Zineuskadi Durangoko Liburu eta Disko Azokan

Zineuskadi Durangoko Liburu eta Disko Azokan

2016 Azaroa 30

Marrazki bizidunen eta bikoizketa tailerrak antolatu eta hiru filma eskainiko ditu

Azkeneko edizioetako ohitura errepikatuz, Zineuskadik hainbat ekimen antolatu ditu ostiralean, abenduaren 2an, hasiko den Durangoko euskal Liburu eta Disko Azokan. Topagunearekin elkarlanean marrazki bizidunen tailerra, bikoizketa tailerra eta Zinema Euskaraz programari esker bikoiztutako haurrentzako hiru pelikulen emisioa, hain zuzen.

Bi tailerrak ostiralean egingo dira. Goizean, 14-16 urte bitarteko gazteekin marrazki bizidunen tailerra izango da. Hiru txandatan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek marrazki bizidunak nola egiten diren ikusteko aukera izango dute.

Tailerra EHUko Arte Ederretako irakasleek emango dute, eta Zineuskaditik azaldu dutenez, “gazteak animazioaren munduan sartzeko aukera izango dute. Tailer praktikoa izango da; pika pika izeneko teknika ezagutuko dute, hau da, linterna batzuekin marrazkiak egin eta taldean animazioa osatuko dute”.

Arratsaldean bikoizketa tailerraren txanda izango da. Helduei zuzendutakoa izango da, ikusentzunezkoetan adituak diren Mixer enpresako profesionalek egingo dute gidari lana. Bikoizle profesionalen eskutik, telesail edo filmetako pasarteak bikoizteko prozesua ezagutuko dute.

Ordu eta erdiko bi saio izango dira, eta bikoizketa lanak eskatzen dituen irakurketa, entsegu, ahots bilaketa eta interpretazio faseetan murgilduko dira.

Zinema Euskaraz Tailerrez gain, Irudienea guneak Zineuskadik kudeatzen duen Zinema Euskaraz programako hiru film hartuko ditu abenduaren 4an, 5ean eta 6an: Pixkanaka-Pixkanaka, Marko Makako eta Pan, sekula betirako bidaia.

Hiruretan lehena Pixkanaka-Pixkanaka izango da (abenduak 4, igandea, 16:00etan). 2-4 urte bitarteko haurrei zuzendutako pelikulak sei istorio poetiko gozo eta dibertigarri ekarriko ditu, zenbait pertsona eta animaliaren gorabeherak kontatuz: ozeanoan bizi den kartoizko mutiko batena, ilargira heldu nahi duenarena edota oihaneko zarata arraro batek harrituta dauzkan animalia batzuena.

Marko Makako (abenduak 5, astelehena, 15:00) bere ametsetan, krimen handiak argitzen dituen polizia atsegina da. Errealitatean, ordea, uharte tropikal lasai bateko hondartzain arduratsua baino ez da, eta Karlo bere uhartera iristean bere ametsak ez zapuzteko ahalegina egin beharko du, Karlok kasino bat eraiki eta bere burua uharteko presidente izendatu nahiko baitu. Pelikula 4-8 urte arteko neska-mutilei zuzenduta dago.

Pan, sekula betirako bidaia (abenduak 6, asteartea, 14:30) 8-12 urteko haurrei zuzendutakoa da. Peter, 12 urteko mutil pikaro eta bihurria da. Londresen bizi den umezurtz etxe goibel eta tristean, ordea, ez dituzte ezaugarri horiek gogoko. Bizitza guztia bertan pasa ondoren, ezin sinetsiko gau batean bidaia zoragarria hasiko du fantasiaz beretiko mundura, Sekula Betira.