugu Hildur Guðnadóttir 'Joker' filmeko konpositoreak irabazi zuen Oscarrari buruz. Eredugarria handia izan zen guretzat, asko gustatzen baitzaigu bere lana, txelista delako eta egiturekin lan asko egiten duelako. Erreferenteak sortzea oso harro sentitzeko modukoa da, baita bideak zabaltzen ari garen sentsazioa izatea ere. Bioi gehien pozten gaituen gauzetako bat da.

Zineuskadi: Film arrakastatsua izaten ari da, bai kritikaren eta bai publikoaren aldetik. Espero al zenuten?

Aran Calleja: Ez, ez genuen espero, oso pelikula berezia iruditzen baitzaigu; ez da publikoarentzat erraza, gure ustez. Euskadin arrakasta izan zezakeela pentsatzen genuen gaiak duen erakargarritasunagatik, baina zorionez Estatu osoan ere gustatu zaio publikoari. Niri, adibidez, Madrilgo lagunek idatzi didate 'Ez dugu nahi beste berorik' esaldiarekin audioak bidaltzeko eskatuz. Esaldia eta esanahia grabatzeko esaten zidaten, “mantra” moduan sentitzen zutelako. Gainera, uste genuen filmari egozten zaion ikuspegi feminista zaila izan zitekeela, eztabaidak sortu baititu... Horregatik ez genuen oso argi publikoak atsegingo zuen ala ez… baina, zorionez, izugarri gustatukoa izan dute!

Zineuskadi: Nola iritsi zinen filmera?

Aran Calleja: Polita izan zen, aurretik Iker Ganuza ekoizlearekin lan egin baitut film labur batzuetan eta luze batean. Hasieran Maite zen musikagile bakarra. Neskek abesten dituzten abestiak prestatzeko eskatu zioten, eta lan handia egin zuen, oso zehatza. Postprodukzioarekin batera, lanaren bigarren zatia iritsi zen eta egindako guztiagatik nekatuta heldu zen. Filmaren musika instrumentala prestatzea falta zen eta laguntzaile bat eskatu zuen. Maitek iradoki zuen ni izan nintekeela, eta Ikerri oso ondo iruditu zitzaion, ezagutzen ninduelako. Maitek eta biok ez genuen elkar ezagutzen, nahiz eta profesionalki gustatu.

Hainbat topaketa izan genituen eta lana nahiko modu naturalean banatu genuen. Biontzat berria zen lan-sistema, baina oso ondo ulertu genuen elkar, lan egiteko orduan nahiko antzekoak garelako. Niretzat, pertsonalki, filmeko gauzarik onena berarekin lan egitea izan da.

Zineuskadi: Eta nolakoa izan zen zuretzat jada aurreratuta zegoen proiektu batera iristea?

Aran Calleja: Muntaiaren lehen mozketa prest zegoenean deitu zidaten, eta hura ikusteko hitzordua itxi genuen. Maitek gauza asko eginak zituen, baina Pablo zuzendariarekin musikaren noranzkoa bilatzen ari zen; dena zabal-zabalik zegoen. Normalean, askoz lehenago sartzen naiz proiektuetan, eta horrela gozatzen da gehien. Izan ere, filma grabatzen ari direnean hasten zara konposatzen, eta pixka bat ikertu dezakezu: sonoritateak, ideiak… Hala, filmazioa amaitzen denean baduzu zerbait, erabiliko ez bada ere. Hemen bat-bateko lurreratzea izan nuen.

Zineuskadi: Proiektu bat aurkezten dizutenean, nola ematen dituzu lehenengo urratsak?

Aran Calleja: Nire lana nahiko librea da, betiere zuzendariak uzten badizu. Askotan, proiektuak berak ere mugatzen zaitu pixka bat, bere generoagatik, adibidez. Gidoia irakurriz eta partekatzen dizkidaten erreferentziekin hasi ohi naiz lanean. Beste film batzuetatik gustatu zaizkigun gauzen erreferentzia musikalak partekatzen ditugu, edo zinemakoa ez den musikarenak, estiloa edo sonoritatea ikusteko. Hori egindakoan soinua begiratzen hasten zara, egokitzen diren eta ez diren gauzak aztertu, musikak nola arnasten duen ikusi… pixkanaka modelatzen duzu.

Zineuskadi: Musikak zenbaterainoko eragina du filmaren mezuan?

Aran Calleja: Filma erabat alda daiteke konposatzailearen arabera. Guk laukotea aukeratu genuen funtsezko elementu gisa, nahiz eta gero soinu tresna gehiago dauden; horrek soinua baldintzatzen du. Agian beste pertsona batek zerbait orkestralagoa edo handitsuagoa aukeratuko zuen, pelikulari ere ondo egokituko zitzaiolako. Guk txikitxoagoa egitea erabaki genuen, horrelako film batentzat aproposa iruditzen zitzaigulako. Dudarik gabe, pelikula batekin egiten duzun bidaia oso desberdina izan daiteke musikaren arabera.

Zineuskadi: Zuen lana aintzat hartzen al da behar bezala?

Aran Calleja: Nire ustez, gero eta gehiago baloratzen da; egia da, halaber, musika film baten zatirik ikusezinenetako bat dela. Publikoa ez da musikarekin hain esker onekoa izaten. Kasu honetan bai, neskek abesteak laguntzen digulako. Musika agerikoagoa egiten du haiek abesteak, eta abeslariak ez direnez, sinesgarritasun eta naturaltasun handia ematen dio. Nire ustez, musikari ematen zaizkion sariak lagungarriak dira publikoak ikus dezan bertan lan garrantzitsua dagoela.

Zineuskadi: Ikus dezakegu emakumeek geroz eta presentzia handiagoa dutela ekoizpen zinematografikoan. Zuen sektorean ere gertatzen al da?

Aran Calleja: Uste dut baietz, baina oso poliki doa. Ez da familia-bizitzarekin uztartzeko lan erraza, baina egia da geroz eta emakume gehiago gaudela. Egia da zailena bertan mantentzea dela; film bat edo bi egin ditzakezu, baina ez da erraza karrera profesionala egitea. Ziurgabetasun handia daukagu, eta ez dago gure esku erabakitzea noiz lan egin eta noiz ez. Askotan kinka larrian egoten gara eta horri eustea ez da erraza. Gainera, oso gizarte maskulinizatutik gatoz, non ondo ikusita dagoen gizona etxeko edo familiako zereginetatik kanpo egotea, lan egin behar duelako, baina oraindik kosta egiten da onartzea emakume batek berdin egitea. Gertatzen hasia da, baina oraindik bide luzea dago egiteko.

Zineuskadi: Etorkizunari begira, zer proiektu dituzu esku artean?

Aran Calleja: Egia esan, oso proiektu interesgarriak ditut. Adibidez, pasa den udan Gipuzkoan filmatutako 'Érase una vez Euskadi' filman ari naiz lanean. Ondoren, ilusio handia egiten didan beste opera prima bat egingo dut, '5 lobitos' izenekoa. Poz handia ematen dit emakume batek zuzentzen duelako, eta oso gaztea delako, gainera. Emakume talde batek ekoiztutako lana da eta amatasunaz hitz egiten du.