Zubiak eraikitzen

Zubiak eraikitzen

2017 Ekaina 09

Informazio trukea sustatzeko zubiak eraikitzea da asmoa, bi noranzko informazio jarioa ahalbidetuz

Zineuskadi Ikus-entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoaren lehenengo buletina irakurtzen ari zara, hemendik aurrera hiruzpalau hilabetean behin zure korreo elektronikoan jasoko duzuna.

Ikus-entzunezkoetan murgilduta zabiltzaten pertsona, elkarte, plataforma edota instituzio oro informatzea izango du xede, eta web orrialdearen edota sare sozialen osagarri izango da. Argitalpen berriaren bitartez, Zineuskadiko berriak, deialdiak, laguntzak edota Zinema Euskaraz egitasmoaren baitan estreinatuko diren filmak jasoko dituzu.

Beste urrats bat eman nahi dugu, ordea: informazio trukea sustatzeko zubiak eraiki, bi noranzko informazio jarioa ahalbidetuz. Buletina Zineuskadiko informazioa zabaltzeko euskarria izango da, baina guk Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearen bozgorailu bihurtzearekin egiten dugu amets.

Lerro hauen bidez, ekoizle, zuzendari, areto, banatzaile eta exhibidoreak gonbidatu nahi ditugu, elkarlanean informazio egitasmo berria gorpuzten interesgarria izan litekeen informazioa info@zineuskadi.eu helbidera bidaliz. Zain izango gara.

Bitartean, lehenengo zenbakian Aitziber Atorrasagasti Zineuskadiko lehendakari berriarekin egindako elkarrizketa, albisteak eta pelikulen estreinaldiak aurkituko dituzue.

Zuen gustukoa izango delakoan, hurrengora arte.