Zineuskadik eta Eitb-k Foley tailer bat antolatu dute gazteentzat FesTVal jaialdiaren harira

Zineuskadik eta Eitb-k Foley tailer bat antolatu dute gazteentzat FesTVal jaialdiaren harira

2018 Iraila 03

ProFesTVal irailaren 4tik, asteartetik, 7ra, ostiralera, arte izango da Europako Biltzar Jauregiaren Gasteiz aretoan, eta Foley tailerra izango da gazteei zuzendutako jarduera bakarra.

Hasiera-hasieratik, FesTVal jaialdiak arreta berezia eskaini dio telebistari buruzko Gasteizko astearen edizio ugarietan hurbildutako publiko profesionalari. Aurten, ordea, espazio berezia egongo da zinemagile gazteenentzat.

Pixelatu kolektiboari esker, irailaren 5ean, 10 eta 20 urte arteko gazteek bi orduz soinu zinematografiko profesionalaren mundura hurbiltzeko aukera izango dute.

Ikus-entzunezkoaz hitz egitean gutxitan jartzen diogu arreta filmen soinu-munduari, normalean irudia nagusitzen baita, baina film baten sinesgarritasunaren zati handia, hain zuzen ere, soinu-dimentsioaren araberakoa da.

Tailer honetan soinuaren pertzepzioa landuko da eta normalean ikuslea filmetara hurbiltzen den modua eraldatuko da; hala, parte-hartzaileei gonbidapena egingo zaie filmak beste begi batzuekin ikusteaz gain, beste belarri batzuekin entzun ditzaten.

Filma baten soinu-banda osatzen duten soinu guztiak zehatz aztertuko dituzte parte-hartzaileek eta, hala, filma beste modu batean entzuten ikasiko dute eta gai izango dira taldean soinu-banda propioa sortzeko.

Tailerra doakoa izango da helbide elektroniko honetan gonbidapena eskatuta: profesionales@festval.tv