"Berlinale Talents-en parte hartzea oso inspiragarria izan da; nire aurreikuspen guztiak gainditu ditu"

"Berlinale Talents-en parte hartzea oso inspiragarria izan da; nire aurreikuspen guztiak gainditu ditu"

2021 Martxoa 17

Berlinale Talents-en online edizioan aste oso bat eman ondoren, bizitako esperientziaren berri eman digu Zuri Goikoetxeak, eta egun garatzen ari den lanen inguruko xehetasunak ere azaldu dizkigu.

Zineuskadi: Nolakoa izan da zure parte-hartzea Berlinale Talents-en?

Zuri Goikoetxea: Hautatua izan baino lehentxeago, aurtengo edizioa online izango zela esan ziguten, eta handik gutxira, aukeraketaren berri izan nuen. Alde batetik, oso pozik nengoen, baina, bestetik, topaketa presentziala ez izateagatik pena hartu nuen. Ez da gauza bera, noski,horrelako ekitaldi garrantzitsu batean zure etxetik edo Berlinetik  parte hartzea. Itxaropena nuen, gogo handia, baina zalantzak ere banituen.

Hala ere, esperientziak nire itxaropen guztiak gainditu ditu; espero nuena baino askoz hobea izan da, oso inspiragarria. Komunitate bat sortzen ari ginela sentitu dut, eta oso zaindua eta errespetatua sentitu naiz. Horrelako ekimenetan munduko leku guztietako zinemagileekin, aholkulariekin, zuzendariekin eta finantzatzaileekin harremanetan jartzeko aukera daukazu, eta, aldi berean, eskuragarri ez dauden profesionalen tailerretan parte hartzeko aukera ere ematen dizu. Gainera, egunak joan ahala elkar hobeto ezagutzen eta askatzen joan ginen.

Zineuskadi: Zer egin duzu BerlinaleTalents-en?

Zuri Goikoetxea: Mundu osoko 200 pertsona inguru aukeratu zituzten. Normalean Berlinera eta Berlinale jaialdira joateko gonbita egiten dizute, eta aukera duzu filmak ikusteko. Aldi berean, beste talentu batzuekin networking saioak, lantegiak eta munduko zinemagile onenekin klase magistralak egiteko aukera duzu. Oraingo honetan, baina, dena online egin behar izan dugu.

Maila handia zegoen.Adibidez, saio bat izan dugu Berlinaleko aurreko edizioetan saritutako zinemagileez osatua zegoen aurtengo epaimahaiarekin. “Talents”-ok, normalean, EFM (European Film Market) merkatuan parte hartzen zutenentzako saioetara joaten ginen, eta gero, bereziki guretzako prestatzen zituzten saio pribatuetara ere, galderak egin ahal izateko.

Oso programa trinkoa da. Lehenengo jardunaldian coach batekin meditazio saio bat izan genuen hemendik lau urtera gure burua nola ikusten genuen proiektatzeko. Dena Zoom bidez egin genuen, eta, ondoren, lau pertsonako talde txikiagoetan banatu gintuzten, solasean hasteko eta gainerako lagunak ezagutzeko.

Zineuskadi: Oso aste bizia, ezta?

Zuri Goikoetxea: Zalantzarik gabe. Aurten parte hartu dugun 200 talentuen artean, batzuk argazki-zuzendariak ziren, beste batzuk editoreak, nik ekoizpena eta gidoia lantzen ditut… eta tailerrak espezialitate bakoitzera bideratuta zeuden.

Zineuskadi: Oso aukera ona da lan-harreman berriak sortzeko…

Zuri Goikoetxea: Noski. Normalean, aurrez aurreko bilkuran, sareko lan hori afari eta jaiekin sustatzen dute, eta online bertsioan, berriz, eguneroko programazioaren ondoren, jai birtualak ospatu dira. Gainera, Talents programako kide batek 2Dko espazio bat sortu zuen: taberna moduko bat zen eta gainerako jendearekin hitz egin genezakeen bertan. Egia esan, programatik kanpo gure artean asko hitz egin dugu WhatsApp, Facebook eta Clubhouse bezalako plataformen bitartez.Gainera, guztion artean proiektu bat sortzeaz hitz egiten ari gara. Hasierako fasean gaude, eta baliteke ezer ez ateratzea, baina egia da harreman oso estua dugula. Beharbada, birtualki gauzatutako edizio bakarra izate hutsak elkartu egin gaitu. Pena handia eman digu aurrez aurre elkartu ezin izanak, eta antolatzaileei egin diegun eskaeretako bat da datorren urtean Berlinalera joan ahal izatea.

Zineuskadi: Esperientzia honen zer balantze egiten duzu?

Zuri Goikoetxea: Oso positiboa izan da; inflexio-puntu bat. Aukera eman dit komunitate bateko kide naizela sentitzeko, nire arazoak, zalantzak eta esperientziak partekatzeko, eta nire egoera berean jende asko dagoela ikusteko.Lan egiteko hainbat modu ezagutzeko ere balio du, eta pixkanaka elkarrekin gauza interesgarriak egin daitezkeela ikusteko. Ikasten duzu mundu globalizatu honetan ez dagoela mugarik elkarlanean aritzeko. Norbere mugak zabaltzeko, gauzak egiteko modu desberdinak daudela ikusteko eta ezagutza berriak egunerokotasunean aplikatzeko modu bat da. Askotan, egiten ari zarenaren perspektiba eta fokua galtzen duzu, eta ‘zoomout’ moduko bat eginez eta zure egunerokotasunetik pixka bat ateraz, prozesu askoz ere eraginkorragoak aurkitzen dituzu. Esan daiteke egiten duzun guztia zalantzan jartzeko modu bat dela. Gainera, ez da ahaztu behar oso profesional handien hitzaldiak entzuten dituzula  (Apichatpong, Céline Sciamma, Kirsten Johnson, Susan Korda, besteak beste…), eta haiek hurbiletik azaltzen dizutela beraiei zer funtzionatzen dien eta nola egiten duten lan.

Zineuskadi:Hain aste bizian, helburua ahalik eta informazio gehien jasotzea zen, ezta?

Zuri Goikoetxea: Zalantzarik gabe. Egun batzuk hartu ditut hainbeste informaziotik pixka bat urruntzeko, eta deskantsuaren ostean apunteak hartu eta ikasitakoa praktikan jartzeko asmoa dut. Gainera, topaketa online egin izanaren alde ona da jarduera guztiak grabatuta eta gordeta daudela. Oso garrantzitsua da; izan ere, zuzeneko saioetan jasotako informazio asko galdu egiten duzu, eta, horrela, dena berriro ikus dezakezu xehetasun gehiago hartzeko.

Zineuskadi: Etorkizunari begira, zer proiektu dituzu esku artean?

Zuri Goikoetxea: Aitor Merinok zuzendutako 'FANTASIA' dokumentala bukatu dugu, eta laster estreinatuko dugu jaialdi batean, baina oraindik ezin dut ezer aurreratu.  Amaia eta Aitor Merinoren familiaren inguruko istorio intimoa da.Gauza askori buruz hitz egiten du, baina, bereziki, bananduta bizitzen denbora asko daraman eta bidaia egitea erabakitzen duen familia bati buruz. ‘Fantasia’ da ontziaren izena, eta familiartean egindako bidaiaren poza eta ilusioa erakusten ditu, gurasoek Iruñean duten bizimoduaren egunerokotasun grisagoarekin kontrajarrita,  bikote liskarrez, heriotzaz eta gaixotasunez betea baitago euren bizitza.

Aldi berean, Ainhoa Andrakarekin batera 'Cabeza y corazón' filmaren muntaia amaitzen ari naiz, emakumezkoen gurpil aulkiko Espainiako Saskibaloi Selekzioaren ingurukoa. Lau urte daramatzagu beraiekin lanean. 2018. urtean joan ziren lehen aldiz Munduko Txapelketa batera, eta olinpiar ziklo osoaren jarraipena egitea erabaki genuen.Haiekin joan ginen Hanburgoko Mundu Txapelketara, baita Rotterdamgo Europakora ere, eta Paraolinpiadetarako lehen sailkapena nola lortu zuten filmatu genuen. Muntaketa ekainaren amaieran amaituko dugu, eta urte bukaeran edo hurrengoaren hasieran estreinatzea espero dugu.

Halaber, 'Itoiz udako saioak' lana garatzen ari gara, Larraitz Zuazok zuzentzen du eta musika banda mitiko horri buruzkoa da . Elkarrizketak egin dizkiogu taldeko kideei eta baita gertuko pertsonei ere, eta garai hartako artxiboak biltzen ari gara. Aldi berean, finantziazioa osatzeko bidean gaude, oso gutxi geratzen zaigu, eta gidoiaren azken bertsioa prestatzen ari gara urte amaieran filmatzen hasi ahal izateko.

Azkenik, Laida Lertxundiren film laburra, 'Working from home' izenekoa, ekoizten ari gara, eta udan filmatzen hastea espero dugu.

Zineuskadi: Eragin handia izan al du zuengan Covid-19ak?

Zuri Goikoetxea: Bai, asko eragin digu. Adibidez, 'Cabeza y corazón' filmerako Estatu Batuetara filmatzera joateko asmoa genuen eta ezin izan dugu bidaiatu. Madrilen ere filmatzear geunden eta plana bertan behera gelditu zen; beraz, gidoia egokitu behar izan genuen. Horrez gain, Juan Palaciosen 'Meseta', 2020. urte amaieran kaleratu genuen filma, maiatzean estreinatzea aurreikusita zegoen. Covid-19ak asko eragin digu, baina, zorionez, onik atera ahal izan gara. Era berean, online lan egitera ohitu behar izan dugu, ahalik eta hobekien eta antolatuen egotera. Ez da erraza izan, baina azkenean gure egunerokotasunaren parte bihurtu da. Erdibidean genituen filmak amaitzen ere lagundu digu, itxialdia muntatzeko aprobetxatu eta beharra bertute bihurtu baitugu. Berrasmatzeko aukera gisa ulertu dugu.