Zineuskadik, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Ikus-entzunezko Sektorearen Plataformak, 160.000 €ko inbertsioa bideratu du Europar Erkidegoko eta Iberoamerikako filmen kopiak zinema-aretoetan proiektatzeko, eta bide batez, Europako zein Iberoamerikako zinema sektorea sustatzeko.
Zineuskaditik argitu dutenez, Zinema Euskaraz programako pelikulen kopien alokairuak eragindako gastuak laguntzeko partida bat sartzen da ebazpenaren barne.
Deialdia joan den urte bukaeran argitaratu zen, eta aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertu ondoren, Zineuskadi Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak diru-laguntzen zerrenda argitaratu du.
Laguntzak bi modalitatetan banatzen dira. Batetik, gehienez hiru pantaila dituzten zinema-aretoak. Laguntza jaso ahal izateko baldintza gisa, 2015eko irailaren 1etik 2016ko ekainaren 30erako tartean, programazioaren % 35 Europako eta Iberoamerikako filmekin osatzea da. 132.000 € bideratu ditu horretarako, eta guztira, 30 zinema-aretok jaso dute laguntza.
Bigarren multzoan, hiru pantaila baino gehiago dituzten zinema-aretoak sartzen dira. Hauen kasuan, epe berean programazioaren % 50 gainditu behar dute Europako eta Iberoamerikako filmekin. Lau aretok jaso dute laguntza hau, eta Zineuskadik 28.000 € bideratu ditu.
Jasotako eskaera guztien artean bakarra geratu da laguntza jaso gabe, filmen programazioak ez duelako ezarritako % 35eko langa gainditzen.