"Cartoon Forumera joango gara, koproduktoreak eta telebista-kateak bilatzeko helburuarekin"

"Cartoon Forumera joango gara, koproduktoreak eta telebista-kateak bilatzeko helburuarekin"

2021 Iraila 10

Miren Berasategi ekoizleak eta Juanjo Elordi zuzendariak 'Kima eta Amik' haurrentzako telesaila aurkeztuko digute. Proiektu honekin Animation Production Days (APD) hitzorduan parte hartu dute, eta Cartoon Forum merkatu ospetsura joateko gonbita luzatu diete.

Zineuskadi: Zer da ‘Kima eta Amik’ proiektua?

Miren: Umeentzako telesail bat da. Bi protagonistak lehengusuak dira; Kima hirian bizi da eta Amik baserri batean. Beti alderantzizkoa nahi dute, Kimak baserrian bizi nahi du eta Amikek hirian, adibidez. Gainera, Amik-en izena, alderantziz irakurrita, Kima da. Kontrajarrian dauden gauza asko dituzte, baina beti bilatzen dute modu bat elkarren artean jolasteko eta ondo pasatzeko.

Proiektuaren gakoetako bat enpatia dela esango nuke, bata bestearen azalean jartzen baitira sentimenduak ulertzeko eta lehengusua ondo sentiarazteko zer egin jakiteko. Telesailak abentura eta komedia izango ditu ardatz; egunerokotasunean gertatzen diren gauzekin abentura sortuko dugu eta komedia oso gozo edo maitagarria izango da. 4-6 urte bitarteko haurrentzako da, 2D teknika erabiliko dugu eta 26 kapitulu landuko ditugu, bakoitza 11 minutukoa. Zuzendaria Juanjo Elordi da; gidoilaria, Edorta Barruetabeña; diseinatzailea, Eider Eibar; musikagilea, Paula Olaz; eta ekoizlea, ni neu.

Zineuskadi: Nola sortu zen proiektu hau egiteko ideia?

Juanjo: Ume txikientzako istorioak sortzen aritu gara azken urteotan Edorta eta biok, eta esperientzia itzela izan genuen Yoko lanarekin. Atal pila bat idatzi genituen beste herrialdeetako gidoilariekin batera, eta mundu hau ezagutzen jarraitzeko oso animatuta geunden. Ideia batzuk genituen esku artean, eta hauxe garatzea erabaki genuen. Normalean, istorioak Edortaren irudimenetik jaiotzen dira, bera baita sortzaileena, eta ni errealizazio edo zuzendaritza lanetan aritzen naiz batez ere. Hala, bion elkarlanarekin gauzei forma ematen diegu. Egia esan, garapen fasea oso luzea da, batez ere marrazki bizidunetan.

Zineuskadi: Lotura Films-ek zergatik erabaki zuen proiektu honetan sartzea?

Miren: Edorta eta Juanjo aspalditik ezagutzen genituen eta duela urte batzuk Loturara etorri ziren proiektua aurkeztera. Guk, gehienbat, haurrentzako gauzak egin ditugu eta hau oso interesgarria iruditu zitzaigun. Halaber, proiektua nazioartean ondo joan zitekeela ikusi genuen, eta hori ere asko gustatu zitzaigun. Egia esan, proiektuak harrera polita izan du egon den lekuetan. Momentu honetan badugu teaser bat eta lehen minutu bat animatzen ari gara. Aldi berean, animatikan eginiko bigarren minutu bat ere badaukagu. Eusko Jaurlaritzak garapenerako diru-laguntza bat eman zigun eta, gainera, Animation Production Days (APD) merkatuan hautatu gintuzten. Badugu proiektuan interesatuta dagoen nazioarteko banatzaile bat eta Cartoon Forum topaketan egoteko ere aukeratuak izan gara; beraz, oso pozik gaude. Momentu honetan bidelagunak bilatzen ari gara, baita telebista kateak ere, proiektua aurrera atera ahal izateko.

Zineuskadi: Orain, Cartoon Forum arrakastatsuan parte hartzeko hautatu zaituztete. Zer espero duzue bertan egoteaz?

Miren: Lotura Films ekoiztetxearen lehen aldia da han. Lanak zer harrera izango duen ikusi nahi dugu, eta itxaropen handia daukagu, APDko esperientzian oinarrituta. Gure helburua koproduktoreak eta telebista kateak bilatzea da.

Juanjo: Ni bertan pare bat aldiz egon naiz beste proiektu batzuekin. Zure proiektua horrelako merkatuetan aurkeztea erabakitzen duzunean, asko landu behar duzu; argi ez dituzun gauzak definitu egin behar dituzu, denbora eta espazio zehatz baten barruan eman behar diozu forma guztiari, eta ahalik eta bizkorren eta argien aurkezteko prestatu behar zara. Horrek guztiak lan handia dakar, noski, eta ez da erraza merkatura joan eta bertan, zuzenean, bilatzen duzuna aurkitzea. Normalean, lana erakutsi eta leku ezberdinetan aurkeztu ondoren topatzen dituzu bidelagun egokiak. Cartoon Forum merkatu handian egotea oso gauza garrantzitsua da, jende asko biltzen baita bertan, mundu guztiko telebistak eta adituak... eta, normalean, horrelako hitzorduetan asko ikasten duzu.

Zineuskadi: APD merkatuaren zer balantze egin duzue?

Miren: Erantzun polita izan genuen. Proiektuak harrera ona izan zuen eta feedback ugari jaso genuen, egia esan. Ezin diezu aholku guztiei kasu egin, baina batzuk kontuan izan ditugu. Halaber, nahiz eta bertan aurkeztu genuenean lana hasierako fasean zegoen, harreman onak sortu genituen eta ez dakigu zein aliantza atera daitekeen hortik.

Juanjo: Hori da, hain zuzen ere, merkatu hauetan parte hartzearen gakoetako bat, harreman berriak sortzea. Batzuetan ez dira momentuan loratzen baina bai luzaroan. Prozesu luzeak izaten dira, eta horregatik ekoizleen lana titanikoa izaten da, etengabe hoberena eman behar dutelako ito gabe.

Zineuskadi: Zeintzuk dira emango dituzuen hurrengo pausoak?

Miren: Proiektua telebistei aurkezten hasi gara eta hori egiten jarraituko dugu datozen hilabeteetan, baita koproduktore izateko interesgarri iruditzen zaizkigun estudioei ere. Ondorengo pausoak Cartoon Forum topaketaren ostean erabakiko ditugu.

Juanjo: Cartoon Forum oso merkatu garrantzitsua da, eta handik pasatu arte ezin ditugu erabaki berriak hartu. Argi dago aukera hauek guztiak ondo baliatu behar ditugula proiektuaren onurarako.

Zineuskadi: Miren, Lotura Films-ek zein beste proiektu ditu esku artean?

Miren: Film luze bat bukatzen ari gara, ‘Orkestra lurtarra’ izenburuduna, eta hurrengo urtean estreinatzea espero dugu. Halaber, beste telesail eta film bat ditugu garapenean.

Zineuskadi: Eta zuk, Juanjo?

Juanjo: Ni, Dibulitoon ekoiztetxearekin, ‘Yoko’-ren ekoizpen berri bat zuzentzen ari naiz. Edortak idatzi eta nik zuzendu, gustura gabiltza biok elkarrekin Yokoren fantasian murgilduta.