Ikus-entzunezkoen Sektoreko Plataforma Publikoak 160.000 €-ko inbertsioa bideratu du
Zineuskadik, Eusko Jaurlaritza partaide den Ikus-entzunezkoen Sektoreko Plataforma Publikoak laguntzetan 160.000 euroko inbertsioa bideratu du zinema-aretoek Europako eta Iberoamerikako filmen kopietara sarbidea izan dezaten.
Zineuskadik aipatu duenez, hitzarmen horretan jasota dago era berean Zinema Euskaraz programako filmen kopiak alokatzeak eragindako gastuak diruz laguntzeko kontu-saila. Deialdia iaz egin zuten eta jasotako proposamenak eta dokumentazioa aztertu ostean, Zineuskadi Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak laguntzen zerrenda argitaratu du bere webgunean.
Deialdiak laguntzen bi modalitate biltzen ditu. Lehenengoa gehienez hiru pantaila dituzten zinema-aretoetarako da. Baldintza gisa, 2017ko irailaren 1a eta 2018ko ekainaren 30a bitartean, haien programazioaren % 35 Europako edo Iberoamerikako filmek bete behar zuten gutxienez. Guztira, laguntza hori 31 aretok jaso dute eta zenbatekoa 132.000 € artekoa izan da.
Bigarren modalitatean, aldiz, hiru pantaila baino gehiago dituzten zinema-aretoak daude. Haien kasuan, ezarritako epe horren baitan programazioaren % 50 gainditu behar zuten. Kasu honetan, laguntza 5 aretok jaso dute eta laguntza 28.000 €-koa izan da.
Jasotako proposamen guztien artean, guztiek bete dute deialdian ezarritako filmen ehunekoa.